Peio Jorajuria. 'Herria' kazetako idazleburua

«Oihartzunen arabera, 'Herriak' bere tokia badu euskal munduan»

'Herrian' 25 urtez ibili eta gero, erretiroa hartzeko unea iritsi zaio Peio Jorajuriari; Boli Kostan kooperazioan izandako egonaldiak mundua begiratzeko ikuspuntua aldatu zion.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Bidarrai
2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
«Ez naiz arranguratzen batere geroarentzat». Peio Jorajuriak (Senpere, Lapurdi, 1955) ongi daki zer egingo duen urritik goiti, erretiroa hartuko duen unetik. Idaztea maite du, bere gogoetak eginez, eta horri orain arte eskaini ezin izan dion denbora eskainiko dio, Herria-n boluntario gisa idazten segituko duen bitartean.

Laster erretreta. Gogoz?

Bai, neure buru ttipiak pausatu behar du pixka bat, hatsa hartu eta beste gauza batzuk egin, zeren beti lana gogoan, akitzen da.

Hainbat libururen eta lanen egilea zara.

Idaztea maite dut, eta beharra badut. Euskaraz idazten dut, frantsesez idaztea ez dut sobera maite. Gogoetak egitera bultzatzen nau; idazten duzularik, ez duzu zernahi idazten; idazten dituzun gauzak ontsa asimilatu behar dituzu idatzi aitzin, ontsa gogoetatu, orekatu... memoria ere lantzen du. Bakezko sentimendu bat ere ematen dit idazteak, ongia egiten dit.

Lanbide desberdinak eginak ditut. Kontable diploma pasatua dut, horrek ez du idaztearekin zerikusirik; egia erran, ez dut anitzetan praktikatu. Burdin lanetan ere aritua naiz Urruñako lantegi batean, fresatzaile bezala; eta Hendaiako beste lantegi batean, Hegoaldetik Frantziarat altzariak pasatzen genituen. Bidarrairat bizitzera jin nintzelarik, Arrosan bazen Denek izeneko kooperatiba bat, eta han altzariak egiten genituen. Gero haurrak jaio ziren, eta haurrez arduratzeko bost urteko baimena hartu nuen.

Ez zen (eta oraindik ere ez da) ohikoa aita batek seme-alabak zaintzeko baimena eskatzea. Nola bizitu zenuen?

Urrezko urteak izan dira. Egia da jendeak gauza anitz erraten zituela... Gizon bat horrela haurrekin, «bere emaztearen bizkar bizi da», «alferra da», «lanik ez du egiten»... horrelakoak erran dira, baina niri berdin zitzaidan, eta aitzina egin dut. Haurrekin promenatzerat joaten nintzelarik, laborari batzuk lanean zeuden, eta ez zuten beti begi onez ikusten. Nik biziki ontsa bizi izan dut haurrez okupatzea, eta anitz maitatu dut. Garai hartan, Baxenabarren bakarra nintzen egoera horretan, eta Lapurdin bazen beste bat, ziburutarra, sei edo zazpi urtez egona dena horrela. Famatua zen, nehork ez baitzuen hori egiten, eta gero ni izan nintzen.

Olerkigintzaren iturria aita gazte izateak sortu omen zizun.

Etxean nintzelarik haurrekin, eta ttipi-ttipiak zirelarik, orduan hasi nintzen haurrei buruz idazten, edo, hobeto erran, haurrekin bizi nuenaz idazten. Lehenago ere bertso batzuk idazten hasi nintzen, ez naiz bertsolaria, bertsozalea bai, eta paperean maite dut bertsoak idaztea. Gero gaia zabaldu dut, eta Euskal Herriari, munduari, giza gaiei eta bestelakoei buruz idatzi dut.

Afrikan izana zara kooperazio lanetan.

Soldadutza ez nuen eginen, antimilitarra nintzen eta naiz, eta lehen batean pentsatu nuen intsumisioa egitea, baina oraino nire garaian aski zaila zen, onartu behar zen, presondegia ere arriskatzen genuen. Momentu berean Afrika beltzaren gutizia hori banuen, tirria hori sentitzen nuen nire baitan, eta Afrikarat joatea hautatu nuen, kooperazio gisa. Organismo batekin harremanetan sartzen zara, ni Pariseko batekin sartu nintzen harremanetan, eta hortik erraten dizute nondik dituzten galdeak. Nik normalki Gabonerat joan behar nuen, harat joateko prestatua nintzen, baina, hiruzpalau hilabete lehenago, tirabirak gertatu ziren Frantzia eta Gabon herrialdeen artean. Gabonek kontratu guztiak hautsi zituen, eta egunetik biharamunera ez nuen posibilitaterik harat joateko. Pariseko erakunde horri galdegin nion berriz, eta Boli Kostan atzeman zidan beste kolegio bat irakasle bezala izateko.

Eta, Euskal Herrira sartuta, aldaketa handia izan al zen?

Egia erran, denbora eman nuen hemen berriz egokitzen, han bizi izan nuena bizi eta gero honat itzulita... Aurkitzen nituen gauza artifizialak; anitz gauzaz pleini ginen ez zelarik baitezpada arranguratzerik, zernahi gauzaren ondotik ibilki gara ez direnak beharrezkoak... Horretan zaila egin zitzaidan berriz hemengo bizian sartzea, baina gero hilabeteekin sartzen zara, eta egiten zara nahi edo ez; ohitura hartzen duzu.

«Munduari lotua behar da izan, ez bakarrik gure mundu ttipiari», esan izan duzu. Boli Kostan egoteak irekidura bat ekarri zizun?

Han egoteak espiritua eta gogoa zabaltzen lagundu nau. Uste dut, goiz edo berant, denek joan beharko genukeela herriz kanpo bizitzera, ez kolonizatzaile bezala, ikustera besteen bizia zer den, partekatzera; aberatsago itzultzen gara. Gainera, norabait joaten garenean, bi urtez edo gehiagoz, orduan eta atxikimendu handiagoa sortzen da gure baitan sorterriari buruz. Norabait joanda, arbolak bezala adarrak zabaltzen dira, eta momentu berean erroak barnerago joaten dira. Niri hasteko on handia egin dit. Boli Kostan bizi izan ditudan bi urteak biziki aberatsak izan dira; anitz gauza ikasi dut hango biziaz, hango jendeaz, baita niri buruz ere, eta hortik idatzi ditut bertso eta kondaira batzuk. Euskal Kultur Erakundeak galdegin zidan zerbait idaztea, gero ikastetxeetan kontatua izateko; euskal diasporari buruz idatzi behar nuen, gaia hori zen. Euskal diaspora beti lotu da euskaldunak Ameriketan-eta, baina nik erran nuen euskaldunak Afrikan ere badirela; beraz, nik bizi izan nuena kontatu nuen, hango ohitura batzuk aipatuz...

Hainbat lanbidetan aritu izan zarela kontatu duzu. Herria-n nolatan hasi zinen?

1994an sartu nintzen, baina urte bat lehenago, Herria astekariko zuzendaria, Emile Larre, gertatu zen hemen, Bidarrain, eta galdegin zidan herri honetako berriketari izatea. Onartu nuen, eta urte batez berriak igorri nituen. Gero, Herria-ko langile baten telefono deia ukan nuen; denbora osoz ari zen, baina lana zaila zitzaion: administrazio lanak egin behar zituen, inprimategia... bakarrik zen, eta erabaki zuen bere denbora erdira pasatzea, eta beste norbait xerkatzea. Orduan, niri pentsatu zuen. Nire haurrak ikastolara abiatuak ziren, eta horrela hasi nintzen. Ez nintzen kazetari bezala hasi, ez bainuen batere formakuntzarik maila horretan, gehiago izan zen kontuak egiteko. Emeki-emeki, idaztea galdegin zidaten, eta denbora osora pasa nintzen. Kazetari lanak denbora gehiago hartu du beste lanek baino, eta senpertar lankide hark lana utzi zuen, eta bakarrik gertatu nintzen. Biziki zaila zen bakarrik; beraz, beste pertsona bat hartu genuen.

Nola aldatu da Herria?

Anitz aldatu da. Ni sartu nintzenean, dena zuri eta beltzez zen, eta dena eskuz egiten zen, doi-doi genuen makina txar bat; ez genuen ordenagailurik, kontuak kaierekin egiten genituen, harpidedunentzat bagenituen fitxak... zinez artisau gisa ari ginen lanean orain dela urte batzuk. Mugaz gaindiko diru laguntza bat ukaiteko aukera bazen, eta dosierrak egin genituen. Harremanetan jarri ginen Ttipi-Ttapa astekariarekin eta Elgoibarko Barren aldizkariarekin. Hiru lurraldeek, Akitaniak, Euskadik eta Nafarroak, proiektu komun bat landu genuen, eta, horri esker, bakoitzak diru laguntza bat ukan genuen; horrekin guk gure lana informatizatu ahal izan genuen, ordenagailua sartu genuen. Aldaketa handia izan zen lan egiteko moldean. Gero, kolorea sartu genuen, eta, geroago, formatuz aldatu genuen. Gaien aldetik ere sakondu dugu, gaurkotu, gehiago gizartean sarrarazi... Herria Piarres Laffitek sortua du, apezen afera bat izan da, eta emeki-emeki apezek utzi dute, eta ni bezalakoek hartu dugu. Gaur ditugun oihartzunen arabera, Herria-k tokia badu euskal munduan.

Interneteko ataria ere badugu orain urtebetetik. Aspaldi aipatzen genuen, eta jendea ere harritua zen ez genuela webgunerik. Aldaketek Herria kazetan beti denbora hartu dute; zerbait aipatzen delarik, badakigu bi edo hiru urte emanen dela gauzatzeko. Administrazio Kontseiluan bagenituen adinekoak, Jean Haritxelar, Emile Larre eta horrelakoak, eta horiek beren egiteko moldea zuten.

Ipar Euskal Herriko euskal komunikabideek proiektu komun bat izateko gogoa duzue. Nola ikusten duzu?

Begi onez. Aspaldi galdegiten genuen; hemen ez gara konkurrentzian sentitu beste euskal hedabideekin, baina sentitu dugu elkarrekin ari behar genuela elkar laguntzeko; horrela hasi ginen iragarkiak biltzen eta gertakari jakin batzuekin. Elkarrekin bagara, indar handiagoa dugu. Urrunago joan behar gara, mintegiak egin ditugu, eta webgune komun bat egitea pentsatzen ari gara. Horra joan behar garela uste dut, baina bakoitzak atxikiz bere autonomia, bere nortasuna, bere linea editoriala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.