Nazioarteko MIP azoka egiten ari dira Londresen, Cannesko MIP TVren lekukoa hartuta

Ostegunera arte, telebista arloko ehunka profesional elkartuko dira Erresuma Batuko hiriburuan. Han da ETBko ordezkaritza bat ere.

'Song vs Dance' saioa aurkeztu zuten atzo, Londresko MIP telebista azokan. BERRIA
'Song vs Dance' saioa aurkeztu zuten atzo, Londresko MIP telebista azokan. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko otsailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Okzitaniako Cannes hirian egin izan dute MIP TV nazioarteko telebista azoka 1965. urtetik, baina topaketa Londresera eramatea erabaki zuten iaz, eta egunotan ari dira azoka hori egiten, Savoy hotelean —BBCk garai batean egoitza zuen tokian—. Lehen aldiz antolatu dute MIP London, eta herrialde ugaritako telebista ekoizleak eta banatzaileak ari dira parte hartzen. Han da ETBko ordezkaritza bat ere —hainbat bilera egiteko baliatzen ari dira—.

Askotariko formatuak eta saioak ari dira aurkezten Londresko azokan. Kasurako, TV Asashi eta Smart Dog Media ekoiztetxeek Song vs Dance saioa aurkeztu dute. Saio horretan, hainbat artistak kantatu eta dantza egingo dute, bideojoko baten pausoak jarraituta. Iragarri dutenez, «lehia bizia» da, eta amaieran bakarrak irabazten du.

Clare Sillery BBCko dokumentalen zuzendariak eman du azokako lehen hitzaldietako bat, eta nabarmendu du ikusleek jada ez dituztela biografiak, laburpenak edo esplikazioak nahi. «Publikoak konfiantza handiagoa du kaleko jendearekin, erakundeekin baino», adierazi du. Gaineratu du zinemagileek egindako dokumentalek harrera oso ona dutela. Adibidetzat jo du James Bluemel zinemagile irlandarrak zuzendu duen Once Upon a Time In Nothern Ireland. Silleryk azaldu duenez, dokumental hori Ipar Irlandako hainbat ikastetxetan ari dira proiektatzen.

MipFormats Pitch ekitaldia ere egin zuten atzo, Londresen bertan. Hogei herrialdetako formatuak aukeratu dituzte finalistatzat: tartean, Turkiako Easy1000 lehiaketa, Erresuma Batuko The Getaway igarkizun jokoa, Minus Life Hego Koreako factual saioa, Indonesiako Musical Attraction kantarien lehiaketa eta Filipinetako Save Your Cash joko psikologikoa.

Londresko MIP telebista azoka
Londresko MIP telebista azoka, atzo. BERRIA

Fikziozko egitasmoak ere aurkeztu dituzte egunotan. Gaur, adibidez, Paper Empire izeneko telesaila aurkeztuko dute. Kriptodiruarekin lotutako istorio bat kontatzen du, eta, besteak beste hauek dira aktore protagonistak: Robert Davi, Wesley Snipes, Denise Richards eta Kelsey Grammer. Sortzaile eta zuzendaria Robert Gillins da.

Bi nazioarteko ekitaldi Euskal Herrian

Ikus-entzunezko sektorearekin lotutako bi topaketa garrantzitsu egingo dituzte maiatzean Euskal Herrian: Input nazioarteko konferentzia egingo dute EITBko Bilboko egoitzan maiatzaren 3tik 7ra. Telebista kate publikoen bideo ekoizpenak eta hedabide digitalak aurkeztuko dituzte egun horietan Bizkaiko hiriburuan —hirurehun profesionalek baino gehiagok parte hartuko dute—. Iaz, Charlestonen (AEB) egin zuten ekitaldi hori, eta ETBk Porno belaunaldia dokumental saioa aurkeztu zuen.

Donostian, berriz, GEMA Europe Summit & Awards ekitaldia egingo dute maiatzaren 21ean eta 22an. Marketinaren eta entretenimenduaren industrian sormena eta berrikuntza garatzeko nazioarteko bilkura da hori. Honako lau aditu hauen parte hartzea ziurtatu du EITBk: Evan Shapiro (Eshap), Emmanuelle Lacaze (Gedeon Comunications), Marion Ranchet (Streaming Made Easy) eta Maurizio Vitale (AMC Networking Intenational Southern Europe). Maiatzaren 22an, GEMA Europa sariak banatuko dituzte Tabakaleran. Telebista eta streaming arloko lanik berritzaileenak sarituko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.