Eskarmentu handiko berriemailea da Alfonso Bauluz (Madril, 1965). Aljeria, Sahara, Libia, Guatemala eta Irakeko gatazketan aritutakoa da, besteak beste, eta RSF Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteko presidentea. Euskal Kazetarien Elkarteak antolatutako afari tertulian ariko da gaur, Bilboko Deportivon (20:00).
Jarri dizuete afarirako gaia: nola informatzen da okupazio militar baten pean?
Okupazio hitza erabiltzen dugun une beretik, informazioaren zatirik zailena herrialde okupatu horretako biztanleekin harremanetan jartzea izaten da, haiekin komunikatzea.
Gerra batean, prentsa askatasuna izaten da urratzen diren lehen eskubideetako bat?
Hala da. Kasu batzuetan, bonbardaketen, atxiloketen, hilketen eta exekuzioen bidez eragozten da prentsa askatasuna. Beste batzuetan, prentsa edo medioa bera izaten da amore ematen duena propagandaren aurrean.
Gerra asko ezagutu dituzu zuk. Aurrera egin da zerbait horretan? Edo atzera?
Egon dena da erabateko transformazioa: dena aldatu da. Pertsonek bizi dutena ez da aldatzen, baina lanerako erremintek eta informazioaren abiadurak gerren estaldura erabat aldatu dute.
Adibide bat?
Oso kazetari gutxi gelditzen dira jada biharko egunerako idazten dutenak. Agentzia batentzat lan egin izan dut urte askoan [Efe], unean unerako idazten nuen, eta medio askok hura argitaratzen zuten hurrengo egunean. Konturatzen nintzen, ordea, egunkarietako lankideei ere geroz eta gehiago haien online edizioetarako idazteko eskatzen zitzaiela. Horrek lan egiteko modua baldintzatzen du: onerako zein txarrerako.
Diozunez, Ukrainako gerrak prestatu gabe harrapatu ditu medio asko.
Medio askok ez zuten espero tamaina horretako gerra bat egongo zela Europan. Askok ez dituzte berritu euren babeserako ekipoak, ez dituzte kazetari beteranoenak teknologia berrietan trebatu, eta ez dute belaunaldien arteko transmisiorik eta erreleborik prestatu. Medioen krisiak eta egoera ekonomikoak eragin du hori.
Zurea da esaldia: «Prekaritateak zorroztasun falta dakar».
Hala da. Gerra batean, prekaritatea da kazetariak eduki dezakeen bidelagunik okerrena. Egia da kazetari askok lan egin dutela oso baldintza kaskarretan, baina orain gehiago nabaritzen da, askoz gehiago exijitzen zaiolako ezertan lagundu edo ezer erraztu ez diozun kazetari horri.
Sare sozialek lagundu egiten dute? Edo despistatu?
Ukrainako gerraren beste erronka bat da. Izan ere, badago troll armada profesional bat desinformatzera eta kazetarien izena zikintzera, iraintzera eta zalantzan jartzera dedikatu dena. Bestalde, egia da sare horien bidez ikusi dela hainbat adituk testuinguruan jarri, aztertu eta interpretatutako informazio ona ere.
Zenbat kazetari ari dira gaur egun Ukrainan? Zuen elkartean zer datu dituzue esku artean?
Gazteleraz edo autonomia erkidegoetako hizkuntzaren batean lanean ari diren kazetariak 130 inguru dira. Ukrainako Fiskaltzaren arabera, 21 hil dituzte orain arte. Guri oso zaila egiten zaigu kasuak zerrendatzea, baina zazpi hildako dokumentatu ditugu, eta 11 zauritu. Ez dugu baliabiderik horietara iristeko, eta, gainera, gure lehentasuna da han lanean ari direnei babes neurriak eskaintzea.
Pablo Gonzalezen kasuan?
Benetan harritu gaitu haren inguruan hartutako azken erabakiak. Uste genuelako bertako abokatu bat edukita aske utziko zutela edo epaiketarako data jarriko ziotela. Ikaragarria iruditzen zaigu gertatzen ari dena, eta salatu egiten dugu, gogor. Espero duguna da helegiteak bidea egingo duela, zeren Poloniako Gobernuak ez ditu bere akusazioak frogatu, eta kazetari bat kartzelan dago.
Alfonso Bauluz. RSF Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteko presidentea
«Oso kazetari gutxi geratzen dira jada biharko idazten dutenak»
Bauluz hizlari ariko da gaur Euskal Kazetarien Elkarteak antolatutako afari batean, Teresa Aranguren kazetariarekin batera. Mintzagaia: nola informatu okupazio militar baten pean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu