'Nork Nori Noiz?' podcasta, Badalaben eskutik

Askotariko lagunak elkartzen dituzte solasaldi ludiko bereziak egiteko. Atalak Peertuben daude bideo formatuan, eta Baleafunken, berriz, audioan.

'Nork Nori Noiz?' podcastaren irudi bat. BADALAB
'Nork Nori Noiz?' podcastaren irudi bat. BADALAB
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Errenterian (Gipuzkoa) dago Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategia, eta askotariko egitasmoak dituzte martxan. Haietako bat Nork Nori Noiz? bideopodcasta da: lehen atalak bideoan ikus daitezke Peertuben, edo entzun Baleafunk plataforman. «Badalabek sare libre eta deszentralizatuen alde egiten duenez apustua, oraingoz hor soilik daude atalak argitaratuta», azaldu du Goiatz Oiartzabalek, Badalabeko zuzendari nagusiak.

Aurreneko atalean, Ines Osinaga eta Leo Bueriberi jarri zituzten aurrez aurre mahai batean. 45 minutuko iraupena du atalak. Bigarren atalean, Leire Lison eta Gorka Julio gonbidatu dituzte, eta apur bat laburragoa da, 41 minutukoa. Bi astetik behin argitaratuko dute atal bat.

Oiartzabalek nabarmendu duenez, podcastak bat egiten du Badalaben egitekoarekin eta egiteko moduarekin. «Eta, beraz, komunikazio estrategiarekin jotzen du bete-betean». Badalab egitasmoaren egitekoa zein den gogoratu du: «Ekarpena egitea bere laborategi izaeratik, etorkizunean euskaraz bizitzeko hautua egingo duen hizkuntz komunitatea egon dadin, euskara erabilia izan dadin». Horrenbestez, komunitatea elikatzeko ekarpena egin nahi du Badalabek.

Xede hori gogoan, hainbat gai jorratzen dituzte Errenteriako laborategian. «Etorkizuneko ikuspegia, kontakizuna eta diskurtsoak, komunitatearen barneko gorputzen dibertsitatea, gorputzen arteko justizia sozialean oinarritutako harremanak, gizarte digitala, teknologia libreak eta komunikazio sistemak, tokian tokiko ekintza lokala eta hizkuntz mailako ekintza». Gai horiek aipatu ditu Oiartzabalek. Baina gehitu behar zaizkio «euskarara gerturatzeko bide desberdinak eta hizkuntza ohitura aldaketak».

Nork Nori Noiz? podcastean askotariko jendea elkartzen dute gai horien inguruan hitz egiteko. «Ezohiko parametro batzuetan ari gara solasaldiak grabatzen. Formatu ludikoa da, eta horregatik ez dago elkarrizketatzailerik». Izan ere, podcastak ez du aurkezlerik.

'Nork Nori Noiz?', Badalaben podcasta
'Nork Nori Noiz?', Badalaben podcasta. BADALAB

Podcastean aritzeko gonbidatzen dituzten parte hartzaileei dagokienez, erdiek harremana izan dute aurretik Badalabekin, eta beste erdiek ez dute ezagutzen laborategia.

Jolasak

Ezusteko ugariz betetako podcasta da Nork Nori Noiz?. Oiartzabalen arabera, bikoteek ez zeukaten oso argi zertara joango ziren. «Zein izango zen dinamika, norbaitekin arituko ziren elkarrizketan edo ez...». Badalab laborategira iritsitakoan azaldu diete dena.

Atal guztiak lotzen dituen bakarra formatua bera da. Baita azken galdera ere. «Eta denek dituzte mahaia, karta jolasa, kanpaia, koadernoa eta arbela. Denek dute ezusteko elementu bat. Denek dituzte elkarrizketarako gaiak».

Podcastaren lehen denboraldiak hamar atal izango ditu.

Beste alde batetik, Nora Goialdek 'Isiltasun eskubidea' soinu instalazioa jarri du Badalaben berriki, Etorkizuneku 01 erakusketarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.