Zinemagilea eta ekoizlea

Ander Iriarte: «Pena da ETBk dokumentala ez ematea, publiko mota batengana ez baita iritsiko»

Torturaren aurkako eguna da gaur, eta 'Karpeta urdinak' dokumentala doan dago ikusgai jada Youtuben, Primeran plataforman eta Hamaikaren webgunean (filma ikusgai elkarrizketaren amaieran).

Ander Iriarte, 'Karpeta urdinak'-en aurkezpenean.
Ander Iriarte zinemagilea eta ekoizlea. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
Errenteria
2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Nekatuta dago Ander Iriarte zinemagile eta ekoizlea (Oiartzun, Gipuzkoa, 1986). Nekatuta ahalegin «oso handia» izan delako harentzat Karpeta urdinak dokumentalaren proiektua aurrera eramatea, eta, estreinatu ostean, han-hemen ibili delako lana aurkezten. Torturaren gaia plazaratzen. Denen eskura dago orain filma.

Ehun emanaldi, 23 jaialdi, zazpi sari.... Horren guztiaren ostean, herritarren esku utzi duzue gaur dokumentala. Zer sentimendu dituzu?

Ibilbide luzea izan da. Batetik, pisu bat kentzen dudala sentitzen dut. Sei urte eman nituen dokumentala aurrera ateratzeko, ikaragarri kostatu zitzaidan gauzatzea, eta bira duin bat egin nahi genuen. Plazetara joan nahi nuen, jendearekin partekatu, eta aukera eman jaialdietan zabaltzeko. Pozik gaude izandako lorpenekin. Baina helburua beti izan da ahalik eta jende gehiagorengana iristea, eta beti izan dut gogoa dokumentala libre izan zedin. Pozik eta lasaituta ere banago, gaia ez baita samurra; laurogei emanalditan parte hartu dut, eta gogorra izan da. Batzuetan oso hunkigarria izan da.

Proiektuak izan zituen oztopo batzuk, ezta?

2017an gidoiaren laguntza jaso genuen, eta 2018ko Donostiako Zinemaldian dokumental proiektu onenaren saria jaso genuen. Baina ez zen estreinatu 2022ko irailera arte. Denbora eta esfortzu asko eskatu zizkidan, eta batzuetan ematen zuen amaierarik ez zeukala. Baina egin genuen, eta aske da.

Ikus-entzuleen aldetik zer lelo orokor jaso duzu torturaren inguruan?

Pozten nau jende askok esan izanak filma berriro ikusi nahi duela. Hainbatentzat dokumentala berriro ikusteko modukoa da. Eusko Jaurlaritzak torturaren inguruan egin zuen txostena zabaltzeko helburua hor dago. Eta gelditu zaidan sentipena da 2016an izan nuena: herritarrek ulertzen dutenean hemen benetan gertatu dena sakonean, eta txosten horrek esaten duena, beste dimentsio bat hartzen du torturaren gaiak. Hitz egiteko espazio baten beharra sortzen du. Filma ez da zentratzen izen handietan. Hemen gertatu den giza eskubideen urraketa handia azaleratzen du; esango nuke gizateriaren aurkako krimen bat gertatu dela.

Jaialdietan zein izan da unerik hunkigarriena?

Mexikoko Cinetecan proiektatzea sekulakoa izan zen. Baina izan dudan unerik hunkigarriena Documenta Madrid jaialdian izan zen: Madrilen zen, horrek duen pisuarekin, Sail Ofizialean. Aretoa bete-beteta zegoen, eta, filma amaitu zenean, publikoa Bastilla hartzeko moduan zegoen. Ezin zuten sinistu nola euren aurpegiaren aurrean adarra jotzen ibili diren. Nola gertatu den hori inpunitate horrekin, eta engainatuta sentitzen ziren. Jaialdiaren izaeragatik, ikusle asko ez ziren motibazio politikoengatik joan ikustera. Publikoaren saria irabazi genuen, eta jaialdikoek esan ziguten pozik zeudela saria irabazi genuelako. Madrilgo publikoak torturatu guztiei esan zien sinesten dituztela, eta hori da niretzat garrantzitsuena.

Dokumentala Primeran plataforman jarriko dute gaur, baina ETBren telebista konbentzionaleko emisioan ez da ikusiko. Zer diozu hortaz?

Apur bat gazi-gozoa da niretzat ETBren erabakia. Alde batetik, pozten nau Primeran-en jartzeko data otsailaren 13a izatea, eta horrek erakusten du borondate bat dagoela torturaren aurkako egunean salaketa bat egiteko. Baina, beste alde batetik, telebista konbentzionalean ez jartzeko erabakiak bi albo kalte dauzka: batetik, pena da, ez delako publiko batengana iritsiko. Nire amarengan eta aitarengan pentsatzen dut, eta haiek telebista konbentzionala ikusten dute oraindik ere: ez dute Primeran-en aplikazioa. Publiko handi batengana ez da iritsiko; gizarte zaharkitu honetan, zenbaki deigarria izango da.

«Primeran-en moduko plataformek ez digute euro bakar bat ere ematen. Galera bat gehiago da hori gure poltsikoarentzat»

Zein da beste albo kaltea? Ekonomikoa?

Gaur egun, autoreek —gidoilariek eta zuzendariek— badauzkagu autore eskubide batzuk, eta elkarte batzuek kudeatzen dituzte. Film bat emititzen duten telebistaren eta orduaren arabera, egileek diru bat jasotzen dugu. Dudan informazioaren arabera, Primeran-en moduko plataformek ez digute euro bakar bat ere ematen. Galera bat gehiago da hori gure poltsikoarentzat.

Telebistako emanaldietan zenbateko etekina izaten zenuten?

Ez da etekin finko bat. Hainbat faktore izaten dira tartean: ordua, publikoa eta kanalaren ratioa. Nire aurreko obra batzuk ETB1en eta ETB2n emititu zirenean dirua jasotzen nuen. Dokumentala zuzenean plataformara badoa, diru hori ez da sartzen. Ordainpeko plataformetatik jasotzen dugun sosa ez da nahikoa hilabeteko kafeak ordaintzeko.

TV3eko Sense ficció saioan euskarazko hainbat dokumental eman dituzte. Hor ematea izan al daiteke aukera bat?

TV3ekin zerbait bitxia gertatu zitzaigun: duela urte eta erdi gurekin harremanetan jarri ziren, eta TV3eko arduradun batek Amsterdamgo IDFA jaialdian [munduko garrantzitsuenetakoa] ikusi zuen. Esan ziguten filma erosi nahi zutela, eta ordubetera murriztu nahi zutela. Guk esan genien dokumentala bi orduan emateko. Azkenean, esan genien jaisteko ordubetera, eta, gero, ikusi zuten ezinezkoa zela ordubetera jaistea. Horregatik ez dute TV3en emititu.

Kanalduden ikusgai dago dokumentala. Kanaldude eta BERRIA izan dira dokumentaleko babesleetako batzuk. Zer nabarmenduko zenuke herritik sortutako hedabideen rolaz?

Zorionez, Euskal Herriak badu mugimendu zibil oso indartsua. Batzuek esaten dute ez dela normala daukagun bizi kalitatearekin hainbeste greba egotea, eta nik esango nuke hainbeste greba egiteari esker daukagula daukagun bizi kalitatea. Hainbeste mugimendu eta inplikazioei esker, onura asko ematen dizkiguten herri ekimeneko komunikabideak dauzkagu. Hainbat hedabidek eman digute babesa, eta zerrendarekin ez nuke amaituko.

«Zinema egitea ekintza heroiko bat da. Eskatzen duen sakrifizioa ikaragarria da, begiratzen duzun tokitik begiratzen duzula».

Euskal zinema garai gozoan dela diote hainbatek. Baina sektoreko jende askok esaten du zailtasun asko daudela zinema egiteko.

Zinema egitea beti da ekintza heroiko bat. Eskatzen duen sakrifizioa ikaragarria da, begiratzen duzun tokitik begiratzen duzula. Egoera samur eta hoberenetan ere bai. Baina gai batzuekin are zailagoa da.

Torturaren inguruko dokumental gehiago iritsiko dira etorkizunean?

Bai. Guk aurten estreinatuko dugu Indarkeriaren oihartzunak izeneko dokumentala; Tamara Iruretagoienaren ibilbidea kontatzen du, torturapean hil zuten Esteban Iruretagoienaren biktima izaera onartzeko artekoa. Amaia Merinok eta biok zuzendu dugu filma, eta ETBren eta Gogoraren babesa baditu. Ez dakit torturapean hil den bakoitzaren inguruan dokumental bat egin daitekeen; agian, bai, horrela sentitzen baldin bada. Fikzioan zerbait esanguratsua egin beharko litzateke. Patria telesailean agertu zen tortura, baina oso-oso gutxi izan zen, azalekoa zen aipamena. Fikzioa urrutira iritsi ohi da. Beharko genuke gure In the Name of the Father fikzioan.

Karpeta urdinak dokumentala osorik ikus daiteke, hemen behean:

Karpeta urdinak dokumentala, osorik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.