'Norberaren gela' dokumentala Primeran-en ikusgai da

Eulalia Abaitua argazkilari aitzindariaren argazki batetik abiatuta, hainbat argazkilarik proiektu propio bat egiteko enkargua jasoko dute lanean. Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk zuzendu dute dokumentala.

'Norberaren gela' dokumentalaren fotograma bat. BERRIA
'Norberaren gela' dokumentalaren fotograma bat. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko martxoaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bitart New Media ekoiztetxearen Norberaren gela dokumentala EITBren Primeran plataformara iritsi da. Dokumental horretan, zenbait argazkilarik proiektu bat egiteko enkargua jasoko dute, Eulalia Abaituaren argazki batetik abiatuta. Abaitua Bilbon jaio zen, 1853an, eta emakume aitzindarietako bat izan zen Euskal Herriko argazkilaritzan. Norberaren gela-k elkarrizketa bat planteatzen du obrarekin eta egilearen bizitzarekin.

Ainhoa Urgoitia eta Enrique Rey dira dokumentalaren zuzendariak, eta Urgoitiaren gidoia du oinarri. Argazki zuzendaritza Jose Novo Olearena eta Marta F. Pisonerorena da. Musika, berriz, Nerea Alberdirena.

'Norberaren gela' dokumentala
'Norberaren gela' dokumentalaren fotograma bat. BERRIA

Abaituaren argazkiek ikuspegi antropologikoa zuten, Bilboko eta Bizkaiko herritar xumeen erretratuak egin baitzituen. Dokumentaleko egileen arabera, Nerbioi itsasadarraren ertzetan ateratako argazkiak nabarmentzen dira, non garbitzaileak, bainulariak eta sardineroak erretratatu zituen. Bilboren argazkiak, hiriko eta landa inguruneko ospakizunak, eta bere etxeko intimitatean hartutako irudiak utzi zituen Abaituak. Bilboko Euskal Museoan daude gordeta haren irudi bilduma batzuk, eta horietan hiru gai nagusi bereizten dira: bizitza pribatua, mundu tradizional eta hiritarra, eta bidaiak.

Dokumentalean, besteak beste argazkilari hauek hartu zuten parte Abaituaren lanen interpretazio berriak egiten: Erika Barahonak, Maied Urrutiak, Elssie Ansareok, Nagore Legarretak, Jose Pablo Arriagak eta Aitziber Orkolagak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.