Euskal Herriko hondartzetan egingo dute uztaileko astegunetan Naiz irratiko Kosta ala kosta magazina. Etzi hasita, goizero herri batera joango dira Malen Frantzesena, Ion Garate, Iker Gurrutxaga eta Oihana Azkue. Hondartzan izango dira eguraldi ona egiten duenero, eta sorosleekin mintzatuko dira; eguraldi txarra eginez gero, herrietako arkupeak bilatuko dituzte programa egiteko.
Iker Gurrutxaga saioko esatarietako batek azaldu du saioaren formatua «informala» izango dela. «Elkarrizketa arinak egingo ditugu, egunerokotasuneko gaiekin lotuak. Udan beste martxa batean gabiltza denok, eta hori da irratsaioan kontatu nahi duguna». Horretarako, herri bakoitzean ezaguna den edo zer kontatua duen pertsona bat gonbidatuko dute. «Batzuetan serioago jarriko gara, baina saioko giroa umoretsua izatea nahi dugu», iragarri du Gurrutxagak.
Uztailaren 1etik 24ra emango du Naiz irratiak saioa: astelehenetik ostiralera egingo dute, 10:00etatik 12:00etara. «Saio freskoa egin nahi dugu», esan du Gurrutxagak. «Udaren bueltan herri bakoitzean sortzen den giroa gainontzeko txokoetara helarazten saiatuko gara».
Lehiaketa eta sariak
Saioaren egutegia finkatua dute jada. Herri hauetan egingo dute programa: etzi, Ondarroan (Bizkaia); uztailaren 2an, Zumaian (Gipuzkoa); 3an, Sopelan (Bizkaia); 4an, Ziburun (Lapurdi); 5ean, Aiegiko Iratxe kanpinean (Nafarroa); 8an, Getarian (Gipuzkoa); 9an, Hondarribian (Gipuzkoa); 10ean, Armintzan (Bizkaia); 11n, Orion (Gipuzkoa); 12an Plentzia-Gorlizen (Bizkaia); 15ean, Hendaian (Lapurdi); 16an, Donostian; 17an, Deban (Gipuzkoa); 18an, Muskizen (Bizkaia); 19an, Zarautzen (Gipuzkoa); 22an, Mundakako Sukarrietan (Bizkaia); 23an, Mutrikun (Gipuzkoa); eta 24an, Getxon (Bizkaia).
Lehiaketa berezi bat ere jarriko dute martxan Kosta ala kosta saioan. Saririk handiena Senegalerako bidaia bat izango da, bi lagunentzakoa, baina sari gehiago banatuko dituzte: lau argazki kamera, Iratxeko kanpinean (Nafarroa) asteburu bat pasatzeko bidaia, eta beste hainbat.
Gurrutxagak eskatu du adi ibiltzeko Naiz irratiaren sare sozialetako mezuei, han emango baitute irratsaioa egingo duten kokapen zehatza aldiro-aldiro. «Laranjaren irudia daramaten eta Naiz irratiko logoa izango duten bi eguzkitako topatu beharko dituzte herritarrek».
Musikari ere tartea eskainiko diote udako irratsaioan. «Elkarrizketa arteko tarteetan musika entzuteaz gain, udako kantari tartetxo bat zabalduko diogu. Hainbat udatan matraka eman duten kanta ezagunetako batzuk gogora ekarriko ditugu», iragarri du Gurrutxagak.