Gertutasuneko saiorik onenaren Ondas saria eman diote Euskadi Irratiko Faktoria Magazina saioari —baita SER Euskadiren La ventana de la memoria saioari ere—, eta aktualitateko saio edo kobertura berezi onenarena, berriz, EITBk M-11ren 20. urteurrenari buruz egindako dokumentalari: M11: Martxoko lau egun —gaztelaniaz da, euskarazko azpidatziekin—. Prisa Audio eta SER irratia dira sariketaren antolatzaileak, eta azaroaren 14an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Bartzelonako Liceu antzokian.
Maider Segurola da saioaren gidaria, eta hark adierazi du «pozez» jaso dutela saria. «Ibilbide oso bat saritu dute, 21 urteko magazin bat baita, dozenaka kazetari lagunek parte hartu duten saio bat». Irratiak «gertutik eta gertura» lan egiteko aukera ematen duela uste du Segurolak, eta, hain zuzen ere, horixe saritu du epaimahaiak.
M11: Martxoko lau egun dokumentala, berriz, martxoaren 8an estreinatu zuen ETBk Primeran plataforman —hiru ataleko dokumental saila da, eta lehen atala estreinatu zuten egun hartan; beste bi atalak martxoaren 15ean eta 22an estreinatu zituzten—. Aurtengo martxoaren 11n bete dira hogei urte Madrilen 193 hildako eta ia 2.000 zauritu eragin zituzten atentatu haietatik.
Beste hainbat saio ere saritu dituzte. Besteak beste, RNEren Ficción sonora-ri eman diote irrati saiorik onenaren saria, Angels Barcelori ibilbide edo lanik onenaren saria, eta TVEko La revuelta-ri telebistako entretenimenduzko saiorik onenaren saria. Gizonezkoen artean, berriz, fikziozko interpretaziorik onenaren saria jaso du Alberto San Juanek, Cristobal Balenciaga-n egindako lanagatik. Lourdes Iglesias, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi dira telesailaren sortzaileak.