'Gara' egunkariko zuzendaria

Iñaki Soto: «Papereko prentsa idatziak etorkizun zaila izango du»

'Gara' egunkariak 25 urte bete ditu berriki. Iñaki Sotok hamahiru urte daramatza zuzendari, eta hedabidea «transmedia sistema digital» bilakatu dela azaldu du.

Iñaki Soto, Garako zuzendaria
Iñaki Soto 'Gara' egunkariko zuzendaria. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko otsailaren 10a
05:00
Entzun

Filosofian lizentziaduna da Iñaki Soto (Iruñea, 1975). Gara-ren Donostiako erredakzio berrituan, Naiz Irratiko estudioek eremu bat hartu dute —lehen bulego batzuk zeuden tokia—. Eta erredakzioan daude integratuta Naiz Irratirako lanean ari direnak ere. Erredakzioaren osaketak agerian uzten du Gara ez dela soilik paperezko egunkari bat. Agerikoa da, halaber, Soto filosofiako ikasketetatik datorrela, eta ez kazetaritza fakultatetik.

Jose Maria Aznar (PP) Espainiako Gobernuko presidente zela itxi zituzten Egin egunkaria eta Egin Irratia, 1998an. Euskal Herriko gazteei transmititzen al zaie zer izan zen Egin?

Esango nuke ezetz. Gazte askok ez dute ezagutzen historiaren parte hori. Eta horrek baldintzatu ditzake aurrera begira dauzkagun gaitasunak, bitartekoak eta oinarriak. Kazetaritza ez da ranking moral bat, baina kazetaritzaren bitartez balio sistema bat ezartzen da. Egunkaria-ren itxiera ondoren etorri zen, eta estali egin zuen Egin-ekin gertatu zena. Gaur egun, atzera begiratzen duenak topatzen duen lehena Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera da, eta hautaketa natural bat egin da. Desoreka dago gertaera baten ezagutzaren eta bestearenaren artean.

Mertxe Aizpurua Gara-ko lehen zuzendariak Naiz Irratian esan du egunkaria herrien beharrei lotua zela duela 25 urte, eta hala dela gaur egun ere. Funtsezkoa da hori egunkari aurrerakoi batentzat?

Bai. Arthur Millerrek esaten zuen egunkari on bat zera dela, bere buruari hitz egiten dion nazio bat. Herri honen komunikabideetan aniztasun handia dago, eta hori balio bat da, aurreko fase historikotik datorren balio bat. Erakusten du gizartean elkarrekin bizi direla familia, ikuspuntu, tradizio eta militantzia desberdinak, eta guztiek nahi dute ahots bat izan. Gure ahotsa horietako bat da. Garrantzitsua da ahots horien guztien existentzia, gaur egun mirakulua baita egunkari bat aurrera ateratzea. Baita aberatsen egunkariak ere. Gure kasuan, komunitate batek sortu gintuen, askok ukatzen duten herri baten ahotsa izateko. Horretan eman ditugu 25 urte.

«Komunitate batek sortu gintuen, askok ukatzen duten herri baten ahotsa izateko. Horretan eman ditugu 25 urte».

Duela 25 urteko gai batzuk errepikatzen dira Gara-ren lehen editorialean eta urteurreneko editorialean. Baina kazetaritza aldatu egin da. Zertan bereziki?

Gara-ren sorrera ezagutu nuen sortzaile gisa, akziodun gisa familian eta kuadrillan, eta ez nuen uste hemen amaituko nuenik. Kazetaritza zer den hemen ikasi dut, lankideekin. Hemen ikasi nuen, halaber, zer bihurtzen ari zen kazetaritza. Azkeneko hamarkadan aldaketa ikaragarria izan da alor teknologikoan, baina baita alor kulturalean sinbolikoan eta ofizioaren eginkizunetan ere. 25 urtean, webgune bat zeukan egunkari bat soilik izateari utzi, eta transmedia sistema digital eta orokor bat sortu dugu. Horrek behartzen zaitu egunerokotasuna desberdin lantzera: produktu desberdinak egitera —ikuspuntu desberdinak dituzten produktuak—, eta guk hiru hizkuntza dauzkagu oraingoz. Instituzionalki ere aldatu egin da ofizioa. Martxelo Otamendik zera planteatu izan du askotan: «Lehen, The New York Times-enaren moduko erredakzioak zeuden, eta guk erreplika bat egin behar genuen, eskalan». Baina hori gaur egun ez da nahikoa; eginkizunetan desberdinak izango diren komunikabideak asmatu behar ditugu. Erronka handi bat da hori.

Digitala aipatu duzu. Baina paperera doanak eskertu egiten ditu Gaur8 edo 7K bezalako formatuak. Zer balio ematen diote halakoek hedabide bati?

Niretzat, handia. Egin-eko zorra ordaintzerakoan, auzietako bat hau zen: hau ezin badugu egin, digitalera joko dugu... Eta apustu handi bat izan zen paperekoari eustea. Gaur8-k eta 7K-k balio erantsia dute, eta, artikulu bat sarean irakurri baldin baduzu, paperean egiten duzun irakurketa beste sakontasun batekoa da. Luze gabe berreskuratu egingo da elementu hori. Elite batzuentzat izango da, gero eta gehiago. Kulturarekin harreman intentsoa daukagunontzako formatuak dira, eta baita gaitasun ekonomiko minimo bat daukagunontzat ere. Baina kulturalki babestu behar dira bitarteko horiek.

Iñaki Soto, Garako zuzendaria
Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria. JON URBE / FOKU
Artefaktua egitasmoarekin zertan ari zarete saiatzen?

Badago historiaren parte bat herri honetan guk kontatu izan ez bagenu isilpean geratuko zena. Herri hau oso antolatua egon da bertsio ofizialaren arabera, eta gutxi atera gara bertsio ofizial horretatik. Guk ETAren atentatu guztien berri eman dugu, baina beste aldeko komunikabideek ez dute eman tortura kasu guztien berri. Fase historiko berri bat irekitzen ari da, eta memoria ariketa bat egin behar dugu. Belaunaldi berriek jakin behar dute benetan zer gertatu zen, eta horretan egunkariak zer ekarpen egin zuen, baina ez nostalgiari begira. Bizi izan ez zutenaren nostalgia arraro baten joera dago. Eta jende batek ezin du ulertu zein garai gogorrak bizi izan genituen, haiek ez baitzituzten bizi izan. Artefaktua bitarteko bat da memoria hori ekartzeko; transmisiorako gailu bat da, eta gure komunitate horrekin kontratua berritzeko formula bat. Etengabe egin behar da hori. Komunitateari kontu eman behar zaio.

Aurrekoan irratian esan zenuen kuadrillako baikorrena zarela. Prentsa idatziaren etorkizunean sinesten duzula esan zenuen. Zergatik baikortasun hori?

Sinesten dut beti egongo dela jendea balio handia emango diena letrei eta hitzari. Iruditzen zait papereko prentsa eta irratia formatu beharrezkoak direla hezkuntza arautua amaitzen dugunean kultur maila sostengatzeko. Erakundeek horren kontziente izan behar dute, eta horren alde egin.

Sare sozialei begirako estrategiaz zer esango zenuke?

Akats kontzeptual bat dago. Urte askoan, jendea sare sozialen bidez informatzen zela esaten ari ginen, baina sare sozialetan hedabideek zabaltzen zituzten albisteak jasotzen zituzten herritarrek. Bitartekoa zen sare soziala. Azken sare sozialek ez dute loturarik gure edukiekin, eta adimen artifizialarekin areagotu egingo da hori, baina ez gaituzte gu indartzen, baizik eta beren burua. Negozio konplikatuak dira, zeren haien joera baita gure sektorea txikiagotzea. Sare sozialak zerbitzu gisa erabili behar ditugu, baina gure negozioa da guk egiten dugun lanari prezio bat jartzea. Eta harpidedun nahikoa izatea, eta erakundeen babes nahikoa izatea, gure enpresak modu osasuntsuan bideragarri izan daitezen.

Publizitate instituzionalean, ordea, desorekak daude, ezta?

Bai, eta ezinezkoa da indartsuena indartzea. Erakundeen lanak bestelakoa behar luke. Erakundeen posizioa oso lotua dago sistema klientelar batekin, eremu guztietan. Baina prentsaren alorrean osagai politikoa dago; politika tamalgarria izan da, frankismotik datozen erakundeak indartu baititu, eta herrikoiak diren komunikabideak zigortu.

Etorkizunean jasangarria izango al da Gara-ren paperezko edizioa?

Komunikabideok etorkizun zaila daukagu, eta papereko prentsa idatziak etorkizun zaila du. Urteak eman ditugu esaten papera amaituko zela arrazoi kulturalengatik. Duela bi urte, papera amaitzear zegoen, arrazoi logistikoengatik. Gerta daiteke laster paperik ez egotea. Merkatuaren apustua da honek epemuga bat daukala. Sor daitezke beste formatu batzuk, agian. Liburuak ez dira amaitu, eta ez daude hilzorian. Papera aldatuko da, eta aldatu beharrean gaude. Baina ofizio erresistentea da hau. Erresistitu egin behar da, baina asmatu behar da zertan erresistitu eta zertan aldatu. Gu oso txikiak gara, eta apustu neurtu batean egin dezakegu kale, baina ez askotan. Gure lanaren parte bat da galderetan asmatzea eta eszenatokiaren marrazketa horretan asmatzea. Jendeak egiten duenari adi egon behar dugu. Ez dugu klasistak izan behar.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.