Neolitoa, Iruñeko Erresuma eta beste ulertzeko gakoak emango ditu Ikusgelak

Ehun bideo berri aireratzeko asmoarekin abiatu du denboraldia Ikusgelak. Euskarazko prentsaren nondik norakoak azaltzen dituen laburpen bideo bat argitaratu dute jada.

Danel Paskualek aurkeztuko ditu historiari buruzko bideoak. IKUSGELA
Danel Paskualek aurkeztuko ditu historiari buruzko bideoak. IKUSGELA
nerea intxausti
2024ko irailaren 19a
05:00
Entzun

Euskarazko bideo pedagogikoen bilduma osatzen hasi zen Ikusgela orain hiru ikasturte, eta horretan jarraitzeko asmoa dute aurten ere. Jada argitaratu dute lehen animazio bideoa, euskarazko prentsaren laburpena biltzen duena. Horrez gainera, Neolitoa, Iruñeko Erresuma, euskal baleazaleak eta Berlingo Harresia ulertzeko gakoak emango dituzte, gaurtik hasita.

Astean bi bideo argitaratuko dituzte Ikusgelaren Youtubeko kanalean, Wikipedian, sare sozialetan eta webgunean. Esaterako, zinemari, antzerkigintzari ala Euskal Pizkundeari buruzko animazio bideoak sortuko dituzte, baita historia lantzen dutenak ere. Udazkenerako, filosofiari eta literatura unibertsalari buruzko bideo sortak iragarri dituzte. 

Ikasturte honetako berritasuna dira historiari buruzko bideoak. Danel Paskualek aurkeztuko ditu, eta bakoitzak 7 eta 10 minutu bitartean iraungo du. Garai historiko bakoitzeko gako nagusiak azalduko ditu Paskualek, «umorez eta tonu freskoan». Bideoen gidoiak Mikel Alvarezek eta Lander Arretxeak egin dituzte, eta ekoizpenaren ardura Bira ekoiztetxeak izan du.

Erronka digitalari buruzko beste bideo multzo bat ere izango da, iragarri dutenez. Horietan algoritmoak, metabertsoa eta beste zenbait kontzeptu azalduko dituzte. Leire Palaciosek aurkeztuko du Badalab-ekin elkarlanean sortutako sail hori.

Euskal kultura, filosofia, ekonomia, literatura, ingurumena eta mundu digitala landu dituzte jada argitaratuta dauzkaten dibulgazio bideoetan, eta antzeko bidea egiteko asmoa dute datorren denboraldian: beste ehun bideo edukiko dituzte argitaratuta ordurako. 

Euskarazko entziklopedia librea «auzolanean» elikatzeko lehiaketa bat antolatu dute. Wikipedian euskal kulturak presentzia hobea izatea dute helburu

Ikusgelako bideoen berri izateko buletin bat abiarazi dute. Hala, urtaro bakoitzean ateratako bideoen berri izango dute erabiltzaileek, posta elektroniko bidez jasoko baitute abisua. Ikusgelaren webgunean egin daiteke harpidetza.

Wikipedia elikatzen

Bideo pedagogikoen bilduma Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak gidatzen du. Bideoak Wikipediako artikuluetan txertatzen dira, eta, hala, narrazioa hornitzen dute. Gaur-gaurkoz, argitaratutako bideoak entziklopedia libreko 408 artikulutan baino gehiagotan ikus daitezke.

Bide beretik, euskarazko entziklopedia librea «auzolanean» elikatzeko lehiaketa bat antolatu dute. Wikipedian euskal kulturak presentzia hobea izatea dute helburu, gai askotako artikulurik ez dagoelako, edo, egonda ere, ez daudelako «bereziki ondo» eginak. Horiek hobetzeko deia egin dute. Lehiaketa martxan dago hilaren 30 arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.