«Bizi naizen artean, ez zait sekula ahaztuko». Juan Mari Urkiolaren hitzak dira, Oizko bizilagun eta 1985eko otsailaren 19an gertatu zen hegazkin istripu lazgarriaren lehen lekukoarenak. Marmoka Films ekoiztetxeak EITB taldearentzat egin duen dokumental batean entzun daiteke Urkiolaren lekukotza. Duela berrogei urte Bizkaiko mendi hartan gertatu zen tragedia kontatzen da lanean, eta, horretarako, elkarrizketa egin diete erreskatean parte hartu zuten hainbat pertsonari. Baita Oiz mendira iritsi ziren lehen kazetariei eta hegazkin pilotu adituei ere. Primeran plataforman estreinatu dute Lainoa Oiz gainean: 610 hegaldiaren tragedia dokumentala. Astearte gauean ETB2 kateak emango du, La noche de... saioaren barnean.
Alejandro Garcia de Bikuña da dokumentalaren gidoilari eta zuzendaria. Errealizadorea Aritz Albaizar da, eta produkzio burua Gentzane Martinez de Osaba.
Datorren asteazkenean beteko dira berrogei urte Iberiako Boieng 727 hegazkinak —Alhambra de Granada zuen izena— ETBren antena jo zuenetik Oiz mendian (Bizkaia). Madrildik zetorren hegazkina, eta Sondikako aireportura zihoan, eta ohi baino beherago. Bestalde, goiz hartan laino oso itxia zegoen. Eta ETBko antena ez zegoen orduko gerturatze agirietan jasoa.
Egun hartan, hainbat hedabidek argitaratu zuten ETAren atentatu bat izan zitekeela. Baina Oiz mendira joan ziren poliziek, ertzainek eta guardia zibilak ez zuten halakorik aipatzen. Guardia zibil batek dokumentalean kontatzen du mendian ziren guztiek argi zutela hura istripu bat izan zela. Berehala argitu zen jendaurrean Oiz mendian gertatutakoa istripu bat izan zela. Hegazkinean bidaiatzen zuten 148 lagunak han bertan hil ziren.
Ordura arte ez zen inoiz halako hegazkin istripurik gertatua Euskal Herrian. Eta erreskate lan zailetan, gorpuak eta biktimen objektuak garraiatzen lagundu zuten Oiz mendiko baserritarrek, traktoreekin. Halaber, auzi mediku batek dokumentalean kontatzen du zer-nolako zailtasunak izan zituzten gorpuak eta gorpuen zatiak identifikatzeko.

Artxiboko irudiek presentzia nabarmena dute dokumentalean. Era berean, elkarrizketatu batzuek aipatu dute «horikeria» izan zela hainbat argitalpenetan, istripuko argazkien erabilera dela eta.
'Zortzitik infinitura'
Primeran plataformak oso bestelako dokumental bat ere estreinatu du egunotan: Zortzitik infinitura. Benito Ansola zuzendari aitzindariaren ibilbidea osatuz, eta Miren Agur Meabe idazlea lagun duela, euskal zinemaren lorratzari jarraitzen dio dokumentalak, etorkizunari begira jartzeko. Naia Laka Arrizubieta zuzendariak Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen filma iazko irailean, Zinemira sailean. «Lekeitiok [Bizkaia] presentzia edukitzea funtsezkoa eta saihetsezina izan da dokumentalean. Euskal Zinemaren Bilera ere bertan egiten da, eta elkarrizketatuek behin eta berriz aipatu izan dute hara joatea plazera izan dela beti», azaldu zuen Lakak orduko hartan. Hainbat herritan egin dituzte dokumentalaren proiekzioak.