Duela 19 urte ETBko Duplex saioan parte hartu zuen Nagore Orbeltzuk (Donostia, 1971). Geroztik ez da ETBn aritu, baina hainbat antzerki taldetan parte hartu du. Madrilen ere egin zuen bolada bat, Espada de Madera antzokian. Nagore Aranburu DBHko zuzendariak Orbeltzurengan pentsatu zuen natura irakaslearen pertsonaia sortu zutenean.
Nolakoa da zure pertsonaia, natura irakaslea?
Natura gaiarekin lotuta dagoen guztiarekin maiteminduta dago. Oso pasionala da, eta saiatzen da ikasleei eta irakasleei hori transmititzen. Asko bidaiatu du, eta tribu ugari ezagutu ditu.
Kamera finkoa duen saio bat izanik, gidoiak garrantzitsuak dira, ezta?
Bai, gidoiak oso onak iruditu zaizkit, oso azkarrak. Entseatzen hasten garenean kriston barreak botatzen ditugu gidoiekin. Saioak erritmo bat behar du, gag guztiak testuan daude. Gidoiek joko handia ematen digute. Nire pertsonaiaren gidoiak nahiko eroak dira, jokoa ematen dutenak.
Erritmo bizian grabatzen dituzue plano sekuentziak. Nola daramazue hori?
Goizetik kontzentrazio ona izaten, eta horri eusten. Hori gertatzen ez denean bat konturatzen da ez duela burua behar den lekuan. Taldeko lana izanik, kontzentrazio handia behar da, eta oso bizi egotea. Abesti baten moduan doa dena, erritmo bizkorrean.
Nolakoa da Ramon Agirre, Elena Irureta eta Joseba Apaolaza aktoreekin lan egitea?
Gozamen hutsa da haiekin lan egitea. Ikasteaz gain, lasaitasuna transmititzen dute. Edozer gauza ateratzen ez denean edo arazoren bat dagoenean, animoak ematen dabiltza, eta ziurtasunarekin jokatzen dute. Indartsu daude taldeko besteei lasaitasuna helarazten. Eta ez jarreran bakarrik, beraiek ere hor daude beti tinko. Esan dezaket grabaziotan giro ederra dugula. Anartz Zuazua aktore zuzendariaren lana ere sekulakoa da.
Joan den astean estreinatu zuen ETB1ek DBH. 22:25erako zegoen aurreikusia, baina, Baskoniaren saskibaloi partida zela eta, ez zen 23:00ak arte hasi. ETBk pazientzia izango al du saioarekin ala hasieratik eskatuko dizkio ikusle datu onak?
Hori nik ez dakit. Baina logikoa denez, estreinaldia 23:00etan bada, ez lukete gehiegi exijitu beharko. Hala ere, lehen egunean oso audientzia ona izan genuen.
Igandetik asteazkenera hamar minutuko tarteak ematen dituzte gaueko hamarrak aldean. Horrek ikusleak kateatzeko balio dezake?
Bai, ikusle motaren arabera, ikusteko errazagoak izan daitezke hamar minutuko tarteak. Ideia ona da. Osorik ikusi nahi baduzu, ostegunean ikus dezakezu, eta, hori galduz gero, beste egunetan ikusteko aukera daukazu.
Goenkale alde batera utzita, euskarazko fikzio gutxi egon da telebistan azkenaldian. Ez al litzateke apustu bat egin beharko fikzio gehiago egiteko?
Gu, behintzat, era positiboan ari gara lan egiten, aurrera egiteko itxaropenarekin. Baina argi dago fikzioak laguntza behar duela.
Zeintzuk dira zure aktore kuttunenak?
Aktore askok inspiratzen naute, baina ezingo nuke izen bakar bat eman. Batzuk Euskal Herrikoak dira, eta beste batzuk atzerrikoak.
Komunikazioa. Nagore Orbeltzu. ETB1eko 'DBH' telesaileko aktorea
«Nire pertsonaiaren gidoiak nahiko eroak dira, eta joko asko ematen dute»
Zortzi pertsonaia dira 'DBH'-ko protagonistak; horien artean, Orbeltzuk jokatzen duen natura irakaslea. Igandetik asteazkenera, labur ematen dute saio berria, eta ostegunetan, luzeago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu