Zulo basatian sartu dira, berriz ere. Planteamendu distopiko beldurgarria zuen El hoyo filmak: plataforma handi bat, zulo amaigabe bat, hainbat solairuz osatua; solairu bakoitzean, bi pertsona; eta plataforman janari mugatua, bizirik irauten duten guztientzat. Zinema aretoetan nahiko oharkabean pasatu zen Galder Gaztelu-Urrutia zinemagilearen (Bilbo, 1974) pelikula. Baina koronabirusaren pandemian, konfinamendu asteak bete-betean zirela —2020ko martxoan—, Netflixen mundu mailako fenomeno bihurtu zen: munduko herrialde gehienetan, Netflixen gehien ikusi ziren filmen zerrendan lehen tokira iritsi zen, eta 83 milioi ikustaldi izan zituen. Euskal Herriko lan batek ez du aurrez inoiz halakorik lortu. Bigarren zatia iritsi da orain. Netflixek bihar estreinatuko du El hoyo 2.
Donostiako Zinemaldian Culinary Zinema saileko itxiera gisa aurkeztu zuten Gaztelu-Urrutiaren film berria, joan den astean. Gidoiak idazten berriz ere David Desola eta Pedro Rivera aritu dira, Gaztelu-Urrutiarekin batera, eta Egoitz Moreno batu zaie gidoilari taldera. Aktoreei dagokienez, lehen zatian Zorion Egileor (Mundaka, Bizkaia, 1946) nabarmendu zen, eta bigarren zatian ere agertzen da. Hala ere, rol protagonista Milena Smit aktoreak jokatzen du. Presentzia handia dute Hovik Keuchkerian, Natalia Tena eta Oscar Jaenada aktoreek ere. Lehen zatiaren musika Aranzazu Callejarena zen, eta bigarrengo honetan Aitor Etxebarriarena da. Bigarren zatiaren grabaketak Barakaldoko (Bizkaia) BECen egin zituzten; hemezortzi metroko altuera irudikatu zuten.
Bigarren zatiaren argumentuak jarraipena ematen dio lehenengoari. Unibertso distopiko bera da. Zuloan 333 solairu daude, eta han den gatibu bakoitzak aukeratu duen plater bat baino ezin du jan. Bestetik, zenbat eta gorago egon, orduan eta janari gehiago, eta erantzukizun gehiago behean daudenekiko. Begirik gabe gelditu den gizon batek, bestalde, sasi-iraultza oldarkor bat hasiko du. Emakume protagonistak, bestetik, ihes egiteko ahaleginak egingo ditu.
El hoyo 2 filma Basque Films ekoiztetxeak produzitu du. Carlos Juarez ekoizleak egin zuen apustu lehen zatiarentzat finantzaketa lortzeko, eta, aurrenekoaren arrakastaren ostean, bigarrena ere ekoitzi du. Joan den larunbatean, Irizar saria jasotzera igo zen Juarez Kursaaleko oholtzara, Donostiako Zinemaldian, Chaplin. Espíritu Gitano dokumentalari esker.
Gaztelu-Urrutiak badaki euskaraz, eta berriki adierazi du euskarazko pelikula bat egin nahiko lukeela. Hori iritsi bitartean, Sitgesko (Herrialde Katalanak) Fantasiazko Zinema jaialdian Rich Flu filma estreinatuko du. Ingelesez egin du lan hori, eta El hoyo-ko gidoilariekin ondu du istorioa. Baina, kasu horretan, nazioartean sona handia duten aktore batzuek jokatuko dituzte rol nagusiak: Mary Elisabeth Winsted, Jonah Hauer-King, Lorraine Bracco, Rafe Spall eta Timothy Spallek, besteak beste. Zientzia fikziozko distopia bat da Rich Flu ere, eta, Juarezen ekoiztetxearekin batera, Txileko eta Espainiako ekoizle batzuek parte hartu dute egitasmoan. Arrakastaren bidean jarraitzeko garai gozoan da Gaztelu-Urrutia.