1996an Coen anaiek Fargo plazaratu zuten. Elurra, ezkutuko hilketak eta polizia baldarren umore beltza. Estreinatu eta berehala, filmak sari handiak lortu zituen: Cannesko Zinemaldiko zuzendarik onenarena eta bi Oscar. Denborak are arrakastatsuago egin du, kultuko bilakatzeraino.
2014an, Noah Hawleyk, filma eraberritu, eta antologiazko telesail bilakatu zuen. Jatorrizko kontzeptua fidelki aberastu zuen; kritikak zein publikoak egundoko harrera egin zioten eta bost denboraldi osatu ditu jada. Pentsa, 97 minutuko filma, 51 atal eta ia bostehun orduko unibertso erraldoi bihurtu da bi hamarkadako tartean.
Martin Freeman, Billy Bob Thorton, Jesse Plemons, Kirsten Dunst, Ewan McGregor, Chris Rock... Hollywoodeko dozenaka izar seinalatuk hartu dute parte telesailean, baina horiek guztiak ez dira sekula pantailan elkarrekin agertu. Hawlyek bete-betean asmatu zuen antologiazko formatuarekin, arnasa luzeko telesailen arku dramatikoetatik at askeago jardun ahal izan duelako gidoigintzan eta aktoreen aukeraketan.
Atal berriak eskola giroko istilu eta zalaparta betean abiatzen dira. Ikasle, irakasle, guraso... denak ari dira elkar joka. Alaba magalean duela, emakume protagonista zur eta lur dago, ikusten ari dena sinetsi ezinik. Baina indarkeria halakoaz kutsatuta edo, bera ere polizia agente bat jotzen hasiko da, bat-batean.
Txanponaren beste aldean, sendi aberats bat, Gabonetako familia argazkirako posatzen, metrailetak eskuan dituztela. Zorrak kitatzeaz arduratzen dira AEBetako agentzia milioidun batean; ama da haien burua (Jennifer Jason Leigh, The Hateful Eight).
Logika horietatik guztietatik kanpo bizi da istorioko hirugarren protagonista nagusia, Ipar Dakotako sheriffa (Jon Hamm, Mad Men). Bere autoritatea edonoren eta edozeren gainetik dagoela uste du, eta hala adierazten du egunerokoan: esaterako, hilketa misteriotsu bat argitzera datozen detektibeei biluzik harrera eginda.
Argazkia, argiztapena, elkarrizketak... denen helburua da telesailak horren berezkoa duen irrealtasun sentsazioa eragitea. Eszenarik gehientsuenak irrigarriak dira, eta, aldi berean, iluntasun eta zama dramatiko ikusgarria dute. Polizia itaunketak, sukaldeko eztabaidak, gasolindegietako tentsioz beteriko itxaronaldiak... batek baino gehiagok pentsatuko du horiek guztiak dagoeneko hamaika alditan ikusi dituela, baina minutu bakar bat ere ez dago sobera.
Esperimentuak alboratuta, telesaila jatorrira itzuli da orain, lehen bi denboraldien espiritura. Protagonista inozo bat eta dozenaka arazo. Oharkabean, indarkeriazko mundu batean murgilduko da, eta, gertakariak korapilatu ahala, agerian geratuko da bera ere ez dela horren inozoa.
Laster, hamar urte beteko dira Fargo pantaila txikira heldu zenetik, eta, estreinaldiko sasoi hartatik Emmy sarien loria berriz ere dastatu ez duen arren, esan liteke proiektuak indartsu dagoela oraindik, edo, sikiera, Hawleyk norabidea zuzentzen jakin duela.