Ikus-entzunezkoak

Osasun emozionalari lehen arreta

Gazteak ekoitzitako 'Ez hain ondo' bideopodcastak aurrez aurre jartzen ditu Ane Zuazubiskar kazetaria eta Irati Perez psikologoa. Lau atal sareratu dituzte, eta beste lau falta dira lehen denboraldia amaitzeko.

Ane Zuazubiskar kazetaria eta Irati Perez psikologoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ane Zuazubiskar kazetaria eta Irati Perez psikologoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Martxoaren 13an, Ez hain ondo bideopodcasta estreinatu zuen Gazteak. Osasun emozionalaren bueltako gaiei lehen arreta ematen die Irati Perez psikologoak bi astean behin, Ane Zuazubiskar kazetariaren galderei erantzunez. Gazteentzat —eta ez hain gazteentzat— egunerokoan garrantzitsuak diren gaiak lantzen dituzte: erru sentimendua, lagunekin ibili arren bakarrik sentitzea, errepikatzen diren sentimenduak... Lau atal sareratu dituzte, eta beste lau falta dira. Hiru Damatxo ekoiztetxeak grabatzen du bideopodcasta, Donostian.

Perez pozik dago egiten ari diren bidearekin. Baina aitortu du beretzat «sekulako erronka» izaten ari dela. «Orain arte ez naiz publikoki azaldu, jendeak ez nau ikusi hedabideetan. Eta erronka da neure burua erakusleiho horretan jartzea». Baina mezu gozoak ari da jasotzen. «Inguruan pozik daudela esan didate». Zuazubiskarren eskarmentua nabarmendu du, bide batez: «Ane leku seguru bat bezala izaten ari da bideopodcastean, sostengu bat».

Bideopodcasta Gaztearen Youtubeko kanalean ikus daiteke, eta audio plataforma gehienetan entzun ere bai.

Ez hain ondo bideopodcastaren lehen atala, osorik.

Zuazubiskarren arabera, Zulora podcastean osasun emozionalaren gaia aipatu izan dute, zuzenean edo zeharka. «Bada komunikabideetan aipatzen den gai bat, gero eta gehiago». Baina Ez hain ondo-ren ekarpena beste modu batean nabarmendu du: «Hedabide gehienetan jauzi egiten da estatistiketatik oso kontakizun gordinetara. Baina falta zaigu erdibideko hori. Hau da, datuak beharrezkoak dira, eta kontakizun gordinak entzutea eskertzen dut, baina falta zait erdibidean dagoen guztia: norberaren esperientzia eta esperientzia kolektiboa». Hor txoko bat aurkitu dutela iruditzen zaio kazetariari. «Egunerokoan edonork entzun dezakeen zerbait da, bere azalean bizi duelako».

Era berean, Perezek nabarmendu du osasun mentalaren nahasmenduei buruz hitz egiten dela alderdi emozionala aipatzen denean. «Baina bideopodcast honek jendearen gehiengoari gertatzen zaizkion gauzei heltzen die. Oso gaizki egoteari lotzen saio sarri psikologia, baina egunerokoan gertatzen diren egoerei erantzuteko da Ez hain ondo».

Tresnak eta gakoak

Bideopodcasteko psikologoak argi du atalak ez direla derrigor «gaizki» dauden herritarrentzat. «Bakarrik jende guztia sentitu da noizbait, errua edonork sentitu du edo ibili da harreman-dinamika toxikoetan. Gehienoi gertatzen zaizkigu halakoak, eta gehiengoarentzat ari gara hizketan». Tresna eta gako batzuk ematen saiatzen dira saioan, egoera batzuk bizi dituztenen gertukoentzat ere baliagarriak direnak. «Beharbada, ikus-entzule batzuek zentzua aurkituko diete sentitzen dituzten gauza askori. Hurbileko zerbait egiten saiatzen gara, eta jende askok idatzi dit esanez identifikatuta sentitu dela».

Zuazubiskarrek argi utzi nahi du Ez hain ondo ez dela terapia egiteko saio bat. «Podcast bat da hau. Osasungintza publikoak bermatu beharko luke osasun mentalean ere ongizatea». Baina Gaztea EITB taldekoa da. Hedabide publiko bat, funtsean. Eta irrati publiko moduan erantzun behar dutela uste du kazetariak.

'Ez hain ondo' bideopodcasta: Ane Zuazubiskar kazetaria eta Irati Perez psikologoa.
Ez hain ondo bideopodcasta: Irati Perez psikologoa eta Ane Zuazubiskar kazetaria. ANDONI CANELLADA / FOKU

Bideopodcastaren izenburua ez du Perezek asmatu, baina gustukoa du. «Ohituta gaude 'zer moduz?' galderari 'ondo' erantzuten». Edo akaso, 'gaizki'. Emozioen hizkuntza aberatsa dela nabarmendu du psikologoak: «Ongi edo gaizki esateaz harago, lasai, kontent, ilusioz, triste, barnerakoitsu... senti daiteke bat. Emozio asko daude, eta Ez hain ondo izenburuak aukera ematen du gauza askori buruz hitz egiteko».

Zuazubiskarrek, bestetik, esan du atal guztietan ahalegina egiten ari direla gaiak errealitate sozialarekin lotzeko. «Gazteoi eragiten diguten ezaugarriei lotuta, testuinguru orokor bat ematen dugu». Esaterako, prekaritatea aipatuz. «Beharrezkoa da norbere burua ezagutzea, baina argazki orokor bat behar da».

Lehen denboraldiak zortzi atal izango ditu. Ez dakite hurrengo ikasturtean atal gehiago egingo ote dituzten. Baina Zuazubiskar eta Perez «gustura» aritu dira, eta gai gehiagori buruz hitz egin daitekeela ziurtatu dute. «Pozik egingo genuke beste denboraldi bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.