Pablo J. Boczkowski. Northwestern Unibertsitateko irakaslea

«Paperezko hedabideek bizirik iraungo dute luze gabe»

EHUk antolatutako Ziberkazetaritza Biltzarrean parte hartu du Boczkowskik. Hedabideen kontsumo joerak ikertzen ari da, eta Center for Latinx Digital Media zentroa sortu du AEBetan.

BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Pablo J. Boczkowski (Buenos Aires, 1965) psikologiako doktorea da Belgranoko Unibertsitatean (Argentina), bai eta zientzietako eta teknologiakoa ere Cornellgo Unibertsitatean (AEB). 26 urte dira AEBetan bizi dela, eta Evanstonen (Illinois) egiten du lan.

EHUk gonbidatuta, hedabideen gaur egungo egoeraz eta audientzien bilakaeraz aritu zara. Aldaketa asko ari dira gertatzen denbora gutxian, ezta?

Bai, oro har, komunikabideak egoera zailean bizi dira bideragarritasun ekonomikoaren ikuspuntutik. Audientziek kontsumo praktikak aldatu dituzte: ez diote behar adina denbora eskaintzen kazetaritza informazioari.

Albiste faltsuen eta desinformazioaren gaia pil-pilean dago. Nola eragiten dio horrek hedabideen sinesgarritasunari?

Hedabideen sinesgarritasunak beheranzko joera zeraman, eta horretan jarraitzen du mundu osoan. Sinesgarritasunik ezaren soroa hor dagoenez, desinformazioak gogorrago jotzen du.

Zenbaitetan Interneteko sareetan oso bizkor zabaltzen dira albiste faltsuak.

Bai, baina bereizi egin behar da biral bihurtzen dena eta sinesten dena. Herritarrek ez dute derrigor sinesten sareetan ikusten duten oro. Benetakoa ez den zerbait partekatzeak ez du derrigor esan nahi hori egiatzat hartzen denik.

Zenbait herrialdetako gobernuak neurriak hartzen ari dira albiste faltsuak kontrolatzeko.

Alemanian eta Frantzian zenbait lege onartu dituzte. Adierazpen askatasunaren eta zentsuraren arteko oreka da gakoa. Informazio ekosisteman babestu egin behar da. Kasuz kasu begiratu behar da, baita plataformaz plataforma ere. Arautzen denean, herrialde bakoitzaren kultura mediatikoa hartu behar da aintzat.

Munduan globalki funtzionatzen duten sare sozialek eragin handia dute. Zein dira abantailak eta arriskuak?

Historian inoiz ez da egon hedabide bat Facebookek duen zabalkundea duena. Horrek desafio berriak sortzen ditu, baina baita aukerak ere. Herri mugimendu asko baliatu dira horrelako plataformez: zenbait herrialdetan, mugimendu feministak eta indarkeria matxista isilarazi egin dituzte hedabide tradizionalek. Facebookek eta halako sareek aukera eman diete mugimendu feministei hobeto antolatzeko. Garrantzitsua da plataformetako albiste faltsuez hitz egitea, baina baita komunikabide tradizionalek historikoki nola lehenetsi dituzten ere aktore sozial batzuk, eta nola beste batzuei kalte egin dieten.

Argentinako egoera nola ikusten duzu?

Krisialdi ekonomiko oso indartsua dago: herritarren %41 pobrezia mailatik behera daude. Pandemiak are gehiago okertu du egoera. Publizitate bidezko sarrerek beherantz egin dute, eta horrek zuzenean eragiten die hedabideei. Pandemiak auzia plazaratu du: digitalean hartzaileak ugaritu zaizkien arren, nola manten daitezke hedabideak ekonomikoki? Latinoamerikako herrialde askotan ekonomiak kili-kolo dabiltza, eta horrek hedabideen bideragarritasunean ageriko eragina dauka.

Kontsumo joerak ikusita, egunkarien paperezko edizioek bizirik iraungo al dute?

Paperezko hedabideek bizirik iraungo dute luze gabe. Baina funtsezko galdera da nola iraungo duten bizirik luzaroan. Murriztuzjoan dira, eta litekeena da gehiago murriztea. Egunkari askok irakurle gehiago dituzte Internet bidez paperean baino, baina negozio eredua desberdina da batean eta bestean; Interneten publizitateko sarrera asko Facebookera eta Googlera doaz. AEBetan, edizio digitalen trafikoaren %66 Facebookera eta Googlera doaz; ondorioz, iragarleek Facebooken eta bilatzaileetan jartzen dituzte iragarkiak.

Center for Latinx Digital Media zentroa sortu zenuen iaz. Zer lan ari zarete egiten?

Ni naiz zuzendaria. Ikertzen ari gara Amerika osoan komunitate latinoek hedabide digitaletan nola funtzionatzen duten. Migrazio mugimenduek eragin handiadute kontsumoetan. Mintegi birtual doakoak egiten ditugu astero, podcast bat egiten dugu, baita bestelako ikerketa batzuk ere. Evanstonen ari gara, eta 30 herrialdetako bisitariak izan ditugu mintegietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.