Ikus-entzunezkoak

Ninja komando bat Mugaritzen

Paco Plaza zinemagilea Errenteriako Mugaritz jatetxeari buruzko dokumental bat grabatzen ari da. Zinemagilea liluratuta dago Andoni Luis Adurizen taldeak darabilen sormen prozesuarekin.

Paco Plaza zinemagilea eta Andoni Luis Aduriz sukaldaria. JORGE FUEMBUENA.
Paco Plaza zinemagilea eta Andoni Luis Aduriz sukaldaria. JORGE FUEMBUENA
urtzi urkizu
Errenteria
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

«Estimulatzen eta inspiratzen nauena Mugaritzen ikusten dudan beldurrik eza da. Gizaki guztion aspirazioa da beldurrik gabe bizitzea; beldurrak blokeatu eta paralizatu egiten gaitu, eta ez digu uzten zoriontsuak izaten. Zoriontasuna beldurrik eza da. Oso beldur gutxi ikusi dut hemen. Hemen ez diote beldurrik dezepzioari, espektatibak ez betetzeari, eta normalean bertigoak izaten dira esposizio publikoko adierazpen gehienetan». Sentimendu hori guztia emozioz kontatzen du Paco Plaza zinemagileak (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1973). Mugaritz jatetxeari buruzko dokumental bat ari da grabatzen egunotan, eta apirilaren 27an izango du azken filmaketa eguna. Hain zuzen ere, egun horretan zabalduko du denboraldia Errenteriako (Gipuzkoa) jatetxe prestigiotsuak. Dokumentala Movistar Plus plataformaren ekoizpen bat da, eta Fonte Films ekoiztetxearekin elkarlanean egiten ari dira. Ez du estreinaldi egunik.

Talde oso txiki bat murgildu da Mugaritzen ikerketa prozesua ikustera: Plazarekin batera, Adrian Hernandez kamerari eta argazki zuzendaria, eta Unai Jimenez soinu arduraduna. «Garrantzitsua zen talde txikia izatea, oharkapean pasatzea, eta gero erraza izan dadila gutaz ahaztea». Definizio bitxi bat hautatu du taldearentzat: «Ninja komando txiki bat gara».

'Mugaritz' dokumentalaren filmaketa.
'Mugaritz' dokumentalaren filmaketa, joan den astean, Errenterian (Gipuzkoa). JORGE FUEMBUENA / MOVISTAR PLUS

Duela ia hogei urte ezagutu zuten elkar Plazak eta Andoni Luis Aduriz Mugaritz jatetxeko sukaldariak. Erabateko konplizitatean ari dira orain. Ikus-entzunezko lan ugari egin izan dituzte jatetxearen inguruan, baina, sukaldariaren arabera, beste egoera batzuetan. «Gu ez gara sartu zuzendarien lanean. Sortzailea Plaza da, eta nahi duena egiten ari da. Esango nuke gehiago sartzen dela bera aurtengo menuan...». Plaza ez dago ados: «Kasu zipitzik ez didazue egin». Eta Aduriz kexu dago bere taldearekin: «Niri bai ez didatela batere kasurik egiten» [barrez]. Adurizek badu ziurtasun bat, ordea: «Ziur naiz dokumentala harrigarria izango dela».   

Plazak ohartarazi du dokumentala ez dela klasikoa izango. «Elkar kutsatu dugu, eta dokumentala Mugaritz espirituaren isla fidela izango da. Iruditzen zait justua dela hala izatea. Funtsean, askatasunaz eta esperimentazioaz hitz egiten ari bazara, ezin duzu hori oso modu konbentzionalean kontatu».

Izena badu, bada

Dokumentala egiteko enkargua afari batean jaso zuen Plazak. Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariarekin eta Movistar Pluseko fikzio zuzendari Domingo Corralekin ari zen afaltzen, Mugaritzen bertan. Mugaritzeko sormen prozesua dokumentatzea ideia ona izan zitekeela aipatu zioten Plazari. «Hiru segundoan eman nuen baiezkoa, nahiz eta gaizki zetorkidan, beste kontu batzuetan nenbilelako». Plazak 25 urte daramatza filmak zuzentzen, eta beldurrezko generokoak ditu lanik esanguratsuenak. Orain arte, soilik dokumental bat zuen egina: Operación Triunfo musika saioaren ingurukoa. «David Bisbal eta Aduriz dira nire irudi totemikoak», dio umore onez.

Zinemagileak spoiler txiki bat egin du. Adurizek dokumentalean esaten duen esaldi bat, hain zuzen: «Sekulako konfiantza dago, talentudun jende asko gogor lanean ari delako, eta hori ondo aterako da». Plazaren iritziz, konfiantza hori da osagai gakoa. «Gauzak ondo aterako diren ziurtasuna dute».

'Mugaritz' dokumentala. Paco Plaza eta Andoni Luis Aduriz.
Mugaritz dokumentalaren filmaketa; Andoni Luis Aduriz sukaldaria, erdian. JORGE FUEMBUENA / MOVISTAR PLUS

Dokumentalaren grabaketak amaitzean, alportxak beteta joango dela nabarmendu du Plazak: «Nire sormen prozesua ukituta geldituko da. Gauza asko eramaten ditut buruan eta gorputzean». Sentitzen duen pisua da jatetxeko langileek filmean ondo islatuta ikustea. «Eta ikusleek ikus dezatela jatetxe honetan dagoenaren iceberga».

Egun gutxi barru zabalduko du denboraldia jatetxeak, beraz. Aurtengo leloa honako hau da: Izena badu bada, Lo que no se ve existe (ikusten ez dena existitzen da). Adurizek azaldu duenez, urtero heltzen diote gai bati. «Gauza asko ez dira ikusten Mugaritzeko atzeko lanean». Sukaldariak gaineratu du Mugaritzen etengabe gertatzen direla gauzak. Jende asko ibiltzen da joan-etorrian. «Orain arraunlari nutrizionista dabil hemen inguruan. Eta, bestalde, ohituta gaude inguruan kamerak grabatzen ikustera, baina jendeak egin beharreko txantxa egiten jarraitzen du». Plazak goraipatu du Mugaritzeko prozesu guztia umorez bustia izaten dela. «Mugaritzeko sukaldea zerbait ludikoa da». Izena du, eta bada. Dokumentalaren izena: Mugaritz. Ahalik eta pantailarik handienean ikusteko itxaropena dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.