'Nortazünak' dokumentala estreinatu du Kanaldudek

Elsa Oliarj-Ines zinemagilearen proiektu kontzeptuala da. Haurrek eskolatik institutura igaro arte bizi duten bazterkeria salatzea du helburu

Nortazünak saileko protagonistetako bat, Oliarj-Inesek elkarrizketatzen duen bitartean. KANALDUDE.
iraia vieira gil
2023ko azaroaren 4a
00:00
Entzun

«Uste dut gurasoek behar dutela entzun haurrek esan behar dutena, eta, askotan, ez dutela konprenitzen eskolan bizi duten biolentzia», adierazi du Elsa Oliarj-Ines zinemagileak. Hamar urte eman ditu Nortazünak sail esperimentala egiten, eta helarazi nahi duen mezua zein den argi du: «Bazterkeria haurren gaitz bat besterik ez dela uste dugu helduok, baina, gero, betiko gordetzen dituzte momentu horietako oroitzapenak». Bizitako indarkeria horrek zehazten du, haren iritziz, norberaren izaera. Eta hori erakutsi nahi izan du lana osatzen duten hiru ataletan: Kanpoko mundua, Kanpoko denbora eta Kabana handia. Kanaldude Ipar Euskal Herriko herri telebistak estreinatu du.

Sohütako Eperra ikastolako (Zuberoa) umeak dira dokumentaleko protagonistak, eta 3 urte inguru zituztenetik lizeoan sartu arteko ibilbidea egiten du grabazioak. «Lehen aldia zen umeekin lan egiten nuela. Momentura arte, nire adineko gazteak filmatzen nituen», aitortu du zinemagileak. Adinkideek, berriz, ez zizkioten ematen izaeraren inguruan bilatzen zituen erantzunak. «Haurren irekitzeak aukera eman dit nortasunaren nondik norakoak nola eraikitzen ditugun jakiteko, eta, hartara, hobeki konprenitzen dut nola antzematen dugun gure izaera».

Lan hori egitea ez da erraza izan, Oliarj-Inesek berak bazterkeria jasan zuelako. «Haur bat urtez urte baztertzen zutela ikustea bereziki zaila izan da». Gainerakoek ez zuten umearekin jolastu nahi, eta taldekako jokoetan azkena aukeratzen zuten. Momentu batzuetan ere jokotik kanpo uzten zuten: «Zu ez zara gurekin jolastuko!». Zinemagileak ziurtatu du, ordea, ume horrek izugarrizko barne mundua duela, eta bere begiekin komunikatzen dakiela. «Anitz maite dut nola hitz egiten duen begiekin, eta ohartu naiz bazterkeria momentu horietan bere burua beste nonbait zegoela».

Ataletan ikus daitekeenez, grabatzeko era progresiboa izan da: hasieran, urrutitik filmatzen ditu umeak; ondoren, haiekin erlazionatzen hasten da eta solasaldi laburrak ditu; eta, azkenik, aurrez aurre egiten ditu elkarrizketak. «Haur bat biolentatua zelarik, berarekin eta eraso zion beste umearekin antolatzen nituen elkarrizketak». Patio orduan ziren guztiak. «Helburu nagusia zen baztertutako horrek kontrola hartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.