«Oso garai larrian dago prentsa askatasuna». Euskal PEN klubeko presidente Laura Mintegiren hitzak dira. PEN gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta adierazpen askatasunaren alde lan egiten du —munduan lehen taldea sortu zutenetik ehun urte bete ziren iaz—. PENek kontsultarako harremanak ditu Unescorekin, eta, hain zuzen ere, Unescok eta Nazio Batuen Erakundeak Prentsa Askatasunaren Munduko Eguna izendatu zuten maiatzaren 3a, 1993an. Unescok adierazi du gaurko eguna aproposa dela prentsa askatasunaren aurkako urraketak gogoratzeko, eta nazioarteko konferentzia bat antolatu du aste honetarako, Uruguain.
Mintegik harremana du herrialde askotako PEN kluben ordezkariekin, eta kezkagarritzat jo du egoera: «Inflexio puntu bat egon zen 2001eko irailaren 11n, eta, orduz geroztik, atzerantz egin da mundu osoan. Ustez demokrazia sendoak direnetan ere bai».
Pablo Gonzalez kazetariaren adibidea agerikoa da. Bi hilabete eta bost egun joan dira Poloniako zerbitzu sekretuek atxilo hartu zutenetik. Behin-behinean preso dute orduz geroztik, eta espioitza delitua leporatzen diote. Hilaren 29an amaituko da haren behin-behineko atxiloaldia; Poloniako Gobernuak ez du aurkeztu haren aurkako frogarik. Kazetari eta elkarte ugarik eskatu dute hura askatzeko. Poloniako autoritateek datozen asteetan jakinarazi beharko lukete zer gertatuko den Gonzalezen egoerarekin.
Euskal Herriko bi kazetari hil egin zituzten iazko apirilaren 26an, Burkina Fason: David Beriain eta Roberto Fraile. Parke naturaletako isileko ehizari buruzko dokumental bat grabatzen ari ziren.
Ukrainako gerra
Prentsa askatasunaren aurkako erasoak herrialde askotan gertatzen ari dira azkeneko hilabeteetan. Esate baterako, Ukrainako gerran 21 kazetari hil dituztela salatu berri du PEC gobernuz kanpoko erakundeak.
Euskal Herrian ezin dira ofizialki Errusiako hedabide gehienak kontsumitu. Eta Errusian bizi diren kazetariei lege zorrotz eta murriztaileak ezarri dizkiete. Mintegik historian errepikatu izan den esaldi bat gogoratu du: «Gerretan, lehen kaltetua egia izaten da. Nabarmena da Ukrainako gerran informazioa eta manipulazioa arma bat direla».
PEN klubaren ordezkariak hausnarketa hau egin du Euskal Herrira iristen den informazioaren inguruan: «Errusian informazio askatasuna nabarmen murriztu da, baina hemen ere bai. Kontua da jendeak kontatzen didala telebistan eta sarean ikusten duena egia absolutua balitz moduan. Baina Moskun bizi den gertuko batekin hitz egiten dut, eta ez dakit egia non dagoen».
Gaurko egunari dagokionez, Mintegiri iruditzen zaio halakoek «kontu onak eta hipokritak» izan ohi dituztela. «Arreta pizteko modu bat da. Baina egun batek ez du konponduko 365 egunetako egoera. Etengabekoak dira erasoak». Adierazpen askatasuna mugatzen denean autozentsuran ere eragiten dela nabarmendu du idazleak. «Egileek murriztu egiten dute gaitegia; gero, zer esan daitekeen eta zer ez; eta zer publikatuko dugun non».
Euskal PEN klubari kostatu egin zitzaion Euskal Herrian prentsa askatasunaren aurka gertatutako eraso larri batzuk munduko herrialde batzuetan azaltzea. «Egin-ekin, Euskaldunon Egunkaria-rekin eta Ardi Beltza-rekin gertatutakoa kontatu, eta batzuek zalantzan jartzen zuten: esaten zuten demokrazia sendo batean ez dela halakorik gertatzen». Katalunian gertatutakoak gertatu ostean, batzuk hasi dira Euskal PEN klubekoek kontatutakoak sinisten. «Hasi dira konturatzen euskaldun haiek esaten zuten hura, agian, egia dela estatu espainiarrean».
Bestalde, mundu osoko taldeak ados jarri ziren PEN klubean, gai baten inguruan. «Definitu zen terroristak direla terrore ekintzak egiten dituztenak —lehergailu bat jartzea izan daiteke hori—. Prozesu luze baten ostean, onartu zen artikulu bat idaztea ez dela inoiz terrore ekintza bat». Adierazpen askatasunaren mugarekin eztabaidak dituzte, herrialde batzuetan blasfemiak ez dituztelako onargarritzat jotzen.
PEN klubaren arabera, prentsa askatasunak atzerantz egin du
Prentsa Askatasunaren Munduko Eguna da gaur. Euskal PEN klubeko Laura Mintegik dio egoerak okerrera egin duela 2001etik hona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu