Irratia

Oihana Azkuek eta Ekhiñe Zapiainek gidatuko dute 'Zebrabidea' astelehenetik aurrera

Arrosa sareko irratsaioa astelehenetik ostiralera ematen dute, 16:00etatik 18:00etara. Kolaboratzaile sarea handitu egingo dute.

Ekhine Zapiain eta Oihana Azkue 'Zebrabidea' magazineko aurkezleak. ARROSA
Ekhine Zapiain eta Oihana Azkue 'Zebrabidea' magazineko aurkezleak. ARROSA
urtzi urkizu
2024ko irailaren 6a
05:00
Entzun

Proiektu libre eta komunitario garrantzitsuak dira Arrosa irrati sarekoak, eta, elkarrekin egiten dituzten trukeez gain, Zebrabidea magazina ekoizten dute. Udako atsedenaldiaren ostean, astelehenean hasiko dute saioaren denboraldi berria. Iaz bezala, bi esatarik aurkeztuko dute programa, baina aurten Ekhiñe Zapiainek beste lagun bat izango du ondoan: Oihana Azkue. Naiz irratian ari da lanean Azkue, eta eskarmentu handia du irratigintzan. Bien artean gidatuko dute aurten Zebrabidea, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 18:00etara. Arrosa sareko irrati guztietan entzun ahalko da.

Zapiainek hirugarren denboraldia du Zebrabidea-n. «Kontent gaude, nabari da saioak zabalkundea izan duela azken boladan: feedbacka jasotzen ari gara», adierazi du esatari gazteak. Nabarmendu du iaz kolaboratzaile gehiago izan zituztela, eta bide horretan sakontzen saiatuko direla. «Kolaboratzaile sarea are handiagoa izango da aurten».

Bestalde, Zebrabidea-ren ahalik eta parterik handiena zuzenean egiten saiatuko dira. Kontuan hartu behar da Azkue Naiz irratitik ariko dela, Donostiatik. Eta Zapiain, berriz, Antxeta irratitik, Hendaiatik (Lapurdi).

Nahiz eta ñabarduraren bat zehaztea falta zaien, saioaren denboraldi honetarako egitura marraztua dute: sarrera bat egingo dute, eguna kokatzeko. Gero, elkarrizketa nagusia izango da. «Aktualitateari lotutako elkarrizketak izango dira, eta, askotan, gizarte gaiak izango dira nagusi», azaldu du Zapiainek.

Ondotik, solasaldien partea indartzeko asmoa dute. Arrosa sareko irratietako esatariak gonbidatzen dituzte horietara. Astelehenetan, Iparraldeko eta Hegoaldeko irratiak elkartuko dituzte: astearteetan, kirolaren gaineko solasaldia izango dute; asteazkenetan, zinemari buruzkoa; ostegunetakoa aurki zehaztuko dute; eta ostiraletako gaia musika izango da.

Albistegiaren ostekoak

Saioaren erdian, 17:00etan, albistegi labur bat eman ohi dute. Jarraian, albiste onen atala egiten dute, umore ukituz, «baikortasunari tartea egiteko». Euskarazko agerkarien atala iristen da gero. Hedabide hauen edukiak aipatzen dituzte: Nafarroako Hitza, Ipar Euskal Herriko Hitza, Argia, Herria eta Gaur 8 (Gara).

Kolaboratzaile sarearen beste parte bat egiten dute magazinaren bigarren orduan. Egun bakoitzean gai bati helduko diote: astelehenetan, Liburutopiak, Labak, Birak, Larrazagak eta Borderline Fabrikak beren kultur agenda errepasatuko dute; astearteetan, liburu gomendioak egingo dituzte liburuzainekin eta idazleekin; asteazkenetan, baratzea, nutrizioa, landaregintza, feminismoa eta beste gai batzuk izango dira aipagai; ostegunetan, argazkigintza; eta ostiraletan, trikiti elkartearen kolaborazioa izango dute. Ainize Madariagak asteko errepasoa egingo du, umorez. Galtzagorri elkarteak ere kolaboratuko du saioan.

Amaitzeko, irratien tartea egingo dute egunero: hamar minutuko solasaldi bat izango da Arrosa sareko irratien eskutik. Eguneko agendarekin amaituko dute programa.

Zapiainek nabarmendu du «zuzenekoa bermatzea» izango dela aurtengo xedeetako bat. Iaz bezala, egun jakin batzuetan Zebrabidea ohiko gunetik kanpo egingo dute. Arrosa sareko beste irratietara bisitak egiteko asmoa ere badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.