Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Naiz bada

2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun

Aurreko asteazkenean Naiz irratiaren aurkezpenean izan nintzen. Egia esan, birtualki sartu nintzen estudioetan, zuzenean, Youtuberen bidez, baina bertan izan banintz bezala sentitu nintzen. Denboraldiak dakartzan berritasunak ezagutu nahi nituen, baita esatari batzuei aurpegia jarri ere. Lehenengo inpresioan, bertaratuen gaztetasunean erreparatu nuen. Nork esan zuen irratia zaharren komunikabidea dela? Argi dago ez dela horrela, kasu honetan ez behintzat. Zer nahi duzue esatea, horrek izugarri pozten nau, besteak beste gazteriak haize freskoa ekartzen duelako programazio orokorreko irratiaz ari bagara ere.

Ion Telleriak eta Maite Bidartek gidatu zuten aurkezpen-emanaldian aitortu zutenez, Egin irratia eta Info7 izan zirelako bada gaur Naiz irratia, eta hasierak zailak izan baziren ere (Gara-k kitatu behar izan zuen zorra eta pandemia izan zen tartean), gaur proiektu komunikatibo sendoa da, euskarazkoa, profesionala eta etorkizunari begira dagoena; horren adierazle, adibidez, esandako lantalde gazte eta aldi berean eskarmentu handikoa, ekipamendu berriak eta Euskal Herriko beste hiriburuetan hedatzeko eta estudio gehiago zabaltzeko asmoa.

Irratiaren heldutasuna agerian uzten du eskaintzen duen saio programazioak; izan ere, goizeko seietara aurreratu da Informazioaren haria. Eta heldutasuna esaten dudanean, buruan dut politikaren eta informazioaren zale amorratuentzako formatua ere badela: zerbitzu-informazioa, albisteak, eguneko aktualitatea eta analisi-mahaiak… Gainera, aurreratu dute aktiboan dauden ordezkari politikoen solasaldia egongo dela, eta, nola ez, politikarien elkarrizketek lekua izaten jarraituko dute. Beste kateek, publikoak barne, antzeko edukiak eskaintzen dituzte ordutegi berean, baina ñabardura bat dago horiekiko: munduaren ikuspegi probintzial, autonomiko edo estatala eskaintzen dute haiek, eta Naiz irratian, ordea, nazio ikuspuntutik begiratzen zaio aktualitateari. Eta horrek balio erantsia ematen dio. Hala ere, nik nahiago nuke, bereziki tertulietan, denboraldi berri honetan, gai sozialak erdigunean egotea, eta ez hainbeste alderdien arteko eztabaidak, hau da, eguneroko gaien inguruko analisia, goi-politikari buruzkoa baino.

Berritasunak eta dagoeneko arrakasta handia duten saioak eta atalak, ahots berriak eta betikoak, musika bikaina eta estilo zein gustu askotakoa, bertsoak, fikzioa, futbolaz gainerako kirolak… horietako batzuk podcast bihurtuko direnak. Gauza anitz entzun eta gozatzeko!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.