Euskal Herriko tradizioan jasota dauden ipuinak, mitologia, kondairak eta ahoz aho pasatu diren gertaerak bildu ditu Naiz irratiak Hala Bazan podcastean. Lehen denboraldian, sei ipuin kontalarik hartu dute parte, eta berrogei ipuin bildu dituzte audio eta irudi bidez. Naiz irratiaren webgunean eskura daude, baita Naiz-en Youtubeko kanalean. Spotify plataforman ere entzun daitezke.
Ane Gebara, Dorleta Kortazar, Amaia Elizagoien, Ixabel Agirresarobe, Ander Edo eta Joxemari Karrere dira ipuinak mikro aurrean kontatu dituzten ipuin kontalariak.
Gainera, Naiz irratiaren FMko seinalean ere ari dira emititzen ipuinak: larunbatean eta igandean, 09:30ean.
Lehen denboraldiko ipuinak
Hala Bazan podcasteko ipuinen artean askotarikoak daude: ipuin mitologikoen artean, Tartalo, Galtzagorriak eta Basajaun; kondairen artean, Atxorrotxeko kondaira; Joxe Migel Barandiaranek bildutako Makilakixki eta Hire arima niretzat; Joaquin Jimenezek Araban jasotako Sorginaren ukendua; eta Jean Barbierrek jasotako Azeria eta jaun kapitaina. Aipagarria da, era berean, Jean-François Cerquandek bildutako Zapatariaren alaba bizkorra.
Badira berriki bildutako ipuinak ere. Kasurako, iaz argitaratutako Eskoriatza eta Gatzagako betiko ipuinek laneko batzuk kontatu ditu Dorleta Kortazarrek: Ni Neu Naiz eta Gaba gabekoendako.
Agirresarobek Arrosa sareko Zebrabidea saioan esan du ipuin kontalari bakoitzak bere ukitua ematen diola: «Norberak beti kontatzen du beretik; ipuin kontalariak, kontakizuna egiterakoan, bere bihurtu behar du ipuina».