AEBetako 50 estatuetatik 49tan egona da, eta Hawaiira joatea baino ez zaio falta Mikel Reparazi (Arbizu, Nafarroa, 1975). 2013aren hasieratik ari da han berriemaile, eta «arrazakeria sistematikoa» dagoela dio. «Epe ertainean, konponbiderik gabekoa da arazoa».
Zure kazetari lanaren ikuspegitik, zer alde dago Obamaren garaian lan egitetik egungo Trumpen garaira?
Aldaketa oso handia izan da, batez ere gobernuko iturriei dagokienez. Obamaren garaian gardentasun handi samarra zegoen. Estatu Idazkaritzara jotzen dut, eta bozeramaileak beti zeuden prest hitz egiteko. Hori itxi egin da orain, gobernuko iturriek ez dutelako hitz egin nahi jakin gabe Trumpek hurrengo goizean zer jarriko duen Twitterren. Koordinazio falta handia dago gobernu barruan, eta mesfidantza handia sumatzen da, ez dakitelako presidenteak hurrengo egunean zer esan edo idatziko duen. Gure lana frustrantea da, presidenteak esandako kontu asko gezurrak direlako, gainera. Gezur giroak hedabideak kutsatu ditu.
Trumpek gurutzada du hedabide batzuen aurka. Zeren seinale da hori?
Estrategia beraren barruan dago. Trumpek hasieratik erabili ditu hedabideak, nahi bezala. Ondo jakin izan du hedabideen botereabere alde erabiltzen. Presidente delarik, hedabideen jarduera mespretxatzen du orain. Ez garela fidagarriak dio, eta herritarrengan harrera ona du horrek.
Aldeko hedabideak ere baditu: Sinclair taldea, Fox News...
Sinclair taldeak tokiko irratiak eta telebistak ditu, eta plataforma handia da. Gainera, ultraeskuinetik hedabide batzuk sortu dira, Interneten eragin handia daukatenak. Gizartean dagoen zatiketaren isla da.
Prentsa askatasunaren egoera nola dago AEBetan?
AEBek prentsa askatasuna beren bandera gisa ikusi dute. Talde arrazistak eta supremazistak hori aldarrikatzen ari dira. Esango nuke prentsa askatasuna badagoela, baina presidente honekin asko murriztu da, eta hedabideen prestigioak behera egin du. Kazetariak izen eta abizenekin hormaren aurka jartzen ditu Trumpek.
Supremazistak aipatu dituzula, Charlottevilleko nazien gertakarien tankerakoak irits daitezke?
Hori bistakoa da. Trumpen presidentetzak supremazistak, naziak eta talde arrazistak puztu egin ditu, eta kalera irten dira. Lehendik ere bazeuden, baina adierazgarria da kalera irtetea. Trumpen boto emaileak direla esana dute. Presidente beltzaren kontrako erreakzioa iritsi da. Inkesta baten arabera, herritarren %10k ongi ikusten du neonazien diskurtsoa.
Aipatu duzun gizarteko zatiketa da AEBetako arazorik larrienetakoa da egun?
Bai, zalantzarik gabe. Zatiketa Obamaren garaitik dator. Gutxiengoak alde izan zituen Obamak, baina gehiengo kontserbadorea aurka izan zuen, eta zatiketa ekarri du. Obama aroari mendeku hartzea dator orain.
New Yorken bizi zara. Zer moduz sentitzen zara han?
Betidanik asko gustatu izan zaidan hiria da. New York munduaren hiriburu globala da, ez du ematen AEBetan nagoenik, munduko herri guztietako komunitateak daudelako. Tartean, euskal komunitatea.
New Yorken beste kazetariei esaten diezunean Euskal Herrikoa zarela, ba al dakite zerbait Euskal Herriaz?
Bai, bai, badakite. Neure burua beti Euskal Herriko kazetari gisa aurkezten dut, eta gehienek ezagutzen dituzte Euskal Herriko arazoak. CNNk eta The New York Times-ek sarri aipatu izan dute Euskal Herria.
Kataluniako prozesu independentistarekin badute interesa?
Bai, noizbait deitu izan didate gaiaz iruzkinen bat eskatuz. Interes handia dago AEBetan. Munduko herrialde askoren oinordekoak daude han.
New Yorken informatzeko abantailak ere izango dituzu?
Intelektualak, idazleak, unibertsitateetako adituak daude hiri honetan. Columbia Unibertsitatea da munduan Nobel saridun gehien dituen unibertsitatea, eta, niretzat, meatze bat da elkarrizketak egiteko orduan.
2004tik 2009ra kudeaketa lanean aritu zinen Radio Euskadin. Nazioarteko kazetaritzan aritzea nahiago duzula esan izan duzu.
Irratian asko ikasi nuen hedabide batek nola funtzionatzen duen, eta zer presio dauden. Baina niri kaleko lana gustatzen zait. Kanpoan lan egiteak askatasun handiagoa ematen du. Baina EITBko editoreak aseezinak dira, eta etengabe nahi dituzte AEBetako albisteak. Lan asko dut han. Espero dut, hala ere, luzaroan lan hau egiten jarraitzea, maite dut.
Mikel Reparaz. EITBren berriemailea Ameriketako Estatu Batuetan
«Obama aroari mendekua dator orain»
'Kazetaritza bertatik bertara' jardunaldietan parte hartu du asteon Reparazek, Gasteizen. Nabarmendu du Trumpekin Obamarekin baino zailagoa dela kazetari lana AEBetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu