Netflix ordainpeko plataformak inoiz egin duen pelikularik garestiena da The Electric State —300 milioi euro inguruko aurrekontua du—. Ostiral honetan estreinatuko dute mundu osoan, eta hainbat hizkuntzatara bikoiztu dute: euskarara ere bai.
Gogoratu behar da Netflixek 2022. urtean ekin ziola edukiak euskaraz azpidazteari eta bikoizteari. Urtean 200 ordu azpidatzi eta 20 ordu bikoiztuko zituela iragarri zuen. Bikoiztutako orduak haurrentzako edukietan izango zirela esan zuten orduko hartan. Baina azkeneko hilabeteetan erabaki dute estreinaldi entzutetsu batzuk bikoiztea euskarara, helduentzat badira ere. Urtarrilaren 17an, kasurako, Back in Action filma euskaraz ere estreinatu zuen plataformak.
🎬 ADI, M14an estreinatuko dute @Netflix|en #EgoeraElektrikoa euskaraz.
— Netflix euskaraz (eta gehiago) (@NEuskaraz) March 9, 2025
90eko hamarkadaren unibertso alternatiboan girotua, Michelle nerabe umezurtzak EABko mendebaldea zeharkatuko du anaia txikiaren bila, arlote eszentrikoa eta robot misteriotsua bidelagun dituela.
Gorde data! pic.twitter.com/1E3TtJj0Wy
Anthony eta Joe Russo dira The Electric State film berriaren zuzendariak —haiena da Avengers: Endgame (2019) zientzia fikziozko zinta—. Aktore protagonista, berriz, Milley Bobby Brown da, Stranger Things telesaileko Eleven. Michelle izeneko gazte umezurtz baten rola jokatzen du Bobby Brownek. Gau batean, robot misteriotsu baten bisita jasoko du. Kontua da robot hori Michelleren anaiak kontrolatzen duela, eta gazteak uste zuen anaia hilda zegoela. Ameriketako Estatu Batuetako hego-mendebaldean barnako bidaia bat hasiko du Michellek, Cosmo robotaren laguntzaz, eta kontrabandista baten alboan, anaiaren bila. Basamortuan eremu berezi batera iritsiko dira, eta han robotak beren kasara dabiltza. Deskubrituko dute Michelleren anaiaren desagerpenak arrazoi ilunak dituela.
Filmeko beste aktoreen artean, Chris Pratt, Ke Huy Quan, Jason Alexander, Woody Harrelson, Stanley Tucci, Giancarlo Esposito Jenny Slate eta Brian Cox daude. Musika Alan Silvestrik sinatu du.
Itziar Urretabizkaia aktore eta bikoiztaileak jarri dio ahotsa Bobby Browni. Bieuse kooperatibak gidatu du euskarazko bikoizketa. Eta ahotsa jarri dutenen artean dago Mikel Mendizabal bikoiztaile eskarmentuduna ere.
Filma Simon Stalenhagek sortutako eleberri grafiko batean dago oinarrituta. Gidoilariak Christopher Markus eta Stephen McFeely dira —Marvel unibertsoko hainbat filmen gidoiak idatzi dituzte—.
The Electric State-n oinarritutako bideojoko bat ere sareratuko du Netflixek. Joko hori filmeko istorioak gertatzen diren unea baino bost urte lehenago dago girotuta. «Esperientzia immertsiboa» eskainiko duela iragarri dute. iOS eta Android gailuetan deskargatu, eta doan jokatu ahalko dute Netflixen harpidedunek.
Boby Brownen bideoa
Egunotan hedabide askoren arreta bereganatu du Bobby Brownek bere sare sozialetan zabaldu duen bideo biralak. 21 urte ditu aktoreak, eta haurra zen ikus-entzunezko industrian lanean hasi zenean: 10 urte baino ez zituen orduan. «Badirudi jendea ezin dela hazi, nirekin batera. Batzuek uste dute Stranger Things telesaileko lehen denboraldian nuen itxura izan behar dudala. Eta hori hala ez denez, helburu bihurtu naiz». Aktoreak gogor kritikatu du hainbat artikulutan bere itxura fisikoaren aurka egin dutelako. «Iseka batzuk ez dira kazetaritza. Hori bullying-a da», gaineratu du.