Pantailak Euskaraz-ek Aldatu Gidoia-ren mobilizaziora joateko deia egin du

Aldatu Gidoia mugimenduaren manifestazioa hilaren 18an izango da, Gasteizen. Foru plazatik abiatuko da, 17:30ean.

Pantailak Euskaraz-en protesta bat, 2022an, Donostian. BERRIA
Pantailak Euskaraz-en protesta bat, 2022an, Donostian. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko maiatzaren 9a
11:00
Entzun

«Eragile, norbanako eta euskaltzale guztien bultzada ezinbestekoa da erakundeak mugiarazi eta euskarak ikus-entzunezkoetan bizi duen egoera hobetzeko. Hori dela eta, Pantailak Euskaraz mugimenduak maiatzaren 18an Aldatu gidoia euskararen alde kanpainaren mobilizaziora joateko deia egin du». Hala jakinarazi du gaur Pantailak Euskaraz mugimenduak —lehendik ere deialdiari babesa eman zion—. Protesta hori Gasteizko Foru plazatik abiatuko da, maiatzaren 18an, 17:30ean.

Altsasun (Nafarroa) egin zuen Aldatu Gidoia-k mobilizazioaren aurkezpena. Eta 30 eragilek baino gehiagok egin dute bat protestarekin: ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, Euskalgintzaren Kontseiluak, UEMAk, Euskal Herrian Euskaraz-ek, AEK-k, Ikastolen Elkarteak, Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak eta askotariko talde eta eragile euskaltzaleek. «Erakundeak norabide egokian mugiarazteko, ezinbestekoa da euskararen aldeko eragile eta norbanako guztiek bat egin eta kalera ateratzea», dio Pantailak Euskaraz-ek.

Jaurlaritzaren diru laguntzak aztergai

Pantailak Euskaraz euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenak Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri dituen ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzeko diru laguntza berriak aztertu ditu. Azkeneko hiru urteetan, mugimendu horrek euskarazko ikus-entzunezkoetarako ematen den aurrekontua handitzeko eskatu izan die euskal erakundeei. «Izan ere, ikus-entzunezkoek herritarren bizitzetan geroz eta pisu handiagoa duten bitartean, Jaurlaritzaren ekoizpeneko diru laguntzek hainbat urte zeramatzaten kopuru berean izozturik —2,4 milioi euro inguru—». 2023ko maiatzean, Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak Eusko Legebiltzarrean salatu zuen diru horren zatirik handiena —%70etik gora— gaztelerazko proiektuetarako erabiltzen zela.

«Egoera honek eragin du azken urteetan euskarazko fikzio berririk ia estreinatu ez izana, eta hori benetan kaltegarria izan da euskara zinemaren eta ikus-entzunezko plataformen mundu berrituan kokatzeko orduan», ohartarazi du Pantailak Euskaraz-ek. «Datu oso adierazgarria da Euskal Autonomia Erkidegoa izan dela azken urteetan hizkuntza koofizialean ekoitzitako ikus-entzunezkoetara diru gutxien bideratu duen administrazioetako bat. Horren ondorio zuzena izan da Espainiako Gobernutik 2023an 650.000 euro soilik jaso izana, ICAAk erkidegoek jartzen duten diruaren araberako inbertsioa egiten baitu hizkuntza koofizialetako ikus-entzunezkoetan». Kataluniak ia zazpi milioi jaso zituen; Valentziak (Herrialde Katalanak), 1.450.000 euro; eta Galiziak, 830.000 euro.

Aldatu gidoia euskararen alde kanpainaren eskaeretako bat da Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontuaren %5 euskarazko ikus-entzunezkoetarako erabiltzea; alegia, urtean hemezortzi milioi euro inguru. «Bada, Eusko Jaurlaritzak onartutako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako diru laguntza berriak oraindik ere kopuru horretatik urrun egon arren, aintzat hartu ditu herritarren eta ikus-entzunezko ekoizleen eskaerak, hein batean behintzat. Azken urteetako 2,4 milioi eurotik ia 7,3 milioi eurora igo du diru laguntza», azaldu du Pantailak Euskaraz-ek.

2024ko ikus-entzunezkoen ekoizpenari laguntzeko emandako dirua honela banatuko du Jaurlaritzak: bi milioi euro euskarazko telesailak ekoizteko; 2,9 milioi euro film luzeetarako —1.600.000 euro, gutxienez, euskarazkoentzat—; 250.000 euro aurrekontu txikiko film luzeetarako; 1,5 milioi euro animaziozko film luzeetarako —horietatik 800.000 euro, gutxienez, euskarazkoentzat—; 390.000 euro dokumental luzeetarako —horietatik 160.000 euro, gutxienez, euskarazkoentzat—; eta 240.000 euro film laburren produkziorako —horietatik erdiak, gutxienez, euskarazkoentzat—.

Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezkoetarako onartutako aurrekontua ia hirukoiztu egin da; kopuruaren erdia baino gehiago euskarazko lanentzat izango da.

«Beraz, ikus-entzunekoen ekoizpenerako onartutako aurrekontua ia hirukoiztu egingo da, eta kopuru orokorretik erdia baino gehiago —4.680.000 euro— euskarazko proiektuentzat izango dela bermatuko da». Ontzat jo du datua talde euskaltzaleak. «Bide egokian emandako pauso hori positiboki baloratu du Pantailak Euskaraz egitasmoak. Halere, azken urteetan euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena, fikzioarena bereziki, hilzorian egon dela gogorarazi nahi du taldeak, eta azpimarratu datozen urteotan baliabideak gehitzen jarraitu beharra dagoela euskarazko ikus-entzunezko industria biziberritzeko».

Pantailak Euskaraz-ekoak Gazte Euskaltzaleen Sareko manifestazioan.
Pantailak Euskaraz-ekoak Gazte Euskaltzaleen Sareko manifestazioan, 2022ko maiatzean. PANTAILAK EUSKARAZ

Euskarazko ekoizpenerako bitartekoak gehitzeaz gain, euskarak ikus-entzunezkoetan eta pantailen alorrean duen presentzia txikia iraultzeko, eta euskararen normalizazioan ikus-entzunezkoek ekarpen positiboa egiteko, oraindik ere «lan handia» dute egiteko Euskal Herri osoko erakundeek, Pantailak Euskaraz-en arabera. «Beharrezkoa da, besteak beste, diru laguntza lerroak sortzea atzerriko edukiak euskarara bikoizteko, arauak onartzea euskaldunok zinemetan bizi dugun diskriminazio egoera amaitzeko, ETBn euskara eta euskarazko kultura erdigunean jartzea, diru publikoz egindako bikoizketak streaming plataformetara bidaltzea, eta euskal ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren legeak garatzea». Horregatik guztiagatik, hilaren 18koa protesta garrantzitsutzat jo du Pantailak Euskaraz-ek.

Kataluniako Generalitateak azkeneko urteetan hirukoiztu egin ditu katalanezko ikus-entzunezko lanentzako diru laguntzak: 2020an, 9,9 milioi eurorenak izan ziren laguntzak; eta 2023an, 32,6 milioi eurorenak izatera pasatu ziren. Kopuru hori handitu egingo da aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.