Noticias de AlavaArabako egunkariko langileek eta langile batzordeak «kezka handia» eta «erabateko etika eza» azaldu dituzte, egunkari horretako webguneko artikulu batzuk AA adimen artifizialarekin eginak direla jakin ostean. «ChatGPT tresna erabili da hainbat informazio digital lantzeko, eta ez gaude horrekin ados. Etika profesional eza erabatekoa da, eta ziur gaude irakurleek ez dutela hori espero: webgunean AAk sortutako informazioak argitaratzea, eta ez kazetariek landutakoak».
Borja Lazkano Noticias de Alava-ko langileak azaldu du nola izan duten praktika horren berri: «Adimen artifizialean oso jantzia den pertsona batekin hitz egiten ari nintzen, eta esan zidan webguneko hainbat artikulu ChatGPT erabiliz eginak zeudela. Artikulu bat aukeratu genuen, eta agerian ikusi zen %96 AArekin egina zegoela». NTM Noticias Taldea Multimedia enpresako langileek egunkariarentzat egindako artikuluetan gertatu da hori; kontuan hartu behar da lantalde finkoko kazetariak abenduaren 2tik sinadura greban daudela, lan hitzarmen propio bat eskatzen baitute. «NTMko langile batek sinatutako artikuluak aztertzen hasi ginen: sei aztertu genituen, eta horien artetik AA gutxien erabilitakoan ere artikuluaren %78 zen AAk egina», gaineratu du Lazkanok.
Langileek bilera batean egunkariko zuzendariari eta kudeatzaileari aipatu zieten auzia. «Harridura keinua egin zuten lehenbizi. Eta gero esan zuten gaur egun badaudela tresnak lanerako...». Haserre mintzo da Lazkano: «Gauza bat da tresnak egotea, baina adimen artifizialari artikuluak idazteko eskatzea beste gauza bat da. Guk dakigunez, lantaldean inork ez du hori egiten, azpikontratatua dagoen NTM enpresakoen artikuluetan soilik gertatzen da».
Egunkariko langile batzordeak X sare sozialean eman du argitara enpresaren erantzuna: «Albisteek webgunean funtzionatzen badute eta ikustaldiak ematen dituzten bitartean, berdin du nola sortzen diren. Jasotako 337.500 euroak Bermatu bezalako tresnak sortzeko eta desinformazioaren aurka borrokatzeko dira».
BERRIA saiatu da salaketa horren inguruan zuzendaritzaren iritzia jasotzen, baian ez du erantzunik izan.
Langile batzordeak salatu du praktika hori irakurlea engainatzeko «iruzurra» dela, «sinetsarazten baitzaio artikuluaren atzean kazetari bat ari dela lanean, eta, haren ordez, adimen artifiziala ari da testuak egiten». Are gehiago, langileek eta langileen ordezkariek gogorarazi dute Eusko Jaurlaritzak iaz 337.500 euroko laguntza eman ziola Noticias de Alava-ri, «adimen artifizialaren efektuei aurre egiteko». Jaurlaritzaren laguntza handienetakoa jaso zuen arlo horretan Noticias taldeak.
Talde politikoekin biltzen hasiak dira
Puri-purian dago adimen artifizialaren gaia, eta horren kontziente dira egunkariko langileak. «Badakigu ChatGPT oso presente dagoela gizartean, eta aukera ugari zabaltzen dituela. Baina uste dugu lanaren osagarri gisa soilik erabili beharko litzatekeela, eta inola ere ez albisteak idazteko. Are gutxiago kazetariak ordezkatzeko».
Lazkanok azaldu duenez, salaketa agiria plazaratu eta gero, egunotan erreakzio asko izan dira: «Herritar askok esan digute webgunean argitu egin beharko litzatekeela albiste bat AArekin egina baldin badago. Argi dago: ezin da irakurlea engainatu».
Noticias de Alava-ko langileak hasiak dira hainbat talde politikoren ordezkariekin biltzen auziaren nondik norakoak azaltzeko. «Arabako Batzar Nagusietara joango gara, baita Gasteizko Udalera eta Eusko Legebiltzarrera ere», gaineratu du Lazkanok.