Paco Plaza zinemagilea Mugaritzeko sukaldean sartu da

Movistar Plus plataformak 'Mugaritz. Sin pan ni postre' dokumentala estreinatuko du gaur.

'Mugaritz. Sin pan ni postre' dokumentala. JORGE FUEMBUENA / MOVISTAR
'Mugaritz. Sin pan ni postre' dokumentala. JORGE FUEMBUENA / MOVISTAR
urtzi urkizu
2024ko azaroaren 21a
05:00
Entzun

Donostiako Zinemaldian estreinatu eta Culinary Zinema saria lortu zuen Paco Plaza zinemagilearen Mugaritz. Sin pan ni postre dokumentalak. Zinema aretoetan ere bidea egin zuen hainbat astez, eta filma Movistar Plus plataformara iritsiko da gaur. Noiznahi ikusi ahalko da plataforma horretan.

Denboraldi bakoitzean, Errenteriako (Gipuzkoa) Mugaritz jatetxeak ateak ixten ditu zenbait hilabetez. Desberdina da denboraldi bakoitzaren eskaintza gastronomikoa, eta hori nola sortzen eta lantzen duten jaso du Plazak dokumentalean. «Estimulatzen eta inspiratzen nauena Mugaritzen ikusten dudan beldurrik eza da. Gizaki guztion aspirazioa da beldurrik gabe bizitzea; beldurrak blokeatu eta paralizatu egiten gaitu, eta ez digu uzten zoriontsuak izaten. Zoriontasuna beldurrik eza da. Oso beldur gutxi ikusi dut hemen. Hemen ez diote beldurrik dezepzioari, espektatibak ez betetzeari, eta normalean bertigoak izaten dira esposizio publikoko adierazpen gehienetan», esan zuen zinemagileak apirilean, filma grabatzen ari zela.

Plazarekin batera, talde txiki bat aritu zen dokumentala grabatzen. Adrian Hernandez da argazki zuzendaria, eta Unai Gimenez soinu arduraduna. Plaza beldurrezko generoko filmetan aritu izan da gehienbat —harenak dira REC saileko filmak, Veronica eta La abuela, besteak beste—. Mugaritzekoa, berriz, bigarren dokumentala du.

Mugaritz. Sin pan ni postre dokumentala
Paco Plaza zinemagilea, Mugaritz. Sin pan ni postre dokumentalaren grabaketan. JORGE FUEMBUENA / MOVISTAR

Andoni Luis Aduriz Mugaritz jatetxeko zuzendaria, bestalde, oso gustura sentitu zen filma egiten ari ziren bitartean: «Grabaketa prozesua lasaitasunez eta jakin-minez bizi izan nuen. Batez ere uste dudalako konplexutasun handia duela. Izan ere, oso zaila iruditzen zait minutu gutxian istorio bat kontatzea ia sei hilabetean Mugaritzen gertatzen denarekin, eta gure jatetxearen bihotz taupada hain tarte laburrean jasotzea». Dokumentalak 95 minutu irauten du.

Mugaritz. Sin pan ni postre dokumentalaren trailerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.