1983. urtean ETB sortu eta hilabete gutxitara hasi zen bertan lanean Rosa Zufia (Tutera, Nafarroa, 1958). Tabakaleran bolada bat egin ostean, duela urtebete itzuli zen ETBko erredakziora.
Zer asmo duzue Eskerrik asko, Petrov saioarekin?
Oparitxo bat da jendearentzat. 30 urte hauetan, euskal jendeak ordaindu du, eta laguntza eman dio EITBri. Horren truke zer egin nahi dugu? Denon historia landu,gorde den artxiboa erakutsi eta produktu txukun berezia egin, gizarteari bere ahalegina bueltatzeko. Ibilbide bat egin nahi dugu 30 urteotako historian, Euskal Herriko zein munduko gertaerekin.
Artxiboko irudi batzuekin ikusleak asko hunkituko al dira?
Bai. Duela 20-30 urte, garai haiek bizi izan zituztenek gogoratuko dituzte. Eta bizi ez zituztenek ezagutu eta harritu egingo dira. Irudi ikusgarriak agertuko dira programan, baina baita detaile txikiak ere. Albisteen atzean dauden detaileak egunerokotasunean ezin ditugu askotan atera. Programa honetan horietako batzuk azaldu nahi izan ditugu.
Gorka Otxoa aktorea da ibilbidekogidaria. Umore ukituak ematen dizkio bideari.
Pentsatzen genuen erronka zela historia kontatzea eta produktu erakargarri bat egitea. Zerbait entretenigarria egin nahi genuen,eta, horretarako, umorea ezinbestekoa da. Begirada serioa eta kritikoa eman nahi dugu, baina emozionala eta, batzuetan, friboloa ere bai.
Otxoa ez da kazetaria, baina fin dabil elkarrizketatzaile lanetan, ezta?
Bai, hasieran ez zitzaion ideia asko gustatu. Baina ikasi du horretan ere, eta ondo egiten ditu elkarrizketak. Gidoiak hor daude, baina bere estiloa ere eskaintzen du saioan.
Errealizadorea Juanfe Garces da. Nolakoa da haren ekarpena?
Izugarria. Irudi landuak daude, oso zainduta dago dena. Musikaren erabileran ere abila da Garces. Programan talde oso ona bildu dela iruditzen zait.
Saioa egiterakoan, harribitxi ugari topatuko zenituzten artxiboan. Zure ustez, artxibo horrek guztiak herritarren eskura Interneten egon beharal luke?
Nik uste dut baietz. Horretarako joera dago, eta horren kontra ezin da ezer egin. ETBko artxiboa digitalizazio prozesuan dago. 80ko eta 90eko hamarkadako artxiboa zintetan dago, eta guretzat oztopo bat izan da. Lana bukatu arte pasatuko da denbora bat, eta oraindik zaila da jendearen eskura jartzea. Baina ziur nago iritsiko dela.
Aurreneko atalean, ETBko lehen pausoak ikusi ziren. Tartean, udal hauteskundeetako saio berezi bat aurkezten agertzen zen Amatiño. Atseden hartzeko, Yul Brynner dantzan azaldu zen. Aldatu dira garaiak ordutik hona.
Oso deigarriak dira irudiak. Bizi izan nituen une haiek, baina hala ere harritu egin naiz ikustean. Baliabideak ikaragarri aldatu dira. Hala eta guztiz ere, mirariak egiten zituzten programak aurrera ateratzeko. Gertaera garrantzitsuei ere aurre egin behar izan zien 1983an ETBk; tartean, uholdeak. Bigarren atalean bikoizketen inguruko gorabeherak landu ditugu, besteak beste.
Zure ustez, zertan aldatu da gehienbat euskal gizartea 30 urte hauetan?
Kontuan hartu behar da denbora galdua berreskuratu behar izan genuela, frankismotik atera berriak baikinen. Sekulako atzerapena genuen Europako beste herrialde batzuekin alderatuta. Euskara ahaztuta zegoen. Zerbitzu publikoak, berriz, zeuden bezala zeuden. Baina freskotasun halako bat ere bazegoen. Edonola ere, aldaketa oso sakona izan da.
80ko hamarkada hartan kultur saio batzuk egin zenituen ETB1en. Gaur egun, ez al duzu sumatzen kultura saioen faltarik ETBn?
EITB Kultura saioa hor dago, baina ez du presentzia handirik ordutegi aldetik. Produktu ona da. Niri ordu guztietan gustatuko litzaidake kultur programak ikustea, baina ez du joera hori hartutelebista munduak.
ETBko ereduaren inguruko eztabaida mahai gainean da. Zer eredu proposatuko zenuke zuk?
Ez dugu ahaztu behar zerbitzu publikoa dela, eta euskara bultzatzea izan zuela helburu jaiotzerakoan. Lehiatzeko gaude, baina beste mota bateko eskaintza egin behar dugu. Gertutasuna hartu behar da oinarri, eta produktu askotarikoak eskaini.
Nafar gisa zer iruditzen zaizu ETB LTD bidez Nafarroan ezin ikusi ahal izatea?
Oso-oso haserre nago horrekin. Gaur egun, ez da ikusten ETB Nafarroan. Aukera dutenek beste telemandoa hartu dute, eta askok ikusteari utzi diote. Ez naiz sartuko erantzukizunak banatzen, baina EITBko hurrengo zuzendaritzari eskatuko nioke hori konpontzen saiatzeko. Aliatu handirik ez dago Nafarroako Gobernuan, baina jendea horren alde dugu. Mingarria eta sinestezina egiten zait afera.
Komunikazioa. Rosa Zufia. ETBko kazetaria
«Ordu guztietan ikusi nahiko nituzke kultur saioak ETBn»
'Eskerrik asko, Petrov' ETBko saio berriaren zuzendaria da Zufia. Larunbatetan ematen dute ETB1en, eta ostegunetan ETB2n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu