Naiz irratiko komunitatea saio berezi batean elkartu da

Naiz irratiak denboraldi berria aurkezteko zuzeneko saioa egin du, Donostian. Irratiko esatariak, aurkezleak eta kolaboratzaileak elkartu dira, giro gozoan.

Naiz irratiaren lantaldea, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
Naiz irratiaren lantaldea, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2024ko irailaren 12a
13:00
Entzun

«Denak zentzua hartzen du...», entzun da Gartxoten ahotsean. Kanta bakarreko kontzertua eman du Naiz irratiko estudio nagusian. «Lehen aldia da abestia jendaurrean kantatzen dudana». Abestiaren izenburuaz galdetuta, zera erantzun du: «Oraindik ez du izenik, baina uste dut Tristezia izena jarriko diodala». Triste zerua bazegoen ere, atzo arratsaldean Gara-Naiz egunkariaren eta Naiz irratiaren erredakzioan ez zen tristurarik. Giro alaia eta atsegina nagusitu zen irratiko denboraldi berria aurkezteko emankizunean, Donostian. Bi orduko zuzeneko irratsaioa aurkeztu zuten Ion Telleriak eta Maite Bidartek.

Bi espaziotan banatu zuten emankizuna: batetik, kontzertu akustikoak egiteko propio prestatutako estudioa, Ioar Aizpurua teknikari lanetan ari zela. Han kantatu zuen Gartxotek. Eta Gara-Naiz-eko erredakzioan Telleria edo Bidarte zutik jarria zen, irratiko esatari, aurkezle eta kolaboratzaileak elkarrizketatzen. Bitartean bazen zer edan eta zer jan. Bazen zer entzun. Izan ere, estudioan egiten ziren musika tarteak erredakzioan ere entzun zitezkeen. Foku agentziakoak ari ziren emanaldia bideoan grabatzen, eta bi guneetako irudiak ikus zitzakeen edonork Youtuben ere. Saioa osorik ikus daiteke:

Naiz irratiaren 2024-2025eko denboraldiaren aurkezpena. Emankizuna bideo formatuan, osorik.

Musikaz gozatzeko tarte gehiago izan ziren aurkezpenean. Palestinako egoera izan zuen gogoan kanta batean Iñigo Asensiok, Bigarren Kafea irratsaioko aurkezleak. Gitarra hartu zuen geroago Asensiok, Estitxu Pinatxo laguntzeko. Gramofonoa irratsaioa gidatzen du Pinatxok. Eskaintza oparoa du Naiz irratiak musika saioetan: aurtengo berrikuntzen artean, Lide Hernando Ad libitum saioa egiten hasi da —astearteetan, 19:00etan—, eta Ritxi Aizpuruk Otea lili aurkeztuko du —ostegunetan, 19:00etan—.

Iñigo Asensio kantuan Naiz irratiko programazioaren aurkezpenean.
Iñigo Asensio kantuan, atzo, Naiz irratiko programazioaren aurkezpenean, Donostian. JON URBE / FOKU

Aktualitatea, analisia, kirolak, literatura, zinema, krisi sozioekologikoa, bertsolaritza, bidaiak eta bestelako gaiak izango ditu denboraldi honetan Naiz irratiak. Informazioa eta albistegiak ez dira faltako. Peli Lekuonak eta Sara Iriartek Informazioaren Haria aurkezten dute goizero, 06:00etatik 10:00etara. Analisien mahaietan, zuzendariena da bat: Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak eta Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendariak osatzen dute. Biak atzoko aurkezpen jaitxoan izan ziren, batekin eta bestearekin hizketan. Analisi mahaietan ere beste honako solaskide hauek parte hartzen dute: Begoña Erraztik eta Patxi Zabaletak; kazetarien hainbat mahai ere bada: Ibai Fernandez (Noticias), Maialen Ferreira (Eldiario.es), Iraia Oiarzabal (Gara) eta Iosu Alberdik (BERRIA) osatzen dutena. Bi astelehenez behin, Garbiñe Biurrun, Ekhiñe Atorrasagasti eta Laura Mintegiren txanda izaten da; Gara eta Naiz-eko kazetarien analisi mahai berezia ere izaten da Alaia Sierra, Martxelo Diaz eta Iker Bizkarguenagarekin. Gainera, solaskide jardungo dute denboraldi honetan, besteak beste, Mikel Urdangarinek, Eguzki Urteagak, Maider Galardi F. Agirrek, Ainhoa Etxaidek eta Aritz Otxandianok.

Xabier Abasolo Naiz irratiko garapen koordinatzaileak, bestalde, iragarri zuen lanean ari direla Donostiaz aparteko beste hiriburuetan estudioak jartzeko. Bidartek iragarri zuenez, Bilbotik eginiko magazin bat eta Iruñetik eginiko beste bat estreinatuko dituzte denboraldi honetan.

Era berean, iragarri dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Naiz irratian entzun ahalko dela zuzenean. Kirol zaleak asetzen ere ahaleginduko dira, zuzeneko emankizun gehiago egingo baitituzte.

Ion Telleria Naiz irratiko programazioaren aurkezpenean.
Ion Telleria esataria Gara-Naiz-eko Donostiako erredakzioan, Naiz irratiko programazioaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU

Emankizunaren amaierako partean, DJ lanetan jarri zen Iker Gurrutxaga —MusikHaria saioa gidatzen du, 12:15etik 13:00etara—. Iragarri zuen datozen egunetan Josune Arakistain Süne-ren eta Olatz Salvadorren disko berriek «gogor» joko dutela. Denboraldiak musika arloan ekarriko duenaren iragarpen txiki bat egin zuen.

Amaitzeko, lantalde osoaren argazkia egiteko txanda iritsi zen. Taldearen ilusioa ageri zen haien aurpegietan, bi orduko aurkezpen dibertigarriaren ostean. Gartxotek kantatu bezala, modu horretan «zentzua hartzen du denak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.