«Freskoagoa eta erakargarriagoa». Horrelakoa da Urola Kostako Hitza gaurtik aurrera,Onintza Lete zuzendariak ziurtatu duenez. Izan ere, paperezko eta sareko edizioak berritu dituzte, diseinua eta edukia aldatuz. Internetekoa moldatu dute gehien. «Kalitate bera paperean, atal berriak webgunean». Hala laburbildu dute emaitza. 2015ean Hitza guztiak eraberrituko dira, egungo errealitatera hobeki egokitzeko asmoz, eta Urola Kostako Hitza-ren aurpegi berria ere prozesu horren parte da.
«Azala ikusgarriagoa da, indartsuagoa. Maketazio aldetik, estilo libreagoa du; joera berriekin batera doa». Argi dauka Letek erakargarritasuna irabaziko duela produktuak: «Informazioa emateak bezainbeste garrantzia du emateko moduak». Maketazioaren zurruntasuna alde batera utzi, eta era «askeago batean» ibiliko direla ziurtatu du.
Interneteko eraberritzea da egin duten apustu handiena. Urolakosta.hitza.eus helbidean, «ahalik eta produktu osatuena» eskaintzen saiatuko dira hemendik aurrera.
Iritzi eta bideo gehiago
Horretarako, atal berriak zabaldu dituzte: esaterako, agenda eta Hara! bitxikerien atala gaineratu dituzte, eta multimedia atalari indar berezia eman diote. Gainera, ikus-entzunezko lanei dagokienez, bi sail bereizi dituzte: batetik, Hitza-k berak egindako bideoak jarri dituzte; eta bestetik, eskualdearekin lotutakoak txertatu dituzte, hala nola dokumentalak, bideoklipak eta film laburrak. Ildo beretik, iritziari eskainitako gunea ere ireki dute. Bertan bilduko dituzte irakurleek bidalitako mezuak eta txandaka bost pertsonak idatzitako Bostekoa iritzi artikulua.
Bestalde, hasierako orrian, informazioa hierarkizatuko dute, garrantzitsuena goian ipiniz eta gainontzeko berriak gaika ordenatuz. «Lehenengo begi kolpean ikustekoa izatea nahi dugu». Ikusgarritasun hori formatu guztietan bermatu nahi dute, bai ordenagailuan, bai telefonoan, bai tabletan ere. Hiruretatik bisitatu daiteke orria, eta sakelako bertsioa fintzeko asmoa dute. «Sarean nabigatzeko era berriak sortu dira, webguneak eta forma berriak, eta egokitu nahi dugu».
Sare sozialei ere erreparatu diete. Letek jakinarazi duenez, bisita «asko» heltzen zaizkie Twitter eta Facebook bidez; horregatik, plataforma arteko hartu-emana zaintzen ahalegindu dira. Era horretan irakurle berriengana heltzea da xedea, eta, bide beretik, jada produktua jasotzen duten irakurleak are gehiago sendotzea. Garai berrietara egokitzeko itxuraldaketa ere bada. «2015ari behar den bezala harrera egiteko era da».
Paperezkoa eta webgunea berritu ditu 'Urola Kostako Hitza'-k
Gaur aurkeztuko dute Interneteko atariaren diseinu berria, baita paperekoa ere.Eskualdeetako 'Hitza' guztiak berritzeko prozesuaren parte da itxuraldaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu