ETB1eko Ur handitan saioak Jerusalemen bidaiatu du kapitulu berezi bat prestatzeko. Programa berezi horrek Palestinaren eta Israelen arteko gatazka izango du ardatz, eta Xabier Madariaga orain dela hogei urte elkarrizketatutako pertsonekin egongo da, egoerak nola eboluzionatu duen ezagutzeko. ETB1ek astelehen gauean emango du erreportajea.
Astelehenean beteko da urtebete Hamasen atentatuetatik. Ordutik, Israelgo Gobernuak Gazako biztanleriaren aurkako sarraskia eta erabateko suntsipena eragin ditu. Baina gauzak ez ziren duela urtebete hasi. Ekialde Hurbileko gatazka orain ia laurogei urte hasi zen, eta, azken bi hamarkadetan, bertatik bertara ikusi eta kontatu ahal izan ditu EITBk haren gorabeherak. EITBren Jerusalemgo berriemailetzak 20 urte bete ditu, eta gaur egun Ekialde Hurbilean duten egoeraren berri ematen jarraitzen du.
Israelen ofentsiba hasi aurretik, 7.000 ziren Gazatik Israelera lan egitera joaten ziren langileak. Urriaren 7az geroztik, etxera itzuli ezinik daude, Zisjordanian harrapatuta. Jihad da horietako bat. Israelen lanean harrapatu zuten Hamasen atentatuek, eta, hemezortzi egunez kartzelan egon ondoren, Ramallahn dago. Etsipenez pasatzen ditu egunak, familiaren berri noiz izango duen zain. Harremanetan jartzea lortzen duenean, ordea, Gazan duten egoera tamalgarriak lur jota uzten du. «Hiru biloba izan ditut guda hasi zenetik. Ez dakit poztu ala tristatu. Heriotza egiaztagiria jaiotzarena baino lehenago ematen zaie Gazan jaioberriei», azaldu dio Madariagari.
ETBko saioaren arabera, Israel eta Palestinaren arteko gatazkak lehen euskal herritarra hil du. Hamasek Ivan Illarramendi bilbotarra eta haren emazte Dafna Garcovich hil zituen, Israelgo Kissufim kibbutzean. Urtebeteren ondoren, Ander Illarramendi anaiak lehenbiziko aldiz hitz egin du kameren aurrean: anaiarekin zuen harremana, haren azken orduak, sufrimenduz beteriko hilabeteak… Kissufimen ere egon da Ur handitan, Danny Garcovich Ivan Illarramendiren aitaginarrebarekin, eta erasoaren egun hori nola bizi izan zuen gogoratuko du.
EITBk berriemailetza martxan jarri zuenean, herrialdea Bigarren Intifadan sartua zegoen, eta Hamasen atentatu suizidak ia hilabetero gertatzen ziren. Beersheva hirian, hamasei pertsona hil zituzten lehergailuekin. Sarah Malkaren 23 urteko alaba izan zen biktimetako bat. Handik hogei urtera, Malkak ez daki inoiz ikusiko duen juduen eta arabiarren arteko bakea. Abdel Afu Qawasmi Beershevako leherketen egileetako baten aita da. Ohikoa denez, Israelgo armadak erasotzaileen familiak zigortzen ditu atentatu bakoitzaren ostean, etxebizitzak leherraraziz.
Kolonoz inguraturik
Saadat Sabrik bizitza osoa darama kolonoz inguraturik. 1979. urtean, haren aitak, Beit Ijza herrian eraiki zuen familiarentzako etxea, Zisjordanian. Baimen guztiak izan arren, handik urte batzuetara kolono israeldarrek haren jabetzako lur zati handia lapurtu zuten kokalekua ezartzeko, baina ez zuten lortu Saadaten familia handik botatzea. Orain dela hogei urte, Xabier Madariagak Sabriren aita elkarrizketatu zuen. Orain, haren semearen ahotik jakingo du ETB1eko ikusleak Saadatek egunero pairatzen duen presioaren eta errepresioaren berri. «Etxe honen alde bizitza emateko prest nago», esan du.
Bigarren Intifadako atentatu suizidak saihesteko, Israelgo Gobernua Gaza eta Zisjordania inguratzeko hesia eraikitzen hasi zen. Ingurune populatuetan hormigoizko horma bat da, zortzi metro garai dena. Orain dela hogei urte, Anata herriko eskolan, patioaren erdigunean eraiki zuten harresia, eta jolasteko eta ekintza askotarikoak egiteko aukerarik gabe utzi zituzten ikasleak. 2004an, Madariagak eskolako zuzendaria elkarrizketatu zuen, Jousef Elaiyab. Harekin izan da Madariaga berriro ere, eta, besteak beste, Israelgo Gobernuak hesia patioaren erditik kentzea eta albo batean ezartzea lortu dutela egiaztatu du.
Erreportajean, bestalde, Eneko Gerrikabeitia Mundu Bat fundazioko ordezkariak testuinguruan jarriko du Israel eta Palestina arteko gatazka.