Nuen Maite irratiak aurkezpen jaialdia egingo du gaur

Bilboko Deustu auzoko gazte lokalean sortu dute irratia, eta askotariko ekitaldiak antolatu dituzte gaurko. Lehen irratsaioa jendaurrean egingo dute, 17:00etan.

Bilboko Nuen Maite irrati berria. NUEN MAITE IRRATIA
Bilboko Nuen Maite irrati berria. NUEN MAITE IRRATIA
urtzi urkizu
2025eko otsailaren 8a
05:00
Entzun

Bilbok irrati berri bat du. Nuen Maite Irratia du izena, eta pausoz pauso joango dira egitasmoa garatuz. Oraingoz, podcast batzuk grabatu eta Interneten zabalduko dituzte. Baina lehen hazia gaur bertan jarriko dute, aurkezpen jaialdi berezi batekin. Deustuko gazte lokalean egingo dute jaia, 12:30ean.

Binilo pintxada Mortan Kombat eta Ixxilaren eskutik hasiko dute, 13:30ean. Herri bazkaria egingo dute gero. Eta, 17:00etan, irrati berriaren aurreneko irratsaioa egingo dute, jendaurrean, gazte lokalean bertan. 20:00etatik aurrera, kontzertuak izango dituzte: Katu, Benizze eta Kimosoundz (DJ saioa).

Proiektua ezagutzeko interesa duen edonori bertara joateko deia egin dio Arkaitz Sagastik, Nuen Maite irratiko ordezkariak. «Tresnerian gastatu duguna berreskuratzeko izango da, gainera, gaurko jaialdia». Kontzertuetarako sarrera bost eurokoa izango da.

Egitasmoaren jatorria lagun talde baten ideian dagoela azaldu du Sagastik: «Iaz, Deustuko gaztetxeak Samalda astea antolatu zuen. Irola irrati librearen tresneria hartu, eta zuzeneko saio bat egin genuen han bertan. Jendearen harrera eta tokiaren aukerak ikusita, estudio txiki bat jartzera animatu ginen». Ikasturte hasieratik aritu dira lanean, irratia martxan jartzeko.

Deustuko gazte lokalean dagoen Txoridendako gela bat hartu dute Nuen Maite irratia jartzeko. Gazte lokaleko asanbladak begi onez ikusi zuen egitasmoa, eta Sagastik nabarmendu du «babesa eta laguntza» izan dutela gazte lokalaren aldetik.

Auzotarren hitza

Oraingoz, batez ere Deustuko auzoari zuzenduko zaio Nuen Maite irratia. «Auzotarrek hitza har dezatela da gure nahia. Eta gustatuko litzaiguke aurrerago muga horiek gainditzea», dio Sagastik. «Gauzak patxadaz egin nahi ditugu, hala ere. Badabil jendea irratsaio posibleak imajinatzen: musika elkarrizketak, auzoko historia, gaikako saioak... apurka-apurka jendea erakarri, eta denon artean osatuko dugu programazioa». Baina hastapenetan, podcastak grabatzeko espazio bat izango da irratia. «Ez diogu uko egiten etorkizunean FMko irrati izateari».

Estudioa auzotarrei zabaldu eta parte hartzeko deia egin diete irratiko kideek. Helbide elektroniko honetara idatz dezakete interesa dutenek: [email protected]. «Gurekin harremanetan jartzeko modurik aproposena gaztetxeko bilera batera joatea litzateke, ideiak edo proposamenak azaltzeko», aipatu du Sagastik. Era berean, lantaldea handitu eta osatu ahala, denen artean erabakiko dituzte helburuak, kudeaketa eta bestelako erabakiak.

Irratiaren izenak Mikel Laboak kantatzen zuen abesti bati egiten dio erreferentzia, Sagastik azaldu duenez. «Podcastak grabatzeko estudio bat dugu, momentuz.... baina nik, irratia nuen maite».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.