Komunikazioa

Olinpiar Jokoak, BERRIAn irakurgai

Olinpiar Jokoetako kirol lehia bihar hasiko da, eta, horren harira, BERRIAk zortzi orrialdeko gehigarri bat aterako du egunero. Euskal kirolariei bereziki erreparatuko zaie, eta haien berri emango da webgunean.

Jendea Parisko olinpiar hirian, atzo. MICHEL EULER / EFE
Jendea Parisko olinpiar hirian, atzo. MICHEL EULER / EFE
urko iridoy alzelai
2024ko uztailaren 23a
05:00
Entzun

Lau urtean behin, urteko ekitaldi handienetako bat izan ohi dira Olinpiar Jokoak. Aurten, Parisen, 10.500 kirolarik parte hartuko dute, eta haietatik 42 dira euskal herritarrak. Jarduera gehienak Parisen bertan egingo dituzten arren, Frantziako beste hiri batzuetan ere izango dira zenbait lehia. Futbolean, adibidez, Frantzia osoko hainbat zelaitan ikusi ahalko dira partidak, eta Polinesia Frantseseko Tahiti uhartean egingo dituzte surfeko probak. Horrelako ekitaldi handiek bete-betean bereganatzen dute hedabideen arreta, eta, beraz, egunotan mundu osoko kazetariz beteko da Frantziako hiriburua. Besteak beste, BERRIA ere han izango da. Ainara Arratibel eta Mikel Rodriguez kazetariak Parisera bidean dira jada, eta aurten, lehen aldiz, BERRIAko Ikus-entzunezkoen Saileko langile bat ere han izango da, Oli Artola.

Kirol lehiari dagokionez, bihar hasiko dira Olinpiar Jokoak, eta, hala, BERRIAk etzi publikatuko du aurtengo Jokoei buruzko gehigarri berezietan lehenengoa. Zortzi orrialde izango ditu, eta egunero publikatuko da, abuztuaren 13ra arte. «Euskal kirolarien berri emango dugu bereziki gehigarrian», adierazi du Arratibelek. «Eta webgunean ere erreparatuko diegu bakoitzaren probei». Hamasei kiroletan lehiatuko da euskal kirolariren bat, baina, haien jarduna aztertzeaz gain, Olinpiar Jokoetako gainerako proben berri ere emango dute BERRIAko kazetariek. 

Artola Parisen izango denez gero, papererako edukia ez ezik ikus-entzunezkoa ere sortuko du BERRIAk, eta webgunean eta sare sozialetan ikusi ahalko da. Artolak Paris hiriko giroa islatuko du kameren bidez, Olinpiar Jokoak ez dira-eta kirol jardun soila. «Ahaleginduko gara kontatzen Jokoek zer eragin izango duten Parisen eta hiriak berak zer aldaketa sozial izan dituen», esan du Arratibelek. Eduki informatiboaz gain, hiru iritzi zutabe izango dira egunero BERRIAk kaleratuko duen gehigarrian: «Hiru zutabeetako bat Maider Ilarregik egingo du egunero. Ilarregi irakaslea da, Parisen bizi izandakoa. Beste bi zutabeak Oli [Artola], Mikel [Rodriguez] eta hiruron artean egingo ditugu, txandaka». Bestalde, webgunean infografiak, bideo laburrak eta unean uneko berriak ikusi ahalko dira.

Proba guztiak, Maxen

Abuztuaren 13an plazaratuko da BERRIAren gehigarri bereziaren azken zenbakia. Jokoen balantzea jasoko da azken zenbaki horretan.

Jokoak telebistan ikusi ahal izateko, berriz, hainbat aukera izango dira Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian, La1, La2 eta Teledeporte kateek laurehun ordu inguru emango dituzte, lehen egunetik azkenera bitarte. Ipar Euskal Herrian, berriz, France2, France3 eta France4 kateek emango dituzte Jokoak, telebista kate irekietan. Hori bai, Max plataforma izango da Jokoak oso-osorik ikusteko modua emango duen bakarra. Iaz sortutako plataformak 3.600 ordu emango ditu hemezortzi egunean, streaming bidez; Olinpiar Jokoetako proba guztiei erreparatuko diete. Eurosporten bidez ikusi ahalko da Max, Eurosportek dituen bederatzi kateetan.

Etorkizunera begira, RTVEk iragarri du  akordio bat lortu duela 2032. urtera arte Jokoak emateko. Beraz, 2028ko Jokoak (Los Angeles, AEBak) eta 2032koak (Brisbane, Australia) La1, La2 eta Teledeporte kateetan ikusi ahalko dira Hego Euskal Herrian, eta baita 2026ko eta 2030eko Neguko Olinpiar Jokoak ere; Cortina d'Ampezzon (Italia) eta Frantziako Alpeetan izango dira, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.