Antton Telleria Lopetegi umorista eta aurkezleak 2021eko apirilean estreinatu zuen Nekatutak ikuskizuna. Stand-up komedia generoa euskaraz, inoiz ikusi ez bezala. Harrera beroa jaso zuen, eta bi urtez aritu zen Euskal Herriko aretoetan eta antzokietan. Umorea eginez Ertzaintzaz, ETAz eta irakasleez. Azken horietako zenbait haserretu egin zitzaizkion, antza denez.
2023ko martxoaren 4an eraman zuen oholtza gainera azken aldiz Nekatutak, eta grabatu egin zuen. Youtuben ere jarri zuen, epe jakin baterako. Eta ikustaldi ugari izan zituen.
Baina zerbait gertatu zen Youtubeko emanaldiarekin.
Nekatutaken youtubeko mobidari dagokionez:
— Antton Telleria (@antton_telleria) January 12, 2024
Bi aste pasa dira ikusteko arazoen berri jaso nuenetik.
Saiatu naiz nire kabuz argitzen.
Ez dut lortu.
Informatikari bat kasua ikertzen ari da.
Hackeo itxura duela esan dit.
Ez dut ezer ulertzen 🤷🏻♂️
Argitu da azkenean misterioa: Herrialde Katalanetako Filmin plataformak erosi du Nekatutak-en grabaketa, eta bertan ikusi ahalko da ostiral goizetik aurrera. Lehen aldia da Filminek euskarazko stand-up emanaldi bat bere katalogoan jartzen duena. Katalanez Magi Garciaren Mitic ikus daiteke.
Primeran plataforman, berriz, duela egun gutxi ekin diote umorezko bakarrizketak eskaintzeari: Altxa komedia izenburupean, hainbat euskal umoristaren bakarrizketak ikus daitezke.