Ikus-entzunezkoak

'No me llame Ternera', gaurtik Netflixen

Jordi Evolek Josu Urrutikoetxea ETAko kide ohiari egindako elkarrizketa da filmaren ardatza.

Josu Urrutikoetxea, 'No me llame Ternera' dokumentalean hizketan.
Josu Urrutikoetxea ETAko kide ohia, 'No me llame Ternera' dokumentalean. NETFLIX
urtzi urkizu
2023ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Donostiako Zinemaldian irailaren 23an estreinatu zuten No me llame Ternera dokumentala. Jordi Evolek Josu Urrutikoetxea ETAko kide eta ordezkari ohiari egindako elkarrizketa luze bat du ardatz lanak, eta aurreko egunetan nahikoa zalaparta sortu zen dokumentalaren inguruan. Izan ere, bostehun lagunek manifestu bat sinatu zuten, Zinemaldiari eskatzeko filma ez zezala eman. Jaialdiko zuzendaritzak irmo defendatu zuen dokumentala proiektatzeko hautua. Azkenerako, estreinaldia arazorik gabe egin zuten —Vox alderdiko dozena erdi kidek protesta bat egin zuten, Kursaalaren kanpoaldean—. Gaurtik aurrera, berriz, Netflixeko harpidetza duen edonork ikusi ahalko du No me llame Ternera.

2022ko maiatzean grabatu zuten elkarrizketa hura, Urruñan (Lapurdi). Nahiz eta Evolek Frantzia aipatzen duen eta Donibane Lohizunen (Lapurdi) daudela esaten duen. ETAren inguruko galdera zorrotzak egiten dizkio Evolek Urrutikoetxeari. Ekintza armatuez galdetzen dio Urrutikoetxeari behin baino gehiagotan. «Ez zuk, ez inork ez nau entzungo esaten hiltzea ondo dagoenik», dio ETAko kide ohiak.

Irailaren 22an, Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetariak elkarrizketa bat egin zion Urrutikoetxeari dokumentalaren harira. Elkarrizketa egiteko arrazoiaz mintzatu zen ETAko kide ohia: «[Filma baliatu nahi izan dut] azalpenak emateko Espainiako jendarteari... nahi nuke zerbaiten hasiera izatea. 1936an hasitako bonbardaketa mediatikoak gaur egun ere segitzen du, eta horretan datza Euskal Herriaren kontrako eraso politikoa eta mediatikoa». Urrutikoetxeak estreinatu baino hilabete lehenago ikusi zuen dokumentala. «Hau ez da nik espero nuen emaitza», adierazi zuen. «Testuingurua jartzea» falta zitzaiola gaineratu zuen.

Izan ere, dokumentalaren parterik handiena ETAren ekintza armatuen inguruan egindako galderen bueltan dabil. Besteak beste, Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en hilketa, Hipercorreko atentatua —ETAk 21 pertsona hil zituen, 1987an—, Guardia Zibilaren etxe kuartelen aurkako atentatuak —tartean haurrak hil ziren— eta Miguel Angel Blanco PPko zinegotziaren bahiketa eta hilketa ageri dira elkarrizketako galde-erantzunetan. «Biktimak bi aldeetan izan dira, eta biktima horiek aitortu behar dira», esaten du Urrutikoetxeak dokumentalean. «Ez da enpatiarik izan bestearekiko sufrimenduan». Politikako gaiak oso gutxi ageri dira elkarrizketan.

No me llame Ternera dokumentalaren trailerra.

1968an sartu zen Urrutikoetxea ETAn, 17 urte zituela. Dokumentalean aipatzen du Galdakaoko (Bizkaia) alkatearen aurkako 1976ko atentatuan parte hartu zuela. ETAren komando batek alkatea hil zuen atentatu hartan, eta harekin zihoan udaltzainak hamabi tiro jaso zituen. Francisco Ruiz du izena udaltzain horrek. Dokumentalaren hasieran eta amaieran agertzen da hizketan, Evoleren galderei erantzuten. Bost hilabete egin zituen ospitalean atentatuaren ostean. Aipatzen du handik irtetean ez zuela tratu onik jaso herritarren aldetik Galdakaoko kaleetan, eta horregatik erabaki zuela Ciudad Realera (Espainia) bizitzera joatea, familiarekin. Urrutikoetxeari atentatu hartaz galdetzen dio Evolek. «Sentitzen dudala esango nioke». Ruizen arabera, ordea, ETAko kide ohiak ez du «benetako damurik» azaleratzen —aurtengo udaberrian grabatu zuten Ruizen elkarrizketa—.

Urrutikoetxeak irakurri zuen 2018. urtean ETA desegiten zela iragartzen zuen agiria; Marisol Iparragirrek ere irakurri zuen. 2021eko bukaeratik Ipar Euskal Herrian bizi da, kontrol judizialpean. Dokumentalaren une batean ageri denez, haren iritziz ETAren ekintza armatuek amaitu ziren baino lehenago amaitu behar zuten.

Jordi Evole 'No me llames Ternera' dokumentalean.
Jordi Evole, No me llame Ternera dokumentalean.

No me llame Ternera dokumentala Evolek eta Marius Sanchezek zuzendu zuten. Producciones del Barrio ekoiztetxearen lan bat da. Gidoilariak Evole, Sanchez, Julia Badenes, Silvia Merino eta Adria Attardi dira. Zinemaldian Made in Spain sailean eman zuten, eta, orduz geroztik, filmak ez du aparteko zeresanik eman. Zinemaldiari dokumentala ez emateko eskatu ziotenek ez dute ezer esan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.