Oiartzun Irratiak festa batekin ospatuko du 25. urteurrena

Igandean bete zen mende laurden bat euskarazko irratiak lehen emankizuna egin zuenetik. Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte larunbaterako.

Alazne Etxeberria eta Itsaso Guemes, Oiartzun Irratiko esatariak. ERIK GARTZIA / HITZA
Alazne Etxeberria eta Itsaso Guemes, Oiartzun Irratiko esatariak. ERIK GARTZIA / HITZA
urtzi urkizu
2024ko uztailaren 10a
05:00
Entzun

Kontakatilu Irratia zenaren azpiegitura aprobetxatuz, eta Oiartzungo Udalaren (Gipuzkoa) laguntzarekin, Oiartzun Irratiak 1999ko uztailaren 7an zabaldu zuen bere seinalea aurreneko aldiz. 25. urteurrena ospatzeko, herritarrekin festa berezia antolatu dute larunbat honetarako. Baditu berrikuntzak irratiak; esate baterako, Arraskuelarre lokaleko lokal zaharra utzi, eta euskalgintzako eragileekin batera partekatzen du orain irratiak Landetxe eraikin berriko azken solairua.

Oiartzun Irratia osatzen duen komunitatea larunbatean elkartuko da, beraz. Bazkari handi bat egingo dute, auzoetako elkarteetako sukaldariek prestatutakoa. Sarrerak salgai daude irratian bertan eta Landetxen. Jaialdia haurren txokoarekin hasiko dute, ikastetxeetako guraso elkarteekin eta Abaraxka taldearekin hitzartuta. Eguerdian desafio handia egingo dute herri kiroletan, herriko gazteen eta beteranoen artean. Ekitaldiaren ondoren izango da bazkaria, eta Joxe Leon Kazabonek eta Irati Odriozolak girotuko dute postrearen garaia. Kopla txapelketaren sariak nork jasoko dituen herritarrek erabakiko dute. Mxk3r eta Dantzall Soundek hartuko dute girotzearen lekukoa, eta Tio Teronen Semeak taldearen hirugarren ikuskizunaren estreinaldiarekin bukatuko da ospakizuna.

Programazioa

Alazne Etxeberria eta Itsaso Guemes irratiko esatariek nabarmendu dute udalarekin elkarlana estutzen ari direla: «Udalak ikusi du proiektu interesgarria dela, eta zabaldu edo ireki nahi dute. Kolaborazio berriak sortu nahi dituzte, eta herritarrak hurbildu».

Euskarazko irratiaren programazioari dagokionez, Arguyuan saioak garai bateko espirituari eusten dio. Baina orain baditu bere berezitasunak; astea Joxemi Lopez eta Kirolez blai-rekin hasten dute beti. Joxe Mari Mitxelenarekin herriko ondarea ezagutzen dute; eta, Oarso Bidasoko Hitza-rekin elkarlanean, errepasoa ematen diote aktualitateari.

Asteartero Zana zalako irratsaioa ematen dute. Herriko gonbidatu bat eramaten dute, eta haren bizitzari buruzko elkarrizketa «intimoa» egiten diote. Esatarien arabera, «arrakasta handiena» duen saioa da. Eltze tartin sukaldaritza saioa egun horretan izaten da, Gazteluko Haritz Ertzibengoarekin. Hilean behin, ziklizitateari buruz aritzen dira Loregorri taldekoekin. 

Asteko hirugarren egunean, nazioarteko gaiak izaten dituzte hizpide, Txente Rekondorekin, eta Udalaren tartea espaziora udaleko ordezkariek gaurkotasunezko gai bat eramaten dute. Ostegunetan, Literhari euskal literaturari buruzko programa izaten dute, eta Lanin egitasmoaren tartea ere bada. Astea bukatzeko, bideojokoak eta bertsoak izaten dituzte hizpide, eta asteko sarien zozketa egiten dute. Sariak herriko dendek eta tabernek ematen dituzte —berrogeik baino gehiagok babesten dute irratia—.

Datorren denboraldian, haurren literaturari buruzko irratsaio bat estreinatuko dute, baita webgune berria ere. Gala batean aurkeztu nahi dituzte berritasun guztiak. Oiartzuarren erakusleihoan parte hartzeko baldintza bakarra dago: euskaraz aritzea.

Azkeneko asteetan, bestalde, herriko talde, elkarte eta enpresa ugarik eman diote babesa irratiari, haren 25. urteurrena dela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.