'Pentsaketan' saioa BERRIAn ere entzun ahalko da gaurtik aurrera

Hilean behin, gizarte gai baten inguruko solasaldia egiten dute Txomin Poveda soziologoarekin eta Pauline Guelle politologoarekin.

Txomin Poveda, Jose Luis Aizpuru eta Pauline Guelle. KANALDUDE
Txomin Poveda, Jose Luis Aizpuru eta Pauline Guelle. KANALDUDE
urtzi urkizu
2025eko martxoaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Irratiek —Gure Irratia, Antxeta Irratia, Irulegiko eta Amikuzeko Irratia, eta Xiberoko Botza— eta Kanaldudek bat egin zuten ikasturtearen hasieran, Pentsaketan izeneko egitasmoa sortzeko. Jose Luis Aizpuru Euskal Irratietako kazetariak gidatuta, hilean behin solasaldi bat egiten dute Pauline Guelle politologoarekin eta Txomin Poveda soziologoarekin. Hedabide horietan ez ezik, gaurtik aurrera BERRIA egunkariaren webgunean ere entzun ahalko dira atalak.

Aizpuruk azaldu duenez, Povedarekin izandako solasaldi baten ondorioz sortu zen egitasmoa. «Nahi genuen aktualitate berotik kanpo ziren gaiak molde lasai batean irratian aipatu. Eguneroko solasaldietan aipatzen diren gaiei heldu nahi genien, edonola ere, denbora hartuz eta gogoetarako tarte bat emanez». Pauline Guelle Zuzenbidean doktorea da, eta hari deitzea «interesgarria» iruditu zitzaion kazetariari. «Povedari eta Guelleri proposatu nien, orduan, irrati emankizun bat egitea, gaiei denbora eskainiz». Ondotik, Kanalduderi egin zieten proposamena, emankizunak filmatzeko. Bideopodcast formatua hartu zuen Pentsaketan solas tarteak.

Lehen atalen gaiak honako hauek izan dira: Demografia eta migrazioak; Etxebizitzaren arazoa; Lurraldetasuna eta nortasuna; Ezkerra krisian ote da?; eta Parekotasuna eta feminismoa.

Ekainera arteko gaiak

Ikasturtea amaitu arteko gaiak finkatuak dituztela iragarri du Aizpuruk. «Martxoaren amaieran, unibertsitatea eta formakuntza izango dugu hizpide. Euskarazko eskaintza ere aztertuko dute solaskideek. Gainera, ikasle asko Iparraldetik Frantziara joaten dira ikastera, eta gero ez dira itzultzen». Apirilean, demokrazia arriskuan ote den argitzen saiatuko dira, «azkeneko hilabeteetako joera totalitaristak aintzat hartuta». Maiatzean, lanetik kanpoko denbora librea herritarrek nola erabiltzen duten aztertuko dute. Eta denboraldiko azkeneko atala, ekainekoa, bortizkeriaren ingurukoa izango da.

Esperientzia «oso interesgarria» izaten ari dela aipatu du Euskal Irratietako kazetariak. «BERRIAri esker, orain gehiago zabalduko da. Guretzat plataforma biziki interesgarria da BERRIArena». Saioa irrati bidez, telebista bidez eta Interneten hedatzen da. «Saioan hor diren gogoetak elkarri kontatzea da xedea. Gai sakonak dira, eta bi solaskideek gogoetaren inguruan lan egiten dute», gaineratu du Aizpuruk.

Pentsaketan saioko gidariak azaldu du aurretik ez zituela askorik ezagutzen bi solaskide finkoak. «Baina orain elkarrekin prestatzen dugu saioa: gidoiari begira, gaia nola enfokatu aztertzen dugu, zer ikuspuntutatik landu, eta azpigaiak ere nola ukitu. Elkar ezagutzen ari gara, eta konfiantza sortu da hiruren artean».

Atal bakoitza ostiral goizez estreinatzen dute Euskal Irratiek, baina lehenbizi hogei minutuko laburpena egiten dute. Handik hiru egunera zabaltzen dute emankizun osoa —ordubete ingurukoa—, astelehen iluntzean, irratietan eta Kanalduden. BERRIAn osorik entzun ahalko dira atalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.