'The New York Times'-ek auzitara eraman du OpenAI, copyright legeak urratzeagatik

Hedabideak salaketa bat aurkeztu du ChatGPT eta adimen artifizialeko tresnak sortzen dituen enpresaren kontra, egunkariko testuak erabiltzeagatik, baimenik gabe eta ordaindu gabe, bere teknologiak entrenatzeko.

'The New York Times' egunkariaren egoitza
'The New York Times' egunkariaren egoitza. WALLY GOBETZ
mikel p ansa
2023ko abenduaren 27a
18:18
Entzun

Copyright eskubideak urratzea leporatu dio The New York Times egunkariak OpenAI enpresari, zer eta egunkariaren testuak erabili dituztelako adimen artifizialeko teknologiak entrenatzeko, baimenik gabe. ChatGPT ezagunaren sortzailea da OpenAI.

Manhattango Auzitegi Federalean aurkeztu du salaketa hedabideak, eta azaldu du The New York Times-en jabetzakoak diren milioika artikulu erabili izan dituela OpenAI enpresak, txatbotak entrenatzeko. Salaketan ez dute zigor ekonomiko edo kalte ordain zehatzik eskatu. Aldiz, eskatu du OpenAIk bere gain hartu ditzala kalteak, «bilioika dolar errealenak». Horrez gain, egunkariaren copyrighta duten testuekin entrenatutako txatbotak desegitea ere galdegin du.

Egunkariak berak emandako berrian azaltzen du auziak oinarri berri bat jar dezakeela adimen artifizialaren eta darabiltzan testuen arteko hutsune juridikoari begira. Sortzailea esaten zaion adimen artifizial horrek —ChatGPTren estilora elkarrizketak sortzen dituena, edo agindu zehatzen arabera argazkiak, bideoak edo kantuak sortzen dituena, adibidez— milioika datu erabiltzen ditu, eta datu horiek, askotan jabeak dituzten arren, inolako baimenik eskatu edo ezer ordaindu gabe ari dira baliatzen adimen artifizialeko enpresa erraldoiak. Kasu askotan, datuen jatorriak zeintzuk diren ere ez dute azaltzen.

«Online kazetaritzaren bidez, Times-ek negozio eredu arrakastatsu bat eraiki du, baina dozenaka egunkarik eta aldizkarik zailtasunak dituzte Internetera migratzen ari diren irakurleengatik», azaldu du egunkariak, «eta, aldi berean, OpenAI eta beste adimen artifizialeko enpresa teknologiko batzuk bilioika dolar ari dira irabazten». OpenAI enpresak berak 70 bilioi euro baino gehiagoko balioa duela uste da; Microsoftek hamar milioi euro baino gehiago eman dizkio enpresa horri.

«Times-en edukiak erabiltzen ari dira, ezer ordaindu gabe, Times ordezkatzen duten produktuak sortzeko eta irakurleak handik ateratzeko», ohartarazi dute salaketaren dokumentuan. «Times-ek eta beste hedabideek ezin badute kazetaritza produzitu eta babestu, sortuko da hutsune bat inongo adimen artifizialek bete ezingo duena. Kazetaritza gutxiago sortuko da, eta gizartearengan ondorio ikaragarriak izango ditu».

Jakinarazi dute Microsoftekin eta OpenAIrekin negoziatzen aritu direla aurreko hilabeteetan, akordio bat lortzeko, baina ez dutela ezer adostu.

Orain baino lehen, aktore batzuek, zenbait idazlek eta Getty Images argazki taldeak ere auzitara eraman dute OpenAI enpresa, haien jabetzakoak ziren obrak erabiltzeagatik adimen artifiziala entrenatzeko, baimenik eskatu gabe eta ezer ordaindu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.