Iragarkiak

Oihan Loitik irabazi du Euspot lehiaketako lehen saria

'Izan burua, altxa burua' lanarengatik lortu du Loitik iragarkirik onenaren saria. Publikoaren saria, berriz, Julen Calderonek, Garazi Prietok eta Zaloa Garciak irabazi dute.

Euspot lehiaketako irabazlea: 'Izan burua, altxa burua'. BERRIA
Euspot lehiaketako irabazlea: 'Izan burua, altxa burua'. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko ekainaren 7a
05:00
Entzun

Sakelako telefonoak eta adin txikikoak gaiak askorako ematen du, eta gai hori bera aukeratu dute aurten Euspot euskarazko iragarki lehiaketan. Parte hartzaileek 30 segundoko iragarki batean azaldu behar zuten sakelako telefonoek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukerak eta mehatxuak. 87 lan aurkeztu zituzten, eta, horien artean, epaimahaiak Oihan Loiti Iraola Arrasateko (Gipuzkoa) gaztearen Izan burua, altxa burua iragarkiari eman dio spotik onenaren saria (1.000 euro). Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eman zion saria Loitiri, atzo, Aretxabaletan (Gipuzkoa). Epaimahaiak zera nabarmendu du irabazlearen lanaz: «Spotaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna da gehien baloratu duguna».

Iragarkirik onenaren saria jaso duen lana: Izan burua, altxa burua.

Hamahirugarren urtez egin dute Euspot lehiaketa. Sariak banatzeko ekitaldia atzo arratsaldean egin zuten, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Arkupe kultur etxean. Epaimahaiak aukeratutako hogei lan finalistak pantaila handi batean proiektatu zituzten.

Nabarmentzeko lanen artean da, bestalde, Gora begira mundu berria iragarkia. Publikoaren saria jaso dute lan horrekin Julen Calderon Soriak, Garazi Prieto Fernandezek eta Zaloa Garcia Rodriguezek (500 euro). Spotak zortziehun boto baino gehiago jaso ditu. Formatu bertikalean grabatua dago.

Publikoaren saria jaso du Gora begira mundu berria lanak.

Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onenaren saria Distrakzioaren adikzioa lanak jaso du (500 euro). Egileak Unai Cantabrana, Aner Olaizola eta Danel Ezpeleta dira. Musika sinkronizazioaren saria ere lortu dute ikasle horiek. Epaimahaiak iragarkiaren «musika egokitasuna eta originaltasuna» nabarmendu ditu.

Bada kategoria bat 18 urte baino gutxiago dituzten ikasleen lanak saritzeko: Gazteen saria. Aurten, Arrasateko (Gipuzkoa) Peru Arresek eta Izadi Zumaldek irabazi dute sari hori, Heldua zu zara, heldutasunez jokatu iragarkiari esker.

Arrasateko Arizmendi ikastolako ikasleen iragarkirik onenaren saria Eider Sanchezek, Maddi Lasak eta Itxaso Lopezek irabazi dute, Zuk zeuk erabaki lanari esker.

Antolatzaileek lehiaketaren parte hartze handia nabarmendu dute: 87 iragarki jaso dituzte. Publikoaren sarirako, lau egunean zortziehun boto baino gehiago jaso dituzte.

Bestalde, ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formakuntza saioak egin dituzte Euskal Herriko hainbat ikastetxetan, «iragarki egileen harrobia indartzeko asmotan». Azkeneko urteetan, 4.500 ikaslek baino gehiagok jaso dituzte Euspoten formakuntza saioak.

Euspot lehiaketa Mondragon Unibertsitateak, Aretxabaletako Udalak, Arteman komunikazioa agentziak eta Arizmendi ikastolak antolatzen dute. Aurten, babesle nagusia Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila izan da. Laguntzaileen artean daude Bai Euskarari elkartea eta Music Library.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.