Orain BERRIA entzun ere egiten da

'Entzun Berria' atala eta 'Berriketan' podcasta martxan jarri ditu BERRIAk, eta ahots sintetikoak berritu ditu, albisteak audio zerrenda batean bezala aditzeko.

Berriaren papereko edizio berria; artikuluak entzun ere egin daitezke orain. BERRIA
mikel p ansa
2023ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

BerriaFM podcasta izan zen aurrena; eta gero Kinka. Feminismoari buruzko saio bat lehenik; klima eta natura krisiari buruzkoa hurrena. Kirmen Uribek eta Ane Irazabalek egindakoez gainera, eta musikari buruzko Dunbala-z gain. Eta beste podcast batzuk. Orain Berriketan saioa sortu du BERRIAk, aktualitateari buruzko irratsaio bat, hogeigarren urteurrenari lotutako berrikuntzen barnean. BERRIAzaleek irakurri egiten dute egunkaria, baina orain entzuteko aukera ere badute.

Audioaren aldeko apustua egin du BERRIAk azken urteotan. Egunkaria da, eta hala izango da aurrerantzean ere, baina informazioa jasotzeko bideak aldatuz doaz etengabe, ohiturak mudatu egiten dira, eta euskaldunek sarean dituzten beharrei erantzun nahi die kazeta honek. Horregatik, hogei urte bete dituela baliatuta egin dituen aldaketen barruan, beste urrats bat egin du audio eskaintzan.

Batetik, Entzun Berria izeneko atala sortu du. Hor biltzen dira BERRIAk sortutako podcast guztiak, eta eguneko albiste garrantzitsuak entzuteko aukera ere bai. Text to speech teknologia baliatuta —testua audio bihurtzen duten tresna adimentsuak—, bi ahots sintetiko sortu ditu, entzuleak eguneko gai garrantzitsuak aditzeko aukera izan dezan. Elhuyarren Orai taldearekin elkarlanean garatu ditu ahots horiek, adimen artifiziala baliatuta.

Duela bederatzi urte hasi zen BERRIA teknologia hori erabiltzen, baina asko garatu da urteotan, eta Oraik ahots sintetiko oso naturalak sortu ditu, albisteak entzuleari irakurtzen dizkiotenak. Eguneko albiste eta iritzi hautatuen sorta bat aditu ahal izango da Entzun Berria atalean. Audio zerrenda edo playlist bat balitz bezala aditzeko aukera ere izango da, Entzun zerrenda botoia erabilita.

Audio eskaintza indartzeko, bestalde, Berriketan podcasta ere sortu du. Astero hiru gai berri landuko ditu Iker Tubia kazetariak saio horretan, adituen eta kazetarien laguntzarekin. Saio horren asmoa da entzuleari esplikatzea zer gertatzen ari den eta zergatik, baina gai jakingarriak ere landuko ditu. Modu arin eta atseginean, landutako gai horien gakoak emango dituzte saio bakoitzean, mamiari helduz. Astelehenean zabaldu zuten lehen saioa, euskararen aurkako oldarraldi judizialari buruzkoa, eta gaur bigarrena, Argentinako hauteskundeen biharamunari buruzkoa.

Entzun Berria atalean sartu behar du audio eskaintza hori entzun nahi duenak; menu nagusian ez ezik, entzungailuen estekan klikatuta ere iristen da bertara. Audioa entzuteko leku bat izan nahi du atal horrek, papereko egunkari baten web orri soil bat baino askoz gehiago. Aurki baliabide berriak izango ditu gune horrek: audioak kontrolatzeko tresnak, eta zerrendetan atzera eta aurrera egiteko baliabideak. Berrikuntza asko egin ditu BERRIAk batera, eta baliteke arazo teknikoak sortzea oraindik, baina pixkanaka doitu eta konponduko dituzte horiek.

Egunkaria orain berri hasi da Ez gatoz Paristik podcasta zabaltzen —Lanarteak ekoiztua—, eta etorkizunean sortuko dira podcast berriak. Hortaz, gero eta gehiago adituko da BERRIA.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.