Next Stationeko finalistak ideiak fintzen ari dira egunotan Miarritzen

Carmen Etxeberria, Ander Iruretagoiena, Ali Urrosolo eta Frank Harriet dira aurtengo finalistak

Ander Iruretagoiena finalista eta Izaskun Arandia ekoizlea, atzo, Miarritzeko mediatekan. NEXT STATION.
urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Websailen sorkuntza eta ekoizpena sustatzeko egitasmoa edo laborategia da Next Station, eta urtez urte aberasten ari da. Hirugarren deialdira askotariko proiektuak aurkeztu dituzte sortzaileek. Finalistak lau dira: Carmen Etxeberria, Ander Iruretagoiena, Ali Urrosolo eta Frank Harriet. Miarritzeko mediatekan (Lapurdi) hiru eguneko egonaldi berezi batean elkartu dituzte aste honetan —gaur dute azkeneko eguna—. Bertan, ideiak fintzeko eta telesail digitalak idazten hasteko eskolak ari dira jasotzen, Izaskun Arandia gidoigilearen eta ekoizlearen eskutik. Sortzaileak gidoiaren zirriborroa osatzeko eta ideia berriak sortzeko aproposa den ingurune batean lan egiteko aukera izaten ari dira, «modu intentsiboan», Jokin Etxeberria Next Stationeko ekoizleak azaldu duenez.

Lau finalistetatik bakarra pasatuko da hurrengo fasera: irabazleak 4K teknologiarekin ekoitzi ahalko du euskarazko websail bat, ikus-entzunezko sektoreko profesionalen laguntzarekin. Etxeberriak iragarri duenez, bi aste barru jakinaraziko dute zein den irabazlea, eta udan ekoitziko dute haren websaila.

Soslai desberdinetakoak dira finalistak: Ander Iruretagoiena aktorea da, eta haren ideia emakume protagonista duen thriller bat da, nekazari girokoa, Itzulera; Carmen Etxeberria ikaslea da, eta 2030. urtean girotutako familia drama bat garatu nahiko luke—klima aldaketaren ondorioak azalduko lituzke, Bihar izenburupean—; Frank Harriet bideo teknikaria da, eta Ametsen doinua izena du haren proiektuak: kanpaina politiko bat musikari gazte baten ametsen erdian jarriko da; eta Ali Urrosoloren ideiak, berriz, Zinema live du izena eta zinemaren esperientzia berri bat proposatu nahiko luke.

Arandiak esan du «intentsitate handikoa» izaten ari dela Miarritzeko egonaldia. «Hiru egunean, sortzaileek lan handia egin behar dute. Baina denak gogotsu daude, eta oso ongi doa».

Finalera iritsi diren lau proiektuak «oso istorio interesgarriak» iruditzen zaizkio Arandiari. «Oso zaila izango da proiektu bakar bat aukeratzea».

Kanaldudek bat egin du

Next Station egitasmoak hainbat erakunde publikoren babesa izan du aurreko bi urteetan. Aurten, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak babestuko dute laborategia. Baita Nafarroa Behereko Kanaldude telebistak ere. «Kanaldude proiektuan sartu izana albiste oso ona da guretzat», adierazi du Jokin Etxeberriak.

Next Stationeko iazko irabazlea Puntu Koma websaila izan zen—Amaia Rojok eta Maialen Sorzabalberek sortu zuten—. Ekainean estreinatu zuten EITBren webgunean. Nazioarteko zenbait jaialditan parte hartu du. Poloniako Outfilm.pl plataformak erosi du, gainera —abendutik bertan ikus daiteke, euskaraz, polonierazko azpidatziekin—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.