Iraitz Salegi. Kazetaria

«Nire aurkako auziak ez du ez hanka, ez buru»

Prentsa Askatasunaren Munduko Eguna da gaur. «Haizeak eramaten dituen hitzak» dira Nazio Batuen Erakundeak zabaldu dituenak, Salegiren arabera. Hilaren 28an eta 29an epaituko dute Madrilen.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Andoain
2015eko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
2013ko martxoan Urduñan (Bizkaia) Topatu.info-rentzat Gazte Danbadaren berri emateagatik zigortu nahi dute Iraitz Salegi (Bergara, Gipuzkoa, 1990). 18 hilabeteko espetxe zigor eskaria eginda dago, «terrorismoa goratzeagatik». Euskaldunon Egunkaria-ren ateko giltzarrapoen zuloen parean egin du hitzordua BERRIAk kazetariarekin.

12 urte baino ez zenituen, baina oroitzen al duzu Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera?

Oroitzen dut nire bizitzako lehen manifestazioa izan zela Egunkaria-ren itxiera ostekoa, nola joan ginen familia osoa Donostiara. Oso irudi gogorra dut buruan.

Kartzelan dira Egin-eko Jabier Salutregi, Isidro eta Patxi Murga, Jexux Mari Zalakain eta Carlos Trenor. Kartzelara joateko beldur zara?

Ez naiz beldur. Sinesten dut egiten dudan horretan. Nire aurkako auziak ez du ez hanka, ez buru. Modu seguru batetik planteatzen dugu defentsa, kazetaria naizela eta gertaeren berri ematen ari nintzela. Ezegonkortasun egoera sortzen zaizu, badakizulako Madril aldean gauzak ez direla izan beharko liratekeen bezain zintzoak. Onartuko dugun sententzia bakarra absoluzioa da. Baina auzia ez dago defentsaren esku, erabakia politikoa izango da.

Espainiako Auzitegi Nazionalera lehenbizikoz deklaratzera joan zinenean, Eloy Velasco epaileak ez zizun aurpegira begiratu. Zer espero duzu orain?

Auzi bitxia da, antolakunde politiko bateko zazpi kide, Periko Solabarria 85 urteko militantea eta kazetari bat gaudelako. Orain arte ikusi duguna zirku bat izan da, eta ez dugu besterik espero. Gu saiatuko gara zirku hori desmuntatzen eta horri eduki pixka bat ematen.

Elkartasun handia jaso duzu euskal komunikabideetako kazetarien aldetik. Zeren erakusle da hori?

Garai batean gaude non jendea konturatu den hemen gertatzen diren erasoak dimentsio askotan direla politikoak. Euskal Herriko gizartearen aurkakoak direla erasoak, eta ez ezker abertzalearen kontrakoak, batzuek saldu nahi izan duten moduan. Herri batek bere etorkizuna eraikitzeko duen grina deseraiki nahi dute. Nire kasuan herri komunikabide batean nabil, eta kazetariak konturatu dira jazarpenak adar asko dituela.

Isilarazteko legeak zer ondorio ekarriko dizkie kazetariei?

Ezingo da polizia grabatu, horrek dakarren inpunitatearekin. Bestalde, irudiak grabatu eta zabaltzen badituzu, isuna oso handia da. Lege horren atzean dago estatu batek bertsio bakarra zabaltzeko duen nahia. Frankismoak egiten zuenera itzultzen ari gara.

Prentsa Askatasunaren Munduko Egunaren harira, Nazio Batuek honako mezu hau zabaldu dute: «Informazio hobe baten alde, genero berdintasun handiagoa eta, aro digitalean, hedabideen segurtasun handiagoaren alde». Zer duzu esateko?

Genero berdintasunari dagokionez, egunero ikusten da hedabide nagusiek nola erabiltzen duten emakumeen gorputza kanal ezberdinen bidez. Segurtasunaren izenean zentsura asko ari dira aplikatzen, eta ikusi besterik ez dago nola atxilotu dituzten sare sozialetako erabiltzaileak. Nik prentsa askatasunaren barne sartuko nituzke gertakariak kontatzeko modu guztiak, baldin eta zintzoak badira eta ez badute gezurrik esaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.