Primeran

Nerea Aliasek elkarrizketa «intimoak» egingo ditu ostegunetik aurrera Primeran plataforman

Lehen hiru elkarrizketatuak Aitziber Garmendia, Leire Martinez eta Miren Nogales izango dira. Lehen denboraldiak hogei minutuko hamar atal ditu.

Nerea Alias 'Intimitatean' saioko aurkezle eta zuzendaria. PRIMERAN
Nerea Alias 'Intimitatean' saioko aurkezle eta zuzendaria. PRIMERAN
urtzi urkizu
2024ko irailaren 3a
05:00
Entzun

Intimitatean izeneko elkarrizketa saio berri berezi bat abiaraziko du Primeran plataformak etzi. Nerea Alias kazetariak gidatuko du programa, eta 20 minutuko elkarrizketak egingo ditu zenbait emakumerekin. Alias da saioko aurkezle eta zuzendaria, eta proiektua berak sortu du. «Ideia buruan nerabilen aspalditik; bideopodcast asko ikusten ditut, eta gaztelaniaz eskaintza zabala dago. Iruditzen zitzaidan euskaraz ez zela halako hainbesteko eskaintzarik».

Aliasek hogei urte daramatza telebistaren munduan lanean. Askotan aritu da elkarrizketatzaile. «Baina konturatu naiz elkarrizketetan beti denboraz larri ibiltzen garela. Inoiz ez da sakontzen nahi adina, eta beti galdera berak dira». Horrek ere bultzatu du proiektua garatzera. «Izan ere, elkarrizketetan jendeari ez zaio galdetzen: Zer moduz zaude?». Iragarri du elkarrizketa guztiak «oso intimoak» izango direla, eta «taburik gabekoak».

Saioaren lehen denboraldiak hamar atal izango ditu. Elkarrizketatu guztiak emakumezkoak dira. Lehen hiru ataletako gonbidatuak Aitziber Garmendia aktorea, Leire Martinez kantaria eta Miren Nogales aurkezlea dira. Hiru horiek ostegunetik aurrera ikusi ahalko dira plataforman; ondotik, ostegunero atal bat igoko dute.

Karela ekoiztetxearekin grabatu dute saioa. Aliasek Virginia Maraña izan du gidoilari koordinatzaile. Ana Goitia kazetaria aritu da, berriz, produkzioan.

Anoeta herriko auditoriumean

Saioaren grabaketak Aliasen jaioterrian egin dituzte, Anoetan (Gipuzkoa). Udalari esker, herri horretako auditoriumean telebista plato bat jarri dute saioa grabatzeko. «Niretzat oso erosoa izan da. Gonbidatuak nire herrira etorri dira, eta polita izan da». Itxura aldetik, platoa zaindua dagoela nabarmendu du kazetariak. «Platoa nire egongela bezalakoa da, eta elkarrizketa, pijama festa baten modukoa».

Elkarrizketatu guztiek «zerbait berezia» eman diotela nabarmendu du Aliasek. «Denekin gelditu naiz hunkitua zerbaitengatik. Oso eskuzabalak izan dira, eta erabat ireki dira». Elkarrizketatzaile bezala «oso gustura» sentitzen da kazetaria, eta ohartarazi du saio berrian ez dela mugatuko galderak egitera. «Nik ere gonbidatuekin partekatzen dut neure bizitza. Esaterako, planteatzen dut zerbait gertatu zaidala bizitzan, eta haiek halako egoeretan nola sentitu diren galdetu diet». Badu itxaropena saioaren denboraldi gehiago egiteko.

Primeran plataformak bederatzi saio original berri estreinatuko ditu datozen asteetan —denboraldiko lehena izango da Intimitatean—. Xabin Fernandezek, adibidez, saio berri bat aurkeztuko du hemendik gutxira.

Aliasek berak ETB2ko Esto no es normal arratsaldetako saioa aurkezten jarraituko du denboraldi honetan. «Saioari buelta bat emango diogu, baina esentzia galdu gabe». Bosgarren denboraldia du jada gaztelaniazko programa horrek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.