«Idazleen mundua ahalik eta hobekien erakustea eta ezagutaraztea». Hori da Arte[faktua] saioko gidari Yolanda Mendiolak (Aubervilliers, Frantzia, 1963) bere buruari eta programari berari jarri dizkion helburuetako bat. Denboraldiko bigarren saioa ikusi ahal izango da gaur (15:00, ETB1). Bertan, Garazi Goia eta Goizalde Landabaso idazleak izango dira gonbidatu nagusiak, eta elkarrekin idatzitako 1.362 km euri liburuaz ariko dira.
Aurreko larunbatean hasi zenuten sasoi berria. Zer moduz?
Gustura. Eduki eta egitura aldetik bide beretik jarraituko dugu. Berritasuna Artefaktu egileak atala izango da. Hamabost egunean behin eskainiko dugu, Apalategia-rekin tartekatuz. Bertan, idazle bat hartu, hura bizi den lekura joan, eta galdetegi bat egingo diogu. Bere lanari buruz galdetuko diogu, baina galdera jostariagoak ere izango dira, alde pertsonalagoa ezagutzeko. Atal honen bidez, idazle gehiago ekarri nahi ditugu programara. Lander Garro izan zen galdetegia erantzuten lehena; eta, jada, Jose Luis Padroni, Fito Rodriguezi, Bea Salaberriri eta Itxaro Bordari ere egin diegu.
Sautrela-k utzitako hutsunearen ondoren, saioa egonkortzeko bidean al da?
Ni baikorra naiz izatez, eta uste dut baietz. Jaso dugun feedback-a kontuan hartuta, programaren egiteko moduak eta formulak onarpen bat lortu duela esango nuke, eta horrek poza ematen du.
Zein helburu eta erronka jarri dizkiozu bai zeure buruari eta bai programari sasoi honetan?
Gauzak ondo egitea, edukiak modu interesgarrienean eskaintzea, eta, batez ere, idazleen mundu hori ahalik eta hobekien erakustea eta ezagutaraztea.
Zaila al da mundu hori erakustea?
Elementu guztiak ondo lotuta badauzkazu, ez da zaila. Baina kontuan izan behar da astero liburu bat irakurri behar dugula, eta lan eta autore bakoitzak mundu desberdin batera eramaten zaituela. Hori egoki barneratzea eta azaltzea beti da erronka bat.
Asteroko liburu hori aukeratzea nekeza egiten zaizu? Zer irizpide erabiltzen duzu horretarako?
Orain arte, liburuei beren bidea egiten uzten genien, eta denbora bat igaro eta gero egiten genion elkarrizketa idazleari. Iruditzen zitzaigun ona zela liburuei bide hori egiten uztea, denborarekin idazleak ere beste ikuspegi bat izan zezakeelako. Gainera, batzuetan idazleak kanpoan bizi dira, eta agendak adostu behar dira. Orain ere, gure irizpidea hori izango da, baina gaurkotasunarekin tartekatuko dugu.
Liburuak beste modu edo ikuspegi batekin irakurtzen dituzu programarako edo plazererako izanda?
Azkenaldian irakurtzen dudan guztia programarako da. Ia ez dut denborarik beste ezer irakurtzeko. Udan plazerez irakurri dudan liburua Lorea Agirrek Apalategi-a-n gomendatutako Isaac Rosa-ren Final feliz izan da. Baina oro har, esan bezala, programari begira irakurtzen dut. Horrek liburu guztiei etekin bat ateratzea eskatzen digu, eta plazera berekin dator. Liburu guztiek dituzte berengauza interesgarriak.
Nola ikusten duzu Durangoko Azokari begira datorren literatur uzta?
Oso itxura eta usain ona hartzen diot. Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Unai Elorriagak argitaratuko dituzte beren lanak, besteak beste, eta ilusioz hartzen dut udazkenari begira datorrena.
Eta literaturaren kontsumoaz zer ikuspegi duzu?
Esaten da gutxi irakurtzen dela; uste hori dago. Baina nik sumatzen dut literaturarekiko interesa. Elkarrizketa nagusia egitera goazen herrietan irakurleen gomendioak eskatzen ditugu kamera aurrean emateko, eta bakoitzean sare bat badagoela ikusten dugu.
Nola erakarri irakurzalea ez denikusle bat programara?
Nik gerturatzeko esango nieke, irakurtzeko gogoa piztuko dien klabe batzuk emango dizkiegulako, eta idazleen mundura gerturatuko ditugulako. Hori da gure ahaleginetako bat.
Yolanda Mendiola. 'Arte[faktua]' saioko aurkezlea
«Onarpena eta egonkortasuna lortu ditu programak»
Saioaren hirugarren denboraldia «ilusioz» hasi du Mendiolak, eta nabarmendu du «erronka bat» dela programa bakoitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu