Nesken ahalduntze istorio bat

ETB1ek 'Irabazi arte!' telesaila estreinatuko du gaur gauean, gazteak erakartzeko asmoz

Leire, Itsaso, Arene, Nora eta Olatz pertsonaiak, futbol taldeko kideak. ETB.
jakes goikoetxea
2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Urtez urte bukatuz joan dira Go!azen telesailaren denboraldi arrakastatsuak, eta umezurtz geratuz joan dira haurtzarotik nerabezarora pasatu diren hainbat ikusle gazte, Go!azen txikiegi —eta txikiagoentzako—bihurtuta, eta haien unibertsoa eta kezkak islatuko dituen euskarazko fikziorik gabe.

Hutsune hori betetzen lagundu nahi du Irabazi arte! telesail berriak. Zortzi atal izango ditu, eta gaur estreinatuko dute ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00etan. Pausoka ekoiztetxeak sortu du ETBrentzat, hau da, Go!azen egiten duen ekoiztetxe berak. Javier Garcia Bikuña da zuzendaria.

Hutsunea bete nahi du, bai, «baina Go!azen-en ikusleak galdu gabe», argitu du Julene Aranburuk, Irabazi arte!-ren gidoilari eta sortzaileetako batek. Pausokako gidoilarietako bat da Aranburu. «Familia guztiarentzako telesail bat egiten saiatu gara».

Arene (Sua Enparantza) nerabea da. Bartzelonan bizi da, gurasoekin. Futbolean jokatzen du. Ama hil eta gero, aitak sorterrira, Euskal Herrira, bueltatzea erabaki du, eta Arenek jende, leku eta bizimodu berrira egokitu beharko du. Aitonarekin bizi. Lagun berriak egin. Eta ez dio uko egingo futbolari: herrian ez dago nesken futbol talderik, baina Arenek taldearen sorrera bultzatuko du, aurreiritzi guztien kontra. Hori da telesailaren muina, bizkarrezurra.

2022ko otsailean estreinatuko dute, baina 2020ko itxialdi garaian sortu eta garatu zen ideia. Nesken futbol talde batean oinarrituta dago. Apustu bat da.

Aranburuk gogoan dugarai hartan telesailaren ideia akuilatu eta lagundu zuen gertaera bat: 2019ko udan Munduko Futbol Txapelketa jokatzen ari zirela, Frantzian, Megan Rapinoe AEBetako emakumeen futbol selekzioko jokalari eta kapitainak esan zuen irabaziz gero ez zirela joango Etxe Zurira. Donald Trump orduko AEBetako presidenteari ez zitzaion gustatu. AEBek txapelketa irabazi zuten, Rapinoe izendatu zuten jokalaririk onena, eta taldeak uko egin zion Etxe Zurira joateari.

«Horrelako errebeldia, indarra eta ausardia edukitzeko, ordura arte bizi izan duzunak sekulakoa izan behar du», Aranbururen arabera. «Hortik etorri zen pixka bat ideia».

Ahalduntze prozesu bat da Irabazi arte!. Ahizpatasun istorio bat. Futbolaren bidez: «Futbolaren bitartez ikasiko dute gogorragoak direla elkartzen badira». Zergatik futbola? «Aukera ematen duelako leku berean elkartzeko elkarrekin zerikusirik ez duten neskak. Familian gertatzen den moduan, taldekideak ez dituzu aukeratzen. Ez dira lagunak, eta oso ezberdinak dira, baina elkarrekin borrokatuta indartsuagoak dira». Futbol taldea bihurtuko da Areneren familia.

Aranburuk uste du telesailak balioko duela hainbat helduk emakumeen kirolaren inguruan duten jarrera paternalista eta matxista islatuta ikusteko. «Baina gurasoek ikusiko dute, batez ere, nerabeek zer pentsatzen duten», nabarmendu du. «Leiho moduko bat izango da haien pentsamenduak erakusteko». Gazteen heltze prozesua ikusiko baita. Gazteetan oinarritutako telesaila da, baina Aranburuk ohartarazi du helduen tramak ere badaudela.

«Gure lehentasuna entretenitzea da beti», zehaztu du. «Guri ikustea gustatuko litzaigukeen telesaila egin dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.