Xabalina jaurtitzailea da Odei Jainaga. Interneteko sare sozialetan ere aritzen da, eta makina bat aldiz azaldu da EITBko programetan. Bihartik aurrera, berriz, Primeran plataformaren Piztien artean saio berria gidatuko du. Munduan zehar bidaiatuko du, piztiarik harrigarrienekin aurrez aurre topo egiteko. Abentura horietan, kirolariak bere trebetasunak erakutsi beharko ditu. Primeran-ek iragarri duenez, «bere bizitza benetan arriskuan egongo den hamaika egoerari aurre egin beharko die». Programaren lehen denboraldiak sei atal izango ditu —bakoitza hogei minutukoa—, eta aurreneko bi ataletan Ekuadorren eta Indian oihanean egindako bidea erakutsiko dute.
Jainagak berak Primeran-en lanean ari den Jon Garateri komentatu zion gustatuko litzaiokeela animalien inguruko saio bat egitea. «Handik bizpahiru hilabetera, proiektu hau iritsi zen. Egitea interesatuko litzaidakeen galdetu zidaten, eta munduan barna bidaiatzeko aukera ere eman zidaten». Ekuadorren bi atal grabatu dituzte, beste bat Indian, eta Tanzanian, Thailandian eta Ugandan ere ibili dira. Prime Time ekoiztetxearen saio bat da Piztien artean; Jon Abasolo eta Eneko Zaldundo daude lantaldean.
Animaliekin oihanean beste herrialde batzuetan egin izan diren saioen antzekoa da Primeran-ekoa. «Aldea da euskaraz dela. Izan ere, orain arte euskaraz ez da halakorik ezer egin», dio Jainagak.
Aurkezleak nabarmendu du, bestalde, Piztien artean saioa reality estiloan egina dagoela. «Saioak intentsitatea goian mantentzen du une oro, ikuslea aspertu ez dadin. Oso entretenigarria da, klik motzez osatua, erritmo bizkorrean». Atal bakoitza 25 minutukoa da. Jainagak badu gogoa denboraldi gehiago grabatzeko. «Agian halako dokumentalak egiteko aukera izan dezakegu».
Publiko motari dagokionez, gazteei zuzendua dago. Baina saioa «adin guztietako jendearentzat» eta «familia osoarentzat» dela aipatu du Jainagak. «Primeran-en target ofiziala 16-30 urte artekoa da, baina publiko askoz zabalagoa da». Era berean, iruditzen zaio telebista konbentzionalean —ETBn— ere emateko modukoa dela. «Saioa ikustera animatu nahi dut jendea. Ikusleei gustatuko zaie», gaineratu du saioko protagonistak.
'Konpainia onak' filma
Primeran-ek zinema zaleentzako hainbat lan estreinatuko ditu egunotan. Gaur bertan, Silvia Munt zinemagilearen Konpainia onak filma iritsiko da katalogora —euskarara bikoiztuta—. Errenterian (Gipuzkoa) dago girotuta, 1977. urtean, eta gazte feminista batzuen istorioa kontatzen du. Aktoreen artean, Elena Tarrats, Ainhoa Santamaria eta Itziar Ituño daude.
Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, berriz, bilduma propioa izango du bihartik aurrera plataforman. Film labur hauek ikusi ahalko dira: Hemen bizi da maitasuna, Hondarrak, Arnasa, Cuerdas, Infernuan, Sutan, Sorbeltza, Lanbroa eta Contadores. Bilduma berean izango dira Pizti bat agian, Aire!, Arnasa betean emakume zinegileak eta Esther Ferrer: Hilos del tiempo dokumentalak.
Halaber, gaur Geraunea (Stayer) Norvegiako dokumentala iritsiko da Primeran-era, euskarara bikoiztuta.