'Nomofobikak' websaila estreinatuko dute bihar

'Berria.eus'-en jarriko dute irekian, baina BERRIAlagunek esteka jasoko dute gaur, Interneteko komedia ikusten lehenak izan ahal daitezen

Hiru minutu inguruko lehen atala Gabonen ingurukoa izango da. Irudian, grabazioa. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2016ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Gabon mokauak du izenburu Nomofobikak websailaren lehen atalak, eta izenak iradokitzen duen bezala, Gabonetan dago girotuta. Interneterako ekoitzitako komedia bihar estreinatuko dute irekian berria.eus gunean. Baina BERRIAlagunek aukera izango dute gaur lehenak izateko saila ikusten, esteka bat jasoko baitute.

Nomofobia ingelesetik datorren neologismo bat da, No mobile phobia esalditik osatutakoa. Sakelako telefonoa galtzeari edo, behintzat, hura gabe egoteari jendeak dioen beldur irrazionala adierazten du. Olatz Beobide eta Amaia Lizarralde aktoreen alaba da Nomofobikak, eta sakelakorik gabe bizitzeko ezina pairatzen duten bi emakumeren inguruko istorioa da.

Izen bereko antzezlanean oinarritzen da websaila. Aurtengo Donostiako Poltsikoko Antzerki Jaialdia irabazi zuen lanak. Geroztik, 25 bat emanaldi egin dituzte. «Ikuskizunaren hasieran, galdeketa egiten diegu ikasleei», esan du Beobidek. Sakelakoa ez dutenean urduritzen ote diren galdetzen diete, esaterako. Emaitza argia izaten da: «Denok gara nomofobikoak».

«Antzezlanaren gaia eta pertsonaiak horren onak zirela ikusita, websail bat egin behar genuela pentsatu genuen». Urte asko eman ditu Beobidek telebistan, besteak beste Goenkale telesailean.

Beobide, Lizarralde, Joserra Camacho errealizadorea eta Pedro Fuentes gidoilaria elkartu ziren, ideia ikus-entzunezko bihurtzeko. Laurek osatu dute websailaren sorkuntza taldearen muina, eta Beobideren eta Fuentesen artean zuzendu dute.

Hiru minutu baino gutxiago

Interneteko ikusleen arreta ahalmenera egokituriko produktuak dira websailak; normalean, hiru minutu ingurukoak. Zerbait gutxiago izango du Gabon mokauak atalak. «Ikusleek websail baten amua jan dutenean, orduan has zaitezke luzatzen», azaldu du Beobidek.

Gonbidatu asko izango dituzte lehen atalean. «Auzolanean aritu gara». Saiatu dira Eusko Jaurlaritzaren eta Tabakaleraren laguntzak lortzen, «baina websailak laguntzeko kontzeptua ez daukate oraindik». Egitasmoa azaldu zuten Bilbo Web Fest jaialdian urrian, eta sari berezia eman zieten. Orain, estreinaldia, beraz, eta, gero, helduko dira Nomofobikak websailaren atalak. Taldeak ez du egutegi zehatzik erabaki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.