Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (XI). Nagore Vega. 'Oarso Bidasoko Hitza'-ko zuzendariordea

«Parte hartzea lortzeko, hainbat modutan probatu behar da»

Gazteengana heldu behar dela dio Vegak, haiek baitira etorkizuneko irakurleak.

ITSASO GARAIAR.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Komunikazio munduarekin duen kezka dela-eta sortu zuen Iban Izarekin Zentik.info bloga. Teknologia berriez, berriz, astero idazten du Boga-n Nagore Vegak (1985, Oiartzun, Gipuzkoa).

Zergatik hartu zenuen @Muxkilla ezizena Twitterren?

Muskilda-tik dator. Muskilda birjina bat da; mendi bat eta izena ere bai.Oiartzunen esaten dugun muxkilla-ren antza dauka. Muskiltzeak hostoak ateratzea esan nahi du, sortzea, haztea, agertzea, ateratzea…

Oarso Bidasoko Hitza-n nola erabiltzen dituzue sare sozialak?

Zortzi webgune ditugu. Zazpi herrietakoak: Irun, Hondarribia, Hendaia-Pausu-Biriatu, Oiartzun, Lezo, Errenteria-Orereta eta Pasaia. Beste bat, orokorra: Oarso Bidasoko Hitza-rena. Horrek gainontzekoen albiste guztiak batzen ditu. Horrez gain, Boga astekariaren webgunea ere badugu. Webgune horietako bakoitza bi sare sozialekin dago lotuta: Facebookekin eta Twitterrekin. Guk albiste bat idaztean, webgunean publikatu bezain laster bi sare sozial horietara iristen da. Guk argitaratutako albiste guztiak, halaber, Berriketan.info-ra doaz zuzenean. YouTubeko kanala eta Qik-ekoa ere baditugu. Jendearekin hartu-emana izaten saiatzen gara mezuen eta iruzkinen bidez.

Tokiko prentsarentzat garrantzitsuak al dira sare sozialak? Nola lor daiteke irakurleekiko hartu-emana?

Erabiltzaileen joerak ikusita, jendearengana iristeko garrantzitsuak dira orain, ez bakarrik tokiko prentsarentzat. Gure kasuan, edukiak zabaltzeko balio dute, zugana berez jotzen ez duen jendearengana iristeko eta irakurleekin komunikatzeko ere bai. Hartu-emana lortzea, horixe da gakoa. Jendea gure proiektuan sartzen ahalegintzen gara. Ez dugu nahi albistea bota eta atsegin dut batekin geratu. Erabiltzaileek iruzkinak egitea nahi dugu, gertaeren berri ematea, argazkiak bidaltzea… Horiek lortzen saiatzen gara galderak botata, parte hartzeko eskaerak eginez, lehiaketak, inkestak… Kostatzen ari zaigu parte hartzea eta hartu-emana lortzea. Etengabe jardun behar da eta hainbat modutara probatu.

Haritz Rodriguezek esan zigun jakin behar dela sare sozialetan nola eta zertarako egon. Ados zaude?

Bai. Eta jakin behar da sare sozial bakoitza zertarako den edo zertarako erabili. Facebook pertsonalagoa da, pribatuagoa, eta lagunekin erabiltzen dut gehienbat. Twitter profesionalagoa iruditzen zait, ez hain pribatua. Informazio iturritzat daukat. Jasotzeko eta emateko. Lanean, gainera, oso baliagarria zait, eta harreman profesionalak egiteko ere balio izan dit. Interesatzen zaizkidan edo lanerako beharrezkoak ditudan hedabideei erreparatzen diet, batetik. Horrez gain, pertsona interesgarriak identifikatzea garrantzitsua iruditzen zait. Zerbait eskainiko didaten pertsonei jarraitzen ahalegintzen naiz.

Nola ikusten duzu kazetari gazte baten ikuspuntutik kazetaritzaren etorkizuna?

Prentsaren krisia ikusten dut, baina komunikazioak gero eta indar handiagoa du, eta gero eta esparru gehiagotan hartzen dute aintzat. Egunkari gutxiago erosten dira, baina beste bide batzuetatik informazioa bilatzen jarraitzen du jendeak. Nire iritziz, gauza asko daude egiteko sarean eta multimedia komunikazioan.

Charo Sadaba Nafarroako Unibertsitateko irakaslearen arabera, gazteak dira espazio mediatiko berriko giltzarri. Ados zaude? Zergatik?

Bai. Gure lanari dagokionez, garrantzitsua da jendea dagoen tokietara iristea, eta horregatik baliatzen ditugu sare sozialak. Ahalik eta jende gehienarengana iristea da helburua, eta gazteak dauden tokietara ere iritsi behar dugu. Batetik, gazteengana heldu behar dugu, haiek izango baitira etorkizuneko irakurleak, entzuleak, ikusleak eta erabiltzaileak. Aintzat hartu behar dugu haiek aurreko belaunaldiak baino prestatuago egongo direla, ohituagoak teknologia berrietan. Gainera, gazteek izango dute espazio mediatiko horretara zer ekarri.

Blackberryk aste honetan jarri du Twitter euskaraz. Gailu eta ordenagailu guztietan noizko?

Nik ez dakit noizko, baina Blackberryk egin badu, besteei ere ez zaie asko kostatuko, ezta?Twitter euskaratzea garrantzitsua iruditzen zait. Erraldoiek ohartu behar dute euskara eta euskal kultura badaudela. Erabiltzaileei euren hizkuntzan aritzeko aukera eman behar diete, eta beste hizkuntzetako erabiltzaileei ere jakinaraz diezaietela badagoela euskara izeneko hizkuntza bat erabiltzaile aktiboak dituena, kultura bat eta herri bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.