Bihar ekingo dio hamargarren denboraldiari Herri txiki, infernu handi EITBko saioak, 22:00etan. Miren Nogalesek eta Mikel Pagadik aurkeztuta, oraingoan ere bere esentziari eutsiko dio programak. Hala, herri txiki eta auzoak bisitatzen jarraituko dute, umore onenarekin, bertako bizilagunak ezagutu eta haiekin batera tarte ederrak pasatzeko helburuarekin. Denboraldi berri honetan, besteak beste, Otsagabia (Nafarroa), Errenteriako Zamalbide auzoa (Gipuzkoa), Urrotz (Nafarroa), Eako Bedaroa auzoa (Bizkaia), Ainhoa (Lapurdi) eta Barrundia (Araba) ezagutuko dituzte Pagadik eta Nogalesek.
Hamar denboraldi egitea ez da edonolako kopurua, eta balio berezia ematen dio horri Luis Oiartzabal saioko zuzendariak. «Grabaketak oso ondo joan dira. Euskal Herriko lurralde guztietan barrena aritu gara. Lehendabizikoa Otsagabian egin genuen, eta dagoeneko hamar saio grabatu ditugu; denboraldiak hogei izango ditu guztira». Orain arte grabatu dituztenekin «oso pozik» daude. «Harrera zoragarria egin digute, eta zabal-zabalik aurkitu ditugu etxe guztietako ateak», adierazi du Oiartzabalek. Gainera, harrera hori «ohikoa» dela nabarmendu du. «Jendearen berotasuna sentitzen dugu, eta oso polita izaten ari da aurtengo denboraldia».
Poz berezia
Aldaketaren denboraldia izan zen aurrekoa, Miren Nogalesek Zuhaitz Gurrutxagaren tokia hartu zuenean. Bada, aurten, aldaketa horri jarraipena eman eta «finkatzeko denboraldia» izan daitekeela berretsi du Oiartzabalek. «Aurreko denboraldiaren jarraipena izango da nolabait. Mirenen lehen denboraldia izan zen ordukoa, eta, horregatik, aurtengoa finkatzeko denboraldia izango da beretzat. Bide beretik jarraituko dugu, baina 10. denboraldia izateak poz berezia sortzen du». Lehenbiziko programan aipamena egingo diote urteurren horri. «Eta zertzelada batzuk izango dira hurrengo saioetan ere. Ez dago berrikuntza handirik, baina garrantzia eman diogu hamargarren denboraldia izateari. Amaieran gauza bereziren bat egingo dugu, agian».
Aurten ere «izaera berezia duten auzoetara» joango da ETB1eko saio arrakastatsua, eta betiko «esentzia» mantenduko dutela dio Oiartzabalek. «Beti saiatzen gara ahal dugun toki gehienetara iristen, eta betiko maitasunarekin egiten saio guztiak». Hartzen dituzten herri, auzo edo komunitate horiek guztiak gabe ez direla ezer azpimarratu du. «Denboraldi berezia da hau. Hogei saio horietan 250 gune desberdinetan egongo gara, eta guretzako oso berezia da. Asko betetzen gaitu horrek».