'Pasapalabra'-ko azken proba kentzeko zigorra jarri diote Antena3i

Espainiako kate pribatuak esan du 'Gurpila' orain arte bezala emititzen jarraituko duela

Orestes Barbero eta Rafa Castaño Pasapalabra lehiaketako aurkezleak. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Ez dira berriak Pasapalabra lehiaketako azken proba edo Gurpila-ren inguruko afera judizialak, baina ez dira amaituko berehala. Bartzelonako Probintzia Auzitegiak Atresmedia taldea zigortu du, eta Pasapalabra lehiaketako Gurpila proba kentzera behartu. Antena3 kateak (Atresmedia) ematen du saio hori, eta auzitegiak beste zigor bat ere jarri dio komunikazio taldeari: 50.000 euroko kalte ordaina ematea Herbehereetako MC&F enpresari. Izan ere, MC&Fk dio bereak direla Gurpila-ren eskubideak, eta horregatik jarri zuen salaketa auzitegietan.

Antena3ek adierazi du Pasapalabra-ko azken proba lehengo moduan ematen jarraituko duela, behin betiko sententzia atera arte.

Auzia Espainiako Auzitegi Gorenera iritsiko dela argitaratu dute hainbat komunikabidek, eta horrek denboran asko luzatuko du auzia. Beste bi edo hiru urte pasatu daitezke azken epaia iritsi arte, eta, bitartean, litekeena da Antena3ek lehiaketa orain arte bezala ematen jarraitzea. Dena den, MC&F ekoiztxeak kautelazko neurriak hartzeko eskatuko balu, eta auzitegiek onartuko balute, Antena3ek beste erabaki bat hartu beharko luke.

Bartzelonako Probintzia Auzitegiak epaian jaso duenez, Gurpila Reto Luigi Piantak eta Rene Mauricio Loebek sortu zuten, eta, Jabetza Intelektualaren Legeak babestuta, eskubideak MC&F ekoiztetxearenak dira. Atresmediak Erresuma Batuko ITV katearekin akordio bat du lehiaketa emititzeko, baina auzitegiak uste du Herbehereetako ekoiztetxearen eskubideak urratu dituztela. Epaian, halaber, jaso dute zigorraren berri eman behar duela Antena3ek.

Eskubideen aferan atzera joz gero, 2019an, Espainiako Auzitegi Gorenak lehiaketa kentzera behartu zuen Tele5 katea, ITV katearen salaketari arrazoia emanda. Gero, Antena3ek akordio bat lortu zuen ITVrekin, eta horri esker ari da lehiaketa emititzen.

Zabaldu den auzibide berriari dagokionez, Espainiako Auzitegi Gorenak MC&Fri arrazoia ematen badio, lehiaketaren emankizunetan eragina izango du, baina ez bakarrik Espainiako katean, baizik eta herrialde guztietako bertsioetan.

Euskal Herrian ikusle ugari

Pasapalabra lehiaketak jarraitzaile asko ditu Hego Euskal Herrian. Tele5k ematen zuenean, egun askotan izaten zen egunean gehien ikusitako emanaldia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala da orain ere, Antena3en. 100.00 ikus-entzule baino gehiago bereganatzen dituzten programa bakanetakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.